Gastronomía


28 ots. 17

‘Txotx’aren inguruan elkartzeko unea Nafarroako sagardotegietan

Nafarroako sagardo-denboraldia une gorenean dago. Urtarrilaren erdialdetik aurrera irekitzen dira upelak maiatzaren amaierara arte sagarraren zuku onenak dastatzeko, menu gozo batekin batera.




Txorizoak sagardotan, bakailao-tortilla, behi-txuletoi zaporetsua parrillan eta gazta-platerkada eder bat irasagarrarekin, intxaur-saski batekin batera. Horixe da, funtsean, Nafarroako sagardotegi guztietan maiatzera arte dastatu ahalko den menu tradizionalaren oinarria, bakailao-trontzoa piper berdeekin osagarri gisa duela. Hori guztia, ezinbestean, nahi besteko sagardo apartsuaren laguntzarekin, sagar onenetatik ateratako sagardoarekin, alegia.

Nafarroan bost dira ziklo osoa lantzen duten sagardotegiak: sagarren hazkuntzaren ondoren sagardoa produzitzea, sagardo hori upeletan biltegiratzea eta, azkenik, botilaratzea. Honako sagardotegi hauek dira: Larraldea Lekarozen, Linddurren Borda Lesakan, Behetxonea Berueten, Toki-Alai Lekunberrin eta Martitxonea Aldatzen. Sagardotegi horiekin batera, beste hogeita hamar establezimenduk ere menu tradizionala eskaintzen dute.

Plan paregabea familiarekin zein lagunekin gozatzeko, betiere upel baten inguruan elkartuta ‘txotx’ oihua entzuterakoan, upeletik edalontzira doan sagardoaren zuloa estaltzen duen zurezko makiltxoari erreferentzia egiten dion oihua. Euskal abesti ezagun batek dioenez, sagardoaren hotela da upela (‘Kupela, kupela sagardoaren hotela’). Ongi jatea eta ongi edatea gogoko dutenen txanda da, giro ederraz gozatzen duten bitartean.