Gastronomía


15 ira. 17

Gastronomia eta herrietako jaiak Nafarroako hitzordu nagusienen artean iraila amaitu arte

Lodosako Pikilloaren Egunak, Zarrakazteluko Transhumantzia eta Sanmigueladaren Egunak, Cortesko Makildantzak eta Orbaibar eta Aezkoa Ibarretako egunek agenda erakargarria eskaintzen diote bisitariari.



Iraila amaitzeko, Nafarroak askotariko ekitaldi gastronomikoak eskaintzen ditu bertako produktuak aurkezteko, Lodosako pikilloa esaterako, baita jai herrikoi xarmangarriak ere, hala nola Transhumantziaren Eguna Zarrakaztelun, Makildantza Cortesen edo Orbaibar eta Aezkoa Ibarretako egunak.

Irailaren 16an Lodosak Pikilloaren Eguna ospatzen du, piperra, bere izar-produktua, balioan jartzeko.  Nafarroako Jatorri Deituraren babesean, Nafarroako gastronomiaren ‘urre gorriak’, naturalean zein kontserban, ahozuri zorrotzenak betetzen ditu. Pikillo Piperra erraz asko bereizten da, tamaina txikiarengatik, punta bat zorrotza eta kurbatu samarra duen triangelu-formarengatik, testura finagatik, eta, jakina, kolore gorriarengatik.

Pikilloaren Egunean bertan Lodosan beste ospakizun bat ere badago: Sokadun zezena. Goizez eta arratsaldez ospatzen da XIX. mendetik datorren tradizio hori. Zezen mardul bat korrika bizian doa herriko kaleetan barrena, adarretatik heltzen dion soka askatzen ahalegintzen den bitartean. Zezena korrikalariei oldartzea saihesten dute zenbait gaztek, soka trebezia handiz maneiatuz.

Iruñetik gertu, zazpi udalerrik Orbaibarko Eguna ospatzen dute irailaren 16an eta 17an, musikaz eta eremuko artisautzaz eta gastronomiaz betetako anaitasun-jaia antolatuz. Barasoain, Garinoain, Leoz, Oloriz, Orisoain, Puiu eta Untzue dira udalerri horiek, guztiak ere ibar lasai horretan kokatuak.

Orbaibar paisaia-interes handiko gune batean dago, harribitxi erromanikoz zipriztindua, esaterako, San Pedro ad Vincula eta Katalaingo Kristoren baselizak, Iratxetako garaia eta Orisaingo Elizako Kripta. 

Nafarroako ipar-ekialdean, berriz, Pirinioetako Garaioa, Aribe, Garralda, Aria, Hiriberri, Orbara, Orbaizeta, Abaurregaina eta Abaurrepea herriek Aezkoa Ibarraren Eguna ospatzen dute irailaren 17an, musikarekin, erakusketekin eta herri-bazkari batekin. Gainera, herritarrek Aezkoako jantzi tipikoa daramate egun horretan, ezbairik gabe bisitariei atentzioa emango diena sakanez eta mendiz betetako paisaiarekin eta Pirinioetako bista zoragarriekin batera.

Nafarroako erdialdean jada, Zarrakazteluk Transhumantziaren Eguna ospatzen du irailaren 17an. Nafarroako arkume-, ardo- eta gazta-dastaketak antolatzen dituzte, baita bizikleta-ibilaldiak eta artzain-gaiei buruzko aire zabaleko pintura-lehiaketak ere. Hori guztia irailaren 18an izaten den Sanmigueladaren  atarian: Pirinioetako Erronkari eta Zaraitzu ibarretatik Errege Bardeako Natur Parkera bazka bila datozen milaka ardi El Paso izeneko eremura iristen dira artzainekin batera. Erdi Arotik errepikatzen den erritu horrek milaka bisitari erakartzen ditu urtero-urtero. Eta noski, egun osoan artzain-apurrak, txistorra eta ardoa dastatzeko aukera ere badago.

Irailaren 29an, San Migel egunean, Nafarroako aisia- eta kultura-agendak Erribera aldera eramaten ditu bisitariak, zehazkiago Cortes herrira, Makildantza tradizionala ikustera. Dantzariak kaletan gora eta behera dabiltza musikaren erritmoan dantzatuz eta makilak joz.

Arratsaldean antzezpena izaten da (‘los Dichos y los Diálogos’). Dichos izenekoak Ongiaren eta Gaizkiaren inguruko bertso finkoak dira. Diálogos bertsoetan, aldiz, Cortesen urtean zehar gertatutako pasadizoak biltzen dira. Dantzak makilak dituztenek egiten dituzte, eta bertsoak, berriz, honako hauek: Mayoralak, Rabadanak, Aingeruak eta Deabruak.