Gastronomía


03 api. 18

Nafarroa, turismoa eta gastronomia uztartzen dituen helmuga

Jadanik errotuta dauden hitzorduak, esate baterako Pintxo Astea eta Erriberako Barazkia Goraipatzeko Jardunaldiak, edo duela gutxi egin den Turismo Gastronomikoaren I. Nazioarteko Biltzarra, Nafarroak gorantz doan turismo-segmentu baten alde egiten duen apustuaren adibideak dira.



Nafarroak, helmuga gastronomiko gisa, baratzeko kalitate goreneko produktuetan eta tradizioa eta goi-sukaldaritza elkartzen jakin izan duen sukaldaritza-apustu batean oinarritutako nortasun propioa du. Nafarroa bisitatzen duenak paisaiaz, kulturaz eta tradizioaz gozatzen du, baita eskaintza gastronomiko egiazko eta kalitate gorenekoaz ere. Izan ere, turismo gastronomikoak esperientzia bikainak eskaintzen baitizkio bisitariari, aukeratutako helmuga turistikoaren bereizgarri diren zaporeez gozatzeko.

Azken urteotan, herrialde eta eskualdeen kultura eta bizimodua ezagutzeko funtsezko elementu bihurtu da gastronomia. Horixe argi eta garbi geratu zen duela aste batzuk Iruñean egin zen Turismo Gastronomikoaren Biltzarrean.

Nafarroan, Barazkia Goraipatzeko Jardunaldiak, Tuteran eta haren Erriberan egiten direnak, Nafarroako udaberriko agenda kultural eta gastronomikoan erabat errotuta daude. Lurrak ematen dituen produktuei balioa ematen dien eta Nafarroako Erriberan dagoen barazki-tradizio handia azaltzen duen ekitaldia da. Nafarroako Erriberan, landatzeko hektarea asko eta bikainak daude, Ebro ibaiaren ertzetan.

Era berean, pintxoaren kultura Nafarroaren nortasun-ezaugarrietako bat da. Horregatik, urtero, astebetez, miniaturako goi-sukaldaritzako azken sormenen berri ematen da.

Barazkia Goraipatzeko Jardunaldiak 

Apirilaren 20tik maiatzaren 1era arte, Tuteran eta Erriberako beste 16 udalerritan Barazkia Goraipatzeko Jardunaldiak egingo dira, aurtengoa XXIV. edizioa izanik. Ebro ibaiaren ertzetan, Mejanan, landatutako produktuek eskaintzen dituzten zapore biziak dastatzeko aukera izango dute bisitariek egun horietan.

Nekazaritza, turismoa, ostalaritza eta kulturak bat egiten dute gastronomia-jai honetan, Nafarroako baratzeko produktuen (adibidez zainzuriak, orburuak, kukuluak eta piperrak) kontsumoa sustatu eta hedatzea helburu izanik; produktu horien kalitateak eta zaporeak Tutera eta Nafarroako Erribera Nafarroako mugetatik haratago ezagutarazi dituzte.

Jardunaldi horietan hainbat elkarte gastronomiko ezagutzeko ibilbideak antolatuko dira, bertako jatetxeetan menu bereziak eskainiko dira, baita barazki-pintxoak, jardunaldi teknikoak, ikastaro eta tailerrak, eta dastatzeak ere. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke: App Fiestas de la Verdura.

Pintxo Astearen XX. urteurrena

Foru Erkidegoko ekitaldi gastronomiko garrantzitsuen artean Nafarroako Pintxo Astea dago, eta martxoaren 2tik 11ra bitarte hogeigarren edizioa egin zen. Nafarroako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteak antolatzen du, eta aurten 68 establezimenduk hartu dute parte. Horietako hiruk gastronomiaren ‘podiumera’ igotzea lortu zuten. Lehen saria ‘Camarón de la Concha’ izeneko pintxoari eman zioten, El Merca’o jatetxekoa; zilarrezko domina Iruñazarra jatetxeak lortu zuen, ‘Rompeolas’ izeneko pintxoarekin; eta hirugarren postuan ‘Cevincho’ izeneko pintxoa geratu zen, La Cocina de Álex Múgica jatetxekoa.

Pintxo Astea, urteek aurrera egin ahala, Nafarroako sukaldaritza-ekitaldi garrantzitsuenen artean kokatu da. Miniaturako sukaldaritzaren milaka zale amorratu erakartzen ditu jai honek, eta tabernetako barratan eta jatetxeetan ere urte osoan goza daiteke sukaldaritza modu hori. Izan ere, edozein garai da egokia Nafarroako pintxoak eta barazkiak dastatzeko.

Gastronomia Biltzarra

Joan zen otsailean, Turismo Gastronomikoaren Nazioarteko Biltzarraren lehen edizioa egin zen Nafarroan, kultura gastronomikoa sukaldaritza, produktua eta lurraldea biltzen dituen balio bereizgarri gisa indartzeko.

Horrela, biltzarrean 200 profesional inguruk hartu zuten parte, eta bertan ondorioztatu zen gastronomia funtsezko baliabidea dela helmugak bereizteko eta haiei balioa emateko. Ildo berean, adierazi zen turismo gastronomikoa berez merkatuko segmentu bihurtu dela, eta ez dela ulertu behar iraganari eusteko modu bat bezala, helmugen etorkizuna sortzeko eta haien benetakotasunari eusteko modu bat bezala baizik.

Biltzarrean, era berean, jasangarritasunean oinarritzen den elikagaien ekoizpen eta kontsumo arduratsua egitea eskatu zen, biodibertsitateari nahiz paisaiei eusten laguntzeko.

Gastronomia, funtsezko elementua Turismoko Plan Estrategikoan

Nafarroako Gobernuak martxoaren 14an 2018-2025 aldirako Turismo Plan Estrategikoa onartu zuen, turismoaren sektorea Foru Erkidegoan larralde-garapenerako eta nazioartera hedatzeko eragile bihurtzeko helburuarekin. Planaren ardatz nagusien artean, turismo gastronomikoak bisitari berriak erakartzeko eragile gisa duen potentziala dago.

Nafarroan, esperientzia gastronomikoak bisitariari aukera ematen dio bertako produktuetan oinarritzen den gastronomiari lotutako bidaia-proposamen erakargarriez gozatzeko, eta era berean lurraldearen interpretazio kulturala eta etnografikoa eta erabilera tradizionalak gaineratzen ditu.