Gastronomía


18 urr. 17

Gastronomia-jaiak asteburu honetan Baztan-Bidasoa eskualdean

Urriaren 21ean, Baztango Arizkun herrian ‘Kirikoketa’ izeneko jaia ospatzen dute sagardoaren omenez. Urriaren 22an, berriz, Berak soroetako produktuei egingo die gorazarre, ‘Lurraren egunean’.



Urriaren 21ean eta 22an jai-giroko asteburua izango dute Beran eta Arizkunen, Nafarroako Baztan-Bidasoa eskualdean, lurraren produktuak eta sagardoa ardatz izango dituen egitarau zabal batekin.

Urriaren 21ean, larunbata, ‘Kirikoketa Eguna’ ospatuko dute Arizkunen, sagardoa egiteko sagarrak jotzeko era tradizionala gogora ekarriz. Ekitaldiei hasiera emateko, 10:45ean Gamioxarreako XVIII. mendeko dolarerainoko paseoa egingo da. Ekitaldietan, musikari, erraldoi eta dantzariek ere parte hartuko dute, sagarrak eramaten dituzten astoekin batera. Behin hara iritsitakoan, ehunka kilo sagar eskuz jotzeko moduari buruzko erakustaldia egingo dute, XVII. mendeko prentsa barrokoan, lehen muztioa lortu arte. Hori guztia, dolareko abestien erritmoan: “Kirikoketa, kirikoketa, kirikoketa, koketa, koketa, sagarra jo dela, sagarra jo dela, sagarra jo dela, jo dela, jo dela".

Herriko kaleak beteko dituzten artisau-postuetan, berriz, Nafarroako sagardoa, taloak, gaztainak eta eskuz egindako produktuak eskainiko zaizkie bertaratzen direnei. 14:00etan herri-bazkariak berriz ere musikari emango dio bidea, eta 21:00etan jaiak jarraipena izango du upategian.

´Lurraren Eguna’ Beran

Hurrengo egunean, urriaren 22an, jaia Berako kaleetara mugituko da ‘Lurraren Eguna’ ospatzeko, Bidasoaren eskualdeko landa-giroko jai nagusietako bat, soroetako produktu tipikoen landa-zaporeari eskainia.

Egitarauari hasiera emateko, 10:00etan elikadura- eta artisautza-azoka izango da, baita barazki-erakusketak, tailerrak eta musika ere, azken hori txistulari eta trikitilarien eskutik. Jarraian, XXXI. Gazta-lehiaketa izango da, eta eguerdian, berriz, XX. Sagardo-lehiaketa. Kalejira batek, banda-musikak eta txarangak eguna girotuko dute, eta 17:00etan herri-kirolen erakustaldia, Nafarroako trontza-txapelketa eta harri-jasotzaileen erakustaldia izango dira.

Ekitaldi gehiago

Horiez gain, Nafarroako agenda turistikoak honako hauek ere eskainiko ditu datozen egunetan: Bianako Gastronomia Astea, urriaren 22ra arte; Tafallako urriko feriak, urriaren 20tik 22ra bitarte; ‘Juan de Anchietaren lau erretaulen ibilbidea’ egiteko aukera, urriaren 21ean; Huarteko Zentroaren 10. urteurrenaren ospakizunak, urriaren 21ean; Aizkolegi Jauregirako bisita gidatuak (urriaren 21a eta 22a) Oieregin; eta Artaizko eliza erromanikoetarako bisita gidatuak, 22an, igandea.