Fiestas y tradiciones


03 abu. 17

Ezagutu itzazu Nafarroan abuztuko agendan dauden ekitaldirik bitxienak

Faltzes, Tafalla, Otsagabia, Martzilla eta Uharte-Arakilek udako festa deigarrienetako batzuk prestatzen dituzte.



Abuztua festa eta ospakizunez betetako hilabetea izango da Nafarroan. Aukera guztien artean, bisitarientzat oso ekitaldi bitxiak azpimarra daitezke:

Faltzesko Piloneko entzierroa Nafarroako jai-agendako nahitaezko ekitaldietako bat da. Herriko zaindariaren jaietan, abuztuaren 13tik 20ra bitarte, foru-lurraldeko entzierro bitxi eta harrigarrienetako bat egiten dute. Zezenen aurrean egiten den 800 metroko lasterketa bitxia da, aldapan beherako ibilbide estu eta malkartsuan gainera.

Ospakizun horren osagai nagusietako bat lekua da, alde batean mendia eta bestean amildegia daudelako. Mende hasieratik faltzestarrek aziendak mendian barrena eraman behar zituzten ibaia saihesteko. Horregatik, alde batean amildegia eta bestean mendi-horma zituen bide-zidorretik jaitsi behar zuten zezenek. Ikuskizun aparta. Duela ia mende bat gazteak zezenen aurretik korrika hasi ziren, euren ausardia erakutsi nahian; eta ohitura hori urtero, abuztuan, biziberritu egiten da.

Tafallako Jaiakere udako ospakizun azpimarragarria dira. Antzerkiek, berbenek, kontzertuek, peñek, nobilladek eta zezenketek giro paregabea sortzen dute hiriko kaleetan barrena, abuztuaren 14tik 20ra bitartean. Ezin ahaztu bere zaindari Jasokundeko Andre Mariaren eta San Sebastianen omenez egiten dituzten ekitaldi erlijioso nagusiak, dantzariek, dultzaineroek, txistulariek eta erraldoi eta kilikien konpartsak ere bertan parte hartuz.

Zaindariaren jai horietan ekitaldi garrantzitsuenetako bat Salberako Igoera da. Abuztuaren 14an, urtero, udaletxetik Santa Mariaren elizara dagoen tartea oinez egiten dute milaka lagunek, eta ehunka auzotar eta bisitarik kantatzen dituzten otoitz hunkigarriak interpretatzen dira.

Oripehan izeneko jaiak, Otsagabian, Nafarroako jaien beste alderdi bat erakusten digu. Uda guztietan bezala, abuztuaren 26an herriak duela 100 urte zuen bizimodua gogoratuko da. Auzotarrek antzinako ohiturak berreskuratu eta erakutsiko dituzte, adibidez matatxerria edo gari-jotzea. Garbitzaile, irule edo bizarginen eguneroko zeregina ere antzeztuko dute, lanbide horiek herrian aspaldi desagertu baitziren. Txikienek garaiko jolasekin, erdi aroko azoka baten bitxikeriekin edota auzotarrek jantziko dituzten aspaldiko jantziekin gozatuko dute. Horrez gain, 1900. urteko ekonomiari eta bizimoduari buruzko hainbat panel ere erakutsiko dira. Laburbilduz, Otsagabiak osagai guztiak eskainiko ditu bisitariak nafar Pirinioetan XX. mendearen hasierara itzul daitezen.

Nafarroa mendebalderantz gurutzatuz, Uharte-Arakilek asteburu berean, abuztuaren 27anArtzai Eguna ospatuko du. Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatua, artzainen bizimoduaren omenez egindako jarduera ugariz gozatzeko aukera izango da. Jarduera horien artean nabarmentzen direnak: artzain txakurren lehiaketa, ardi-haragien gisatuen lehiaketa, ardien motzaldia, eskulangintza-azoka, eta ardi-gaztaren elaborazio tradizionala. Hori guztia hainbat talde folklorikoren emanaldiekin batera ikusi ahal izango da. Eta ezin dira ahaztu herri-kirolak, adibidez aizkolariak eta harri-jasotzaileak, bisitariari tradizioaren funtsa helarazten baitiote.

Egun berean, abuztuaren 27an, Martzillan Rabiosa Jaurtitzea egingo da. Nekazaritza eta kirola elkartzen dituen lehiaketa da, eta bertan parte-hartzaileek zainzuri-laboreetan erabiltzen den aitzurra jaurti behar dute Martzillako gazteluko babes-erretenean, ahalik eta urrunen iristen ahaleginduz. Nekazariei aitzurrarekin lan egiteak eragiten dien amorru biziak ematen dio izena lehiaketari. Abuztuaren 27an (igandea), David Miqueleiz atleta nafarrak 37,60 metroan ezarritako errekorra gainditzen saiatu ahal izango dira lehiakideak.