Gastronomía


31 mai. 17

San Martin Unxeko gastronomia eta kultura ‘Ardo Gorriaren Egunean’ eta ‘Gasna Feria’ zaporetsua Etxalarren

Programaren barruan (ekainaren 2tik 4ra), ardo-dastaketak, uztartze-afaria (azalpenekin), upategietarako eta Toursko San Martin elizako kripta erromanikorako bisitaldi gidatuak eta txistor-jatea eskainiko dira. Gainera, Alex Mugica sukaldariak ohorezko topa egingo du. Ekainaren 4an, igandea, Etxalarrek omenaldia egingo dio bertako produkturik ospetsuenari ‘Gasna Ferian’, eta Bortzirietako gaztarik onenaren saria emango du.



Ekainari hasiera emateko, Nafarroan omenaldia egingo zaie bertako bi produktu ospetsuri, hau da, ardo gorriari (San Martin Unxeko ‘Ardo Gorriaren Egunean’) eta gaztari (Etxalarko ‘Gasna Ferian’).

San Martin Unx ardo bikainen sorlekua da, eta ‘Ardo Gorriaren XIX. Eguna’ ospatuko du ekainaren lehen asteburuan, hilaren 2tik 4ra bitarte. Egun horietan, udalerrian hain bereizgarria den ardo gorriarekin batera, bertako lau upategietako ardo beltzak eta zuriak izango dira protagonista. Programako jarduerarik estimatuenak ardo-dastaketak dira (hastapen-ikastaro bat eskaintzen da, bisitariak fruta-gustuko edarira hurbiltzeko), txistor-jatea ahaztu gabe.

Aurtengo edizioan, Alex Mugica sukaldari nafarrak egingo du jaiko ohorezko topa ekainaren 4an, igandea. Igandean egingo dira, halaber, jarduera gehienak. Berritasun modura, ekainaren 2an, ostirala, ‘Afaria ardo gorritan/La cena en rosa’ egingo da, hau da, uztartze-afari bat, herriko ardo gorriekin eta Pilar García Granero eta Koro Santos González adituen azalpenekin.

‘Ardo Gorriaren Eguna’, gainera, aukera aproposa da bisitaldi gidatuen bidez Nafarroako herri honen bigarren harribitxia ezagutzeko: Toursko San Martin elizako kripta erromanikoa. Nafarroako ederrenetako bat eta hobekien kontserbatuenetako bat da, Nafarroako Erromanikoaren Ibilbidean sartuta dago, eta paisaia zoragarriak eskaintzen ditu. Halaber, udalerriko upategiak irekiko dira, bisitariek bertako ardo ospetsuak lantzeko prozesua ezagut dezaten.

San Martin Unx Nafarroako Erdialdean kokatuta dago, Iruñetik 45 kilometrora. Nekazaritza-herria da, eta Erdi Aroko kaleak, kapareen etxeak, harresi baten zatiak eta erromatarren garaiko harresi baten aztarnak biltzen ditu.

Etxalarrek Bortzirietako gaztarik onena aukeratuko du

Ekainaren 4an, igandea, Bortzirietako gaztarik onenaren saria emango da Etxalarren. Baztango eskualde horrek Etxalar, Igantzi, Arantza, Lesaka eta Bera herriak biltzen ditu. Nolanahi ere, ‘Gasna Ferian’, lehiaketaz gain, Nafarroako gastronomia bikaina izango da protagonista, ‘III. Postre Lehiaketarekin’ eta postre horiek eta lehiaketan aurkeztutako gaztak dastatzeko herri-bazkariarekin. Gainera, artisautza-produktuen erakusketa eta salmenta, artile-mozketako erakusketa eta trikitilari-kontzertu bat izango dute ikusgai bisitariek, besteak beste.

Etxalar Pirinioetako hiribildu bat da, eta mendiez eta zelai berdez inguratuta dago. Bertako herri-arkitektura interesgarri eta zainduak herriak edertu eta hobetzeko Turismoko Sari Nazionala jaso du. Gainera, bertako mendietan dauden usategiak –XV. mendeko ehiza mota bat egiteko dorre garai batzuk– oso ospetsuak dira, eta udazkenean erabiltzen dira bete-betean. Bestalde, Jasokundearen elizako antzinako hilerrian disko-formako hilarriak (XVII. mendeaz geroztik harrian landutako hilobi-monumentuak) ikus daitezke.