Gastronomía


18 api. 17

Tuterak omenaldia egiten die bere barazkiei

Apirilaren 21etik maiatzaren 1era arte, Erriberako gastronomia goretsiko dute Barazkiak Goratzeko Jardunaldiek. Andosillak, Mendabiak eta Deikazteluk errelebua hartuko dute apirilaren amaiera-aldera, Nafarroaren zaporeak sustatuko dituzten eskaintza gastronomiko gehiagorekin.



Nafarroako Erribera prest dago bere produktu ezagunenei omenaldia egiteko: barazkiak. Eskualdeko hiriburua dotore agertuko da inguruko gastronomia goratzeko, tradizio handieneko ekitaldietako batean, hots, Barazkiak Goratzeko Tuterako XIII. Jardunaldietan.

Apirilaren 21etik maiatzaren 1era arte 150 jarduera baino gehiago izango dira Tuteran eta Nafarroako Erriberan baratzeko eta landako produktuen kontsumoa eta laborantza sustatu eta zabaltzeko. Apirilaren 21ean (ostirala), jaiei hasiera ematen dien suziriak hasiera emango die, halaber, ekitaldiz betetako 11 eguni, eta ekitaldi horien artean nabarmentzekoak dira dastatzeak, barazki-menestren, eltzekarien edo gisatuen ohiko lehiaketak, nagusi eta txikientzako sukaldaritza-tailerrak, probatzeak, edo produktu naturaletan aberatsa den dietaren onuren inguruko hitzaldi eta mahai-inguruak.

Horretaz gain, Volatín Ordenak eta Tuterako Udalak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako jardunaldietan gidatutako bisitak egin ahal izango dira Tuterako monumentu artistiko nagusietara: katedrala eta klaustroa, Magdalena Eliza, Monreal Dorrea, San Adrian Jauregia eta Almirante Etxea. Gainera, programak beste hainbat ekitaldi ere biltzen ditu, adibidez, kontzertu eta musika-ekitaldiak, pilota-txapelketak, simulatutako entzierroak eta herri-bazkariak, jende guztiarentzako irekita dauden beste hainbat jardueren artean.

Nafarroako Erriberaklanda-alojamendu eskaintza osoa eskaintzen die lurralde honek eskaintzen dituen zaporeak dastatzera animatzen direnei.  Horrela, hurbilean dauden Valtierrako eta Arguedasko herrietako haitzulo-etxebizitzen xarma aurkituko dute; baliabide ekonomiko gutxien zituzten bertako biztanleek zulatu zituzten bizitegi horiek XIX. mendeko amaiera-aldera eta bertan bizi izan ziren joan den mendeko 60ko hamarkadara arte. Gaur egun, haitzulo horietako batzuk alojamendu turistiko bihurtu dira eta esperientzia desberdin batez gozatzeko aukera eskaintzen diete bisitariei, naturarekin eta landa-giroarekin etengabeko kontaktuan, erabat bioklimatikoak diren etxebizitzetan.

Andosillak, Mendabiak eta Deikazteluk errelebua hartzen dute

Beste hainbat udalerrik ere datozen egunetan hainbat jarduera antolatzen dituzte Nafarroako zaporeak sustatzeko. Andosillak ere apirilaren 30ean bere Jardunaldi Gastronomikoa ospatzen du, eta bertako produktu tipiko fresko nahiz landuak eskaintzen ditu, zainzuri, orburu, txistorra, pikillo-piper, perretxiko edo ardo dastatzeak eginez.

Maiatzean zainzuriak dira protragonista nagusi, bi udalerritan antolatutako jarduerekin. Maiatzaren 14an, Mendabian egingo den Nafarroako Zainzuriaren Kofradiaren Kapituluak foru-komunitateko produktu ospetsuenetako bat balioan jarriko du.
Dastatzeez gain, jardunaldiaren ekitaldi nagusia kofrade berrien tronurapena izango da, eta zainzuriaren propietateak goraipatzeko promesa egingo dute.

Barazki hau ere oso preziatua da Deikazteluko udalerrian, non datorren maiatzaren 21ean Zainzuriaren Eguna ospatuko duten, kalitaterik handiena eta itxurarik onena duten zainzuriak sarituz eta ondoren herri-dastatzea eginez; horretarako, Nafarroako urre zuriko ehunka kilo banatzen dira bisitarien gozamenerako.