Nuevos servicios turísticos


02 mai. 17

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren jardun berriak 2017ko Ikuskapen Planaren barruan, turismo-jarduera klandestinoaren aurka

Airbnb plataformarekin izandako bileraren ondoren, indarreko araudia zabaltzeko eta erakundeekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du turismo-plataforma horrek. Gainera, bederatzi zehapen-espediente zabaldu zaizkie erregistroan inskribatu gabeko turismo-etxebizitzei, eta arautu gabeko 16 turismo-apartamentu detektatu dira.



Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak hainbat ekintza gauzatu ditu azkenaldian Nafarroako Foru Komunitateko turismo-sektoreko jarduera klandestinoa desagerrarazteko. Ekintza horien artean, nabarmentzekoak dira Airbnb turismo-plataformarekin izandako bilera Nafarroan legez kanpoko turismo-apartamentuekin dagoen arazoa aztertzeko, martxoan Turismo Erregistroan izandako turismo-apartamentuen alten gorakada, eta hainbat zehapen-espediente ireki izana.

Martxoan, Airbnb turismo-plataformarekin bildu zen Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia Interneten turismo-etxebizitzak Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio zenbakia adierazi gabe iragartzeagatik gaur egun dagoen arazoa aztertzeko. Elkarrizketa horien ondorioz, Airbnb plataformak konpromisoa hartu du turismo-apartamentuen jabe iragartzaileen artean Nafarroako Foru Komunitatean gaur egun indarrean dagoen araudia zabaltzeko eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean aritzeko, bizikidetzarekin eta San Fermin jaiekin lotutako gaien inguruan.

Gogorarazi behar da turismo-apartamentu bat alokatu nahi duen pertsonak alokairua hasi baino lehen aurkeztu beharko duela erantzukizunpeko adierazpen bat apartamentu hori Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, eta haren inskripzio-kodea erakutsi beharko dela egiten den publizitate mota guzti-guztietan. Hori ez egitea arau-haustea da turismo-alorrean, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zehapena jaso ahalko du.

Bestalde, martxoan, Zuzendaritza Nagusiak turismo-sektoreko jarduera klandestinoen aurkako neurrien programa azaldu ondoren, turismo-apartamentuen erantzukizunpeko 47 adierazpen aurkeztu dira Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuak izateko, eta gehikuntza nabarmena da hori aurreko hilabeteekin alderatuz gero. Nabarmentzekoa da iazko hilabete berean horrelako sei establezimendu baino ez zirela inskribatu.

Eskaintza klandestinoa detektatzeko jardunak

Era berean, otsailean onartutako 2017ko Turismoko Ikuskapen Planean programatutako jardunen arabera, 9 zehapen-espediente ireki dira turismo-etxebizitza bat alokatzeagatik dagokion etxebizitza Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egon gabe eta, besteak beste, arautu gabeko 16 turismo-apartamentu detektatu dira euren artean lotura zuten hiru sozietateren izenean. Jardun horiek Nafarroako Zerga Ogasunarekin, Nafarroako Toki Erakundeekin eta Turismo Informazioko Bulegoekin koordinatu dira.

Gainera, maiatzean eta ekainean, denboraldi-aurreko hilabeteetan, horrelako alojamenduen eskaintza handiena dagoen garaian (uda eta San Fermin iritsi aurretik), eskaintza klandestinoa detektatzeko jardunak areagotzea aurreikusten du Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak.

Bestalde, autokarabanak bertan gelditzeko eta aparkatzeko eremuen udal titularrekin ari da elkarlanean Zuzendaritza Nagusia eremu horietan kanpatze-jarduera gertatzea saihesteko, turismo-araudia bete behar baitu gaur egun jarduera horrek. Udal-eskumenekoak dira eremu horiek eta, horrenbestez, udalerriek ordenantza arautzaile bat izan beharko dute eskaintzen duten zerbitzua behar bezala antolatu eta erabiltzeko, baita beren kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak egikaritzeko ere. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak atal bat sortuko du Nafarroako Turismo Atarian, eta atal horretan behar bezala arautu, seinaleztatu eta kontrolatutako bertan gelditzeko eta aparkatzeko eremuak bilduko ditu.

Era berean, urtean zehar, Done Jakue Bidearen arazoa landu eta aztertzeko asmoa du Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak, eskaintza egituratzeko, emandako zerbitzua profesionalizatzeko eta jarduera klandestinoa desagerrarazteko mahai sektorialak sortuta.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak hedapena eta aholkularitza ahalbidetuko du turismo-jarduerak egikaritzeko izapideak betetzeari dagokionez ez ezik, turismoaren alorreko baldintzak betetzeko beharrezkoak diren arau-jardunei dagokienez ere. Dokumentazio hori honako web-esteka honetan aurki daiteke: http://www.turismo.navarra.es/esp/profesionales/