Gastronomía


26 ira. 17

Udazkena Nafarroara itzuli da, lurreko produktuei eta antzinako tradizioei gorazarre eginez

Urriaren 7ko eta 8ko asteburuko agenda beterik dator, Lodosan, Arbizun, Cintruénigon, Ezkarozen, Etxalarren eta Eulaten ekitaldiak izango baitira. Urriaren 7ko eta 8ko asteburuan, Nafarroan askotariko ekitaldi ugari antolatuko dira, hainbat produktu gastronomiko, lanbide edo jairen omenez.



Produktu tipikoak dastatu nahi dituztenek hainbat ekitaldi izango dituzte aukeran. Urriaren 7an, Lodosan, bertako produktu preziatuena den Pikillo Piperraren Eguna ospatuko da. Nafarroako baratzeko ‘urre gorriaren’ omenezko egunean hainbat ekitaldi antolatuko dira: janari-postuak, pintxo- eta ardo-dastaketak, eta lehiaketa tradizionalak, piperrak hariztatzekoa adibidez. Gainera, Pikilloaren Azokan, Jatorri Deituraren barruan sartutako bertako kontserbagileek erakustokiak jarriko dituzte, piperren erretoki eta saltoki bat izango da, eta haurrek jolasgune zabalean ikasteko aukera izango dute, jatorri-deituren munduari lotutako tailerren eskutik.

Urriaren 8an Arbizun Txistor Eguna ospatuko da, herriari hain ospe handia eman dion hestebete gozo horren omenez. Txorizoaren antzekoa da baina luzexkagoa eta meheagoa, txerriki txikituz eta maneatuz egina. Egunean zehar, txistorra egiteko modu tradizionala ikasteko aukera izango dute bisitariek, baita bestelako txerrikiak egitekoa ere; gainera, artisauen azoka animatua eta pintxo lehiaketa izango dituzte gozagarri, bertako fanfarreak eta Nafarroako trikitilari-eskolek girotuta. Eta, jakina, produktu tipiko hori dastatzeko aukera ere izango dute.

 

Asteburu osoan Nafarroako janarien dastaketa handi batekin gozatu nahi dutenentzat, Cintruénigok Nafarroako Gastronomiaren Festara gonbidatzen zaituzte, urriaren 7an eta 8an. Nafarroako hainbat produktu dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, hala nola txistorra, baratxuri-ogi txigortua, potxak, Nafarroako txahalki errea, perretxikoak, eta, jakina, ardoa. Beste hainbat ekitaldi ere izango dira, hala nola nekazaritzako elikagaien azoka, upeltegietara bisitak, pintxo-ibilbidea, garagardo-festa edo patata-tortillen lehiaketa.

Ongi sustraitutako tradizioak

Urriaren 7an, Ezkarozek, Pirinioetako Zaraitzu ibarrean kokatutako herriak, urte-sasoi berriari ongietorri berezia egingo dio Udazkeneko festaren eskutik. Perretxikoak izango dira protagonista nagusiak, eta mikologia- eta mendi-ibilaldiak antolatuko dira, baita artzain-apurren eta perretxikoz egindako eltzekari eta paellen lehiaketak, erakusketak, hitzaldiak eta dantzak ere.

Urriaren 8an, berriz, tradizio handiko bi ekitaldi ospatuko dira: Etxalarko Usategien Eguna eta Ameskoako Artzainaren Eguna, Eulaten.

Udazkena iristean, urrian eta azaroan, uso saldo handiak hegan ibiltzen dira Pirinioetako zeruan, eta, horrekin batera, Etxalarrera ehiza itzultzen da. Goizean ospakizun nagusia izaten da, jendea usategien inguruan bildu ondoren. Bertako haritz eta pagoen artean ezkutatuta daude usategi horiek, eta sare bidezko ehiza-sistema berezia erakusten da. Arratsaldean, dibertsioa Etxalarko kaleetara helduko da; bertan dantzaldia, uso bizien zozketa tradizionala eta beste opari batzuk izango dira.

Bestetik, Eulaten, Urbasa-Andia Parke Naturala zelatan duela, milaka urte dituen Ameskoa ibarrak artzaintzaren antzinako tradizioari egiten dio gorazarre, hots, garai berrietara egokitzen asmatu duen jarduera horri, gazta bikaina eskaintzen jarrai dezan. Artzai Eguna aukera bikaina da gazta dastatu eta egun horretan antolatzen diren ekitaldietan parte hartzeko: ibarreko produktuekin (harria, gazta, ogia, gozogintza, eta abar) egiten den azoka, edo erakusketak. Ardiak nola mozten duten ere erakutsiko da, baita artilea nola kardatu eta gazta nola egin ere.