Fiestas y tradiciones


26 urt. 18

Inauteria hartzeko prest dago Nafarroa, eta erritual magikoekin eta antzinako pertsonaiekin beteko ditu bere herriak

Nafarroako garai magikoenetako bat da Inauteria. Lurraldeko geografia luze-zabal osoan, dozenaka herrik antzinako erritoak hartzen dituzte berriz ere, beren kaleak magiaz, kolorez eta tradizioz beteta, eta beren ohitura errotuenak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen diote bisitariari.



Urtarrileko azken asteburuan zenbait herrik aurrea hartzen diote Garizuma hasi aurretiko (otsailaren 14a) jai paganoari. Urtarrilaren 28an Sunbilla jai-giroan murgilduko da bere kaleetan barrena egingo den karroza-desfilearekin.
 
Urtero bezala, urtarrileko laugarren igandean, paperezko xingolekin bildutako eta lumekin apaindutako beren kapiroteak jantziko dituzte Leitzako herritarrek, eta tunikak soinean dituztela eta aurpegia estalia dutela desfilatuko dute herrian barrena. Astelehena 29ra (egun nagusia) eta asteartea 30era luzatuko da jaia. Pirinioetan ere Iturengo eta Zubietako Zanpantzarrek Kultura Intereseko Ondasun bihurtu dituzte inauteri horiek. Bi herrietako auzotarrek Ioaldunen konpartsa bat osatzen dute, eta espiritu maltzurrak uxatzen saiatzen dira desfile ikusgarri bezain zaratatsu baten bitartez, urtez urte gero eta jende gehiago hurbiltzen delarik desfile hori ikustera. Ardi-larru handi batekin estalita, kolore biziko txano puntaduna buruan, bi joare handi, parpailadun azpiko gona, zapi koloretsuak lepoan eta zaldi-zurdaz egindako isipua eskutan dutela, Zubietako Ioaldundak Iturenerainoko desfilea egingo dute urtarrilaren 29an, astelehena, eta hurrengo egunean Zubietakoei bisita itzuliko diete Iturengoek.

Koloreak eta antzinako pertsonaiak otsailean

Otsailean desfile koloretsuak itzuli egingo dira zenbait herritara, hala nola Arantzara, non Mozorroak zuriz jantzita ibiltzen diren baserriz baserri, bizkarrean kolorezko borlak dituztelarik (osteguna hilaren 1a eta ostirala hilaren 2a). Lekunberrin, Aittezarkoren erreketa izango da nabarmentzekoa otsailaren 2an eta 3an, musika-bandak girotuta herrian egingo den errondaren ondoren. Lizarran, bertako Aldabika pertsonaiak ere Foru Plazan erreta bukatuko du, palokiak laguntzaile dituela herrian barrena erakutsia izan ondoren (larunbata 3a).

Otsailaren 8tik 12ra bitarte Berako emakumeak gizon eta gizonak emakume bihurtuko dira artzaiz (artziak) eta inudez (iñudeak) janzteko. Lesakako auzotarrek ere beren inauteria (otsailaren 8tik 13ra bitarte) girotzen dute bi mozorro motarekin, Mairuak (emakumeak izaten dira, koloretako zerrendak zintzilik dituzten kapelak buruan jantzita) eta Goitarrak (zuriz jantzita, txapel eta jertse gorriak dituztela, kriskitinekin). Igande ilunabarrean, Zakuzaharrak –aurpegia estalita duten eta lastozko zakuak soinean jantzita dituztela dabiltzan gizonez osatutako taldea– kaleetan barrena ibiltzen dira jendearen atzetik puztutako maskuriak eskutan dituztela.

Jaiak ez du etenik izango Nafarroako Erriberan otsailaren 9tik 11ra bitarte. Tuteran Zipoteroek, burua estalita eta maskara baten babesa dutelarik, gozokiak banatzen dituzte Kapiroteekin batera. Cintruenigok ere inauteriko bere pertsonaiak ditu, Zarramuskeroak, eta mozorrotuta ez dagoen edonor zikintzen dute.

Nafarroako hiriburuak ere bat egingo du ospakizunarekin otsailaren 9tik 12ra bitarte. Iruñeak Mari Trapu maltzurra aterako du kalera, XII. mendean Nabarreriako burgua arpilatu eta suntsitu zuen frankoen buruzagia ordezkatzen duen panpina. Bere dorrean erreta amaitu zuen frankoen buruzagiak, eta horrelaxe bukatzen du pertsonaia horrek ere garai hura gogora ekarriz.

Nafarroako inauteri ospetsuenen artean Lantzekoak nabarmentzen dira, Kultura Intereseko Ondasun deklaratutakoak; Miel Otxin dute protagonista, hiru metroko eta kolore biziekin jantzitako panpina, zeina harrapatu, epaitu eta herriko jendeak erre egingo duen (otsailaren 11tik 13ra bitarte). Desfilean, Ziripot, iratzez eta belarrez betetako zakuekin egindako gizon on-puska eta lodikotea, jazarri egiten du Zaldikok, hura lurrera bota arte behin eta berriz erasoko duen zaldi basatiak. Arotzek, aldiz, mailuak eta kurrikak eramaten dituzte, eta Zadikoren atzetik doaz korrika, hura ferratzeko. Bisitariak ere ezin dira lasai egon, ezen Txatxoak, animalia-larruekin jantzita eta makila eta erratzekin armatuta, oihuka dabiltza bertaratutako guztiak zirikatzen dituzten bitartean.

Nafarroako Turismo Intereseko Jai deklaratutakoa, Altsasuko Inauteriak ere (otsailaren 11, 13a eta 17a) baditu bere pertsonaiak, Momotxorroak; herrian barrena ibiltzen dira adarrekin, odolez zikindutako maindire zuri batekin jantzita eta indartsu orro eginez, parean jartzen zaien edonor ikaratuz. Tafallak otsaileko azken asteburura arte itxarongo du (otsailaren 23tik 25era bitarte) bere kaleak festan murgiltzeko. Igandea da egun garrantzitsuena, desfile handi, oso ikusgarri, herrikoi eta jendetsu batekin.

30 herrik baino gehiagok ospatzen dute Inauteria hemen kontsulta dezakezun programa zabal batekin. Benetakotasunak, errotutako ohiturek eta nafarren inplikazioak Nafarroako ondare immaterialaren zati garrantzitsu bihurtzen dituzte inauteriak, ekarpen handia eginez Foru Komunitateak turismo-helmuga gisa duen erakargarritasunari.