Gastronomía


30 mar. 17

Tradiziorik handiena duen gastronomia-festak hartuko du Nafarroa hamar egunez

Nafarroako XIX. Pintxo Astea martxoaren 31tik apirilaren 9ra arte ospatuko da Foru Erkidegoko 12 udalerritan, 77 establezimenduk parte hartuz.



Urtero bezala, udaberriarekin batera eskala txikiko gastronomiarik onenaren txanda iristen da. Martxoaren 31tik apirilaren 9ra arte, Nafarroako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteak antolatzen duen Nafarroako XIX. Pintxo Asteak Nafarroako ostalarien proposamenez gozatzeko prest dauden Estatu osoko eta atzerriko milaka eta milaka lagun erakarriko ditu.

Lurraldeko produktu bikainak protagonista izango dira Nafarroako sukaldaritzako eta gizarte-mailako ekitaldi garrantzitsuenetako batean, izan ere, gastronomiaren esparruko tradiziorik handieneko ekitaldietako bat baita. Nafarroako baratzeko barazkiak, bertako perretxikoak, gaztak edota haragiak miniaturazko gutizia bihurtzen dira eta ekitaldiak irauten duen hamar egunetan ostalaritza-establezimenduen barrak janzten dituzte.

Nafarroako Pintxo Astean, Estatu Batuetako argitalpen batean ere aipatu dutena, “gastronomia-festarik handiena Nafarroako probintzian, Espainiako iparraldean” adieraziz, aurten 77 establezimenduk hartuko dute parte. Parte-hartzaile gehienak Iruñekoak badira ere, pintxoak beste hainbat udalerritara ere iristen dira, hala nola: Barañain, Zizur Nagusia, Gorraiz, Huarte, Noain, Gares, Tafalla, Erriberri, Corella, Villafranca eta Tutera.

Establezimendu horietako % 44k zeliakoentzako egokiak diren pintxoak eskaintzen dituzte, iaz baino % 10 gehiago, eta pintxo bakoitzaren prezioak berdin jarraitzen du: 2,50 euro. Bisitariek euren ibilbide propioak sortu ahal izango dituzte Ostalaritza Elkarteak egindako gidari esker; gida horretan establezimenduak eta lehian parte hartuko duten pintxoen izena zerrendatzen dira, eta tabernak geografia-hurbiltasunaren arabera daude jarrita. Horrez gain, iOS eta Androiderako APP mugikor batek parte hartzen duten establezimenduei eta euren geolokalizazioari buruzko informazio guztia eskaintzen du.

Showcooking’ eta hiru epaimahai irabazleak hautatzeko

Urtero bezala, Nafarroako Ostalaritzako Enpresaburuen Elkarteak Urrezko, Zilarrezko eta Brontzeko Sariak eta Marco Real Maridajea Saria entregatuko ditu, baita beste sari batzuk ere, eta sare sozialetan lehiaketa bat egongo da Pintxo Astera bertaratzen direnentzat.

Bigarren urtez, lehiaketa ‘showcooking’ formatuarekin egingo da, eta epaimahaian lehen fase batean Gazteleku Gastronomia Elkarteko hiru kide eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide bat egongo dira. Lehen sailkapen horrek finalerdira pasako diren 22 pintxoak aukeratuko ditu.

Ondoren, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko bost sukaldari profesionalez osatutako bigarren epaimahai batek zortzi finalistak aukeratuko ditu. Sari nagusiak Nafarroa, Bizkaia, Errioxa, Gipuzkoa eta Arabako beste bost sukaldari profesionalez osatutako hirugarren epaimahai batek emango ditu.

Nafarroako Pintxo Asteak Foru Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuaren lankidetza izan du, lurraldera bisitariak erakartzeko ekimen publiko eta pribatuei hainbat diru-laguntza ematen baitizkie.