Nuevos servicios turísticos


10 urr. 13

Nafarroako Igantzi herriak opor zentro berri bat izanen du datorren udaberrian

“Irri Sarri Land” gunea, Nafarroako Igantzi herrian, 2014ko Aste Santuan jarriko dute abian landa turismo kontzeptu berritzaile batekin, ostatua, aisia, natura eta abentura elkarturik. Igantziko udal mugapeko lursail batean kokaturik, Bertiz Natur Parketik eta Bertik hurbil, opor zentro horrek hainbat ezaugarritako hiru motako ostatuak izanen ditu -hotela, etxolak eta aterpea-, baita jatetxeak ere, natura erdian kirolaz eta abenturaz gozatzeko askotariko eremuez gain.



Opor gunea familiei eta bisitari taldeei zuzendurik dago, baita talde prestakuntza sustatzeko topaketak bertan egin nahi dituzten enpresei ere. Kirol turismoa eta, beren oporraldia hizkuntza bateko murgilketa jarduerak egiten igarotzen dutenek gero eta gehiago eskatzen dutena, hizkuntza turismoa ere erakarri nahi dituzte. Beste opor aukeretatik bereiziko dituen elementu gisa, beren instalazioak erabiltzeagatik sarrera ordainduko duten bisitariak hartzeko guneak sortuko dira.

Hiru ostatu mota eta sukaldaritza

Irisarri jauregia aitoren etxea da eta XI. eta XII. mendeetan du jatorria. Armarriduna eta lau solairukoa izanik, birgaitu 17 logelako apartamentu hotel bihurtu dute. Eraikinak jantoki panoramikoa, egongela taberna eta enpresentzako bilera aretoa izanen ditu.

Gainera, estetika finlandiarreko 12 etxola izanen ditu opor zentroak, mazela batean zehar harriz eraikirik: bi gela eta sukalde egongela, leihate pareta eta ataripea. Haien aurrean, larrain handi batean, behiak eta ardiak bazkatuko dira. “Albergue Non Stop” ere eginen dute, 46 lagunentzako eraikina, non gelak 4 eta 12 arteko lagunentzat izanen baitira.

Jateari dagokionez, aukera batzuk aurreikusi dituzte gunean, produktu freskoak eta bosgarren gamakoak salduko dituen denda, plater konbinatuak eta ogitartekoak hartzeko kafetegi snack handia eta, hotelean kokaturik, karta izanen duen jatetxea, alegia.

Esperientziak, bizipenak, jarduerak

 “Irri Sarri Land” guneak turismo aktiborako eremu batzuk izanen ditu, natur ingurunearen barnean, bere ostatuetako bezeroez gain egunean zehar erabiltzen ahalko dituzten bisitarientzat ere pentsatuak.

Bizikletetarako eremuak nabarmentzen dira, hala nola mendi bizikletarako lau pistako zirkuitua eta “dirtparka”, bizikletaz egiteko jauzi eta akrobazietarako tokia, bertan proba ofizialak egiteko harmailekin. Eduki tematikoko bidexkak eta “Cannopy” zirkuitu bat -Europako tirolina esparru handienetako bat, 2,5 kilometroko ibilbidearekin- prestatzen ari dira. Lehenengo ibilbide zatian zazpi tirolinaren multzo bat ibiliko da, bakoitzean batez besteko distantzia 250-300 metrokoa izanik. Tarte hori bukatzean, 840 metroko tirolina handiko jauzia egiteko aukera izanen da, zein Espainiako luzeena izanen baita.

Lehengo abere nabe batean, non herri jantokia kokatuko baita, estalpean egiteko jardueretarako ekipamendu batzuk egokitzen ari dira, rokodromoa, jauziak, abenturako instalazioak, pistak eta jostetak milatik gorako metro koadroko esparru batean.