Gastronomía


11 urr. 17

Ehizari buruzko Gastronomia Jardunaldiak Baztan-Bidasoan, 25 urte sukaldaritza bikaina eskaintzen

Aurten 7 astera zabalduko dira, urriaren 12an hasita. Ezinbesteko hitzordua sukaldaritza tradizionalaren zapore benetakoenen zaleentzat.



Ehizari buruzko Gastronomia JardunaldiakNafarroako mendebaldeko Pirinioetako erakargarri nagusietariko bat dira udazkeneko hilabeteetan. Urtero-urtero ospatzen da gastronomia-jai hori Baztan-Bidasoan, eta hogeita bosgarren edizioa betetzen du aurten. Urriaren 12an hasiko da eta azaroaren 30era arte iraungo du.

25 urteurrena ospatzeko, aurten ehizari buruzko gastronomia-jardunaldiak urrira aurreratu dira. Hala, zazpi astez, sukaldaritza onaren zaleek Baztan Ibarreko, Malerrekako, Bortzirietako, Bertizaranako eta Xaretako herrietako hamar jatetxek eskainitako menu bereziak dastatzeko aukera izango dute. Zehazkiago, honako jatetxe hauetara bertara daitezke interesdunak: Aterpe eta Burlada Arantzan, La Villa eta Palacio de Irrisarri Igantzin, Etxalarko Herriko Ostatua Etxalarren, Donamariako Benta Donamarian, Ordoki Arizkunen, Elbeteko ostatua Elbeten, Olari Iruritan, eta Urgain Oronoz Mugairen.
 
Gastronomia-eskaintza zabala aurkituko dute jatetxe horietan guztietan, menu gozo-gozoak ehiza-produktuetan (oreina, usoa, orkatza, basahatea, eperra edo basurdea) oinarrituak eta askotariko moduetara prestatuak. Jakina, garaiko onddoak, Portoko saltsak eta sagar-kurruskariak ezin faltako dira menu horietan. Herriko errezetak izaten dira, goi mailako sukaldaritzarekin bat eginik, ahosabai guztiek gozamena hartzeko modukoak eta sakela guztietara egokituak.

Argazki Lehiaketa eta bisitaldi gidatuak

Baztan-Bidasoa Turismoak antolatutako Ehizari buruzko Gastronomia Jardunaldiekin batera, erakunde horrek argazki-lehiaketaren hirugarren edizioa jarri du abian. Parte hartu nahi dutenek mahaian dastatu beharreko plateretako edozeinen argazkia egin behar dute, eta jarraian irudiak info@baztan-bidasoa.com webgunera bidali. Irabazleak bi pertsonentzako bazkaria izango du sari, datorren urtean dastatzekoa, eta gainera, haren argazkia 2018ko jardunaldiko karteletan jarriko da erakusgai.

Eskualdeko eskaintza turistikoaren osagarri, Etxalarko usategietarako bisitaldi gidatuak antolatzen dira, usoak sareen laguntzarekin ehizatzeko ehun urtetik gorako tradizio hori nola gorde den bertatik bertara ikusteko. Ehiza modalitate horren jatorriaren eta haren sekretu eta metodoen berri ere ematen da bisitaldietan.

Dorre handiak dira usategiak, eta bertan ezkutatutako ehiztariek paletak jaurtitzen dituzte paseko usoak sareetarako bidean jartzeko. Etxalarren eta Frantziako Sara herriaren artean daude, Iarmendi mendiaren hegalean.