Gastronomía


01 ira. 17

Nafarroako hainbat helmugatako erakundeek Nafarroako Ardoen Ibilbidea bisitatu dute

Nafarroako Ardoen Ibilbidea, Nafarroa Jatorrizko Deitura osora zabaltzeko lanean. Beste partzuergo eta elkarte turistiko batzuetako eta Nafarroako Gobernuko teknikariek Nafarroako Ardoen Ibilbideko establezimenduak bisitatu dituzte.



Abuztuaren 23an, asteazkena, Nafarroako Ardoen Ibilbideko parte izan nahi duten erakundeetako teknikariek ibilbideko establezimenduak bisitatu zituzten, protagonisten eskutik kalitatezko produktu turistiko horren berri izateko eta ibilbide horretan sartu nahi duten erakundeen artean aliantzak sortzeko.

Nafarroako Ardoen Ibilbidea Espainiako Ardoen Ibilbideak izeneko produktuaren Klubeko kide da, eta ACEVIN Ardoaren Hirien Espainiako Elkarteak sustatzen du produktu turistiko hori Turismoko Estatu Idazkaritzaren babesarekin, turismoa egiteko beste modu bat eskaintzeko eta lurraldea sustatzeko, ardoa lurralde bakoitzaren gastronomiaren, tradizioen eta sentitzeko moduaren adierazgarri dela aldarrikatuz.

Hasiera-hasieratik, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoak sustatu eta kudeatu du Nafarroako Ardoen Ibilbidea, eta Nafarroako Gobernuko Turismoko Zuzendaritza Nagusiak ere babestu du. Gaur egun, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren lurralde-eremuari atxikitako produktu turistikoa da, eta turistek Ibilbideko kide guztietan barrena egin dezakete bidaia, Ibilbidean bildutako udalerri guztien paisaiaren edertasunaz eta kultura- eta historia-aniztasunaz gozatuz.

Iaztik, Nafarroako Gobernuaren Turismoko Zuzendaritza Nagusiaren gidaritzapean eta Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Erregulatzailearen babesarekin, Ardoen Ibilbidea Jatorrizko Deituraren eremu geografiko osora zabaltzeko lanean ari gara. Bisitaldi teknikoa zabaltze-prozesu horretan kokatu zen, eta honako hauek bertaratu ziren: Estefanía Munárriz, Turismoko Zuzendaritza Nagusiaren aldetik, Belén Sánchez, EDER Partzuergoko kidea; Charo Apesteguía eta Ángel Luis González, Irantzuko Lurrak Elkarteko kideak; Oihane Tejada, Xabierren Lurrak Partzuergoko kidea; eta María Amatriain, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren aldetik.

Egunari hasiera emateko, Lakoak Etxea bisitatu genuen, Garinoainen. Etxean, 136 m2-ko upeltegia berreskuratu dute, eta haren arku eta gangek etxeari izena ematen dion lakoari eusten diote. Bertan, Sandrak eta Javier Intxustak lanean bikain dihardutela erakutsi ziguten. Jarraian, Piedemonte upeltegia ikusi genuen, Erriberrin, eta bertako taldearen jardun dinamiko eta berritzailea bertatik bertara ezagutzeko eta ale txikiko moskatelak dastatzeko aukera izan genuen. Ondoren, Erriberrin bertan, Ardoaren Museoa bisitatu genuen, eta Katrin Setuainek hartu gintuen, museoa kudeatzen duen Guiarte SL enpresako bazkideetako batek. Nafarroako ardoa bost zentzumenez ulertzeko egokia da zentroa, Erakusketa Zentro hori osatzen duten lau solairuetako bakoitzak ardoarekin lotutako gai bat jorratzen duelako. Casa Zanito jatetxean amaitu genuen bisitaldia, eta Conchi Sánchezek artatu gintuen, Erdialdeko erreferentzia den jatetxe-hotel ospetsu horren kudeatzaileak.

Hurrengo hitzordua Erriberrin izango da, irailaren 3an, igandea, Nafarroako Mahats-bilketaren Festan. Ardoaren Kofradiak antolatutako festa da, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoarekin eta beste zenbait erakunderekin batera.