Gastronomía


19 ira. 17

Sakon errotutako produktuak dastatuz iraganera bueltan garamatzaten jai eta tradizioak

Irailaren 24an hitzordu gastronomikoak izango dira Uxuen, Lekunberrin eta Lergan, iraganeko lanbide eta zereginen omenez antolatutako jaietan. Gaztak, artzain-apurrak, sagardoa eta ardoa izango dira ekitaldietako protagonistak.



Irailaren 24an, igandea, sakon errotutako tradizioz beteriko eguna biziko du Nafarroak, hainbat produktu gastronomiko tipiko eta guzti, hala nola Uxueko artzain-apurrak, Lekunberriko sagardoa eta Lergako ardoa. Zapore-nahasketa bikaina beraz, Foru Komunitatean dasta daitezkeen askotariko produktu gastronomiko tradizionalen erakusgarri ezin hobea.

Uxuen artzain-apurrak dira protagonistak, artzainek ardi-gantzez, baratxuriz, urez, gatzez eta ogi zaharrez eginiko jaki gozoa. Hala, Uxueko Artzain-apurren egunean, artzainen artean eta Nafarroako gastronomian tradizio handia duen plater horren dastaketa da eguneko ekitaldi nagusia.

Gainera, Uxuera bertaratzen direnek beste produktu tipiko batzuk dastatzeko eta bide batez lanbidearen nondik norakoak ezagutzeko aukera ere izango dute, artzain-merkatuaren eta artisau eta lanbide zaharren erakusketaren eskutik.

Sagardogintza eta mahats-biltzea

Nafarroako sagardoak eta ardoek ere tradizio handia dute, eta irailean hasten dira horiek egiteko lanak.

Hala, irailean sagarrak heldu eta berehala hasten da sagardoa egiteko prozesua. Amaitu, urtarrilean amaitzen da, denboraldi berriaren hasierarekin, eta Lekunberriko Sagardo Egunean hainbat ospakizun antolatzen dira horren harira, besteak beste nekazaritza-elikagaien eta artisauen azoka handia. Gainera, sagar barietate ugari erakusten dira, sagardoa dastatzeko aukera izaten da noski, eta Kirikoketa erakustaldia antolatzen da, sagarrak artisau erara nola zapaltzen diren erakusteko.

Lerga, berriz, ardo-tradizio handiko herria da. Nafarroako Erdialdean dago, Zangozatik oso gertu, eta Mendialde Behereko ardoak azpiko izendapenaren jabe da. Irailaren 24an, Lergako mahats-biltzearen eguna ospatzen dute.

Mahats-biltzearen festa mahats-zapaltze tradizionalarekin abiatzen da, eta urteko lehen muztioa edaten da gero. Gainera, egun guztian antzerki-animazioa eta musika izaten da kalean, baita artisauen tailerrak eta azoka ere.