Fiestas y tradiciones


20 uzt. 17

Nafarroa sorginduak harrapatu egiten du bidaiaria

Nafarroako erdi aroko historia akelarre, edabe, exorzismo, jazarpen, sineskeria, mito eta elezaharrei lotuta dago. Gaur egun Sorginkeriaren Ibilbidea lau ibilbide desberdinen bitartez ezagutu daiteke. Gainera, Zugarramurdiko Museoak bere hamargarren urteurrena mitologiari buruzko areto berrituarekin ospatzen du.




Zugarramurdiko Sorginen Museoak, leize ospetsutik hurbil dagoenak, hamar urte bete ditu. Hamar urte hauetan 247.000 lagun baino gehiago izan ditu bisitari, Nafarroako Pirinioetako udalerri horrek bere mito eta elezaharrekin duen misteriotsu-ospeak erakarrita.

Museoaren hamargarren urteurrena dela-eta, Mitologiari buruzko Aretoaren erakusketa berritu da; bertan, erdian ipinita dagoen mahai batek bi ukimen-pantailari eusten die, bisitariek elkarreraginean jarduteko eta izaki mitologiko desberdinei buruz gehiago jakiteko.

Gogoan izan behar dugu XVI. eta XVII. mendeetan nafar gizartearen ezaugarri nagusiak honako hauek izan zirela: desadostasun kultural eta politikoak; mito eta elezaharrekiko sineskeriak; eta aspaldiko emakumeek ezagutzen zuten antzinako jakinduria, gaixotasunak sendatzeko naturaren ahalmena erabiltzen baitzuten. Faktore horiek auzotarren arteko sorginkeria-salaketak bultzatu zituzten, kasurik gehienetan funsgabeak baziren ere. Horrela, Zugarramurdiren historia Inkisizio-prozesuari lotuta geratu zen, Erdi Aroan herriko hogeita hamar lagun inguru gupidagabeki hil edo zigortu baitzituzten.

Alde batetik, Nafarroako iparraldeko isolamenduak mesede egin zion deabrua adoratzearen inguruko teorien mantentzeari, baita beharbada sorginkeriarekin nahastu ziren sendabide naturalei ere. Beste alde batetik, agramondarren eta beaumondarren arteko borrokek bi noblezia-familien arteko inbidiei bide eman zieten, eta horrek elkarri salaketa faltsuak jartzera eraman zituen.

Museoa bisitatu ondoren, Zugarramurdiko leizera hurbiltzea baino hoberik ez, bertan egiten baitziren erritual eta festa ero haiek. Urtero, abuztuaren 18an, zikiro-jatea egiten da, haga batean sartutako axuria protagonista duen herri-bazkaria, alegia.

Sorginkeriaren Ibilbidea

Nafarroako sorginkeriaren mapak lerro bat marrazten du Zangozatik eta Irunberritik Ameskoaraino (Lizarrako iparraldean). Halaber, Viana eta Bargota aldean gune bakarturen bat geratzen da. Inkisizioak Nafarroako 60 herritan baino gehiagotan esku hartu zuen. Herri gehienak mendialdekoak ziren, sorginenganako sineskerien erdigunekoak, hain zuzen.

Sorginkeriaren Ibilbideanbisitariak lau ibilbide aurkituko ditu, fenomeno horren agertoki nagusiak modu logikoan ezagutzeko. Betidanik misterio-fama izan duten leku eder-eder horiek obskurantismoaren mundu misteriotsura gonbidatzen dute bisitaria, eta, aldi berean, aukera eskaintzen dute gastronomia-ohituren zaporea gozatzeko eta haien mamia iraunarazi duen ingurune baten jatortasuna bizitzeko.

Lehen ibilbidea, ‘Ustezko sorginen lehen jazarpenak Nafarroan’ deitutakoa, Erronkari eta Zaraitzu ibarretan eta Orreagako aldean barrena doa (Auritz, Orreaga, Otsagabia, Burgi eta Bidankoze). Bigarren ibilbideak ‘Muga, sineskeria eta sorginkeria’ du izena, eta Baztan, Bertizarana eta Bortziriak hartzen ditu barnean (Zugarramurdi, Urdazubi, Arraioz, Bera eta Doneztebe). Hirugarren ibilbidean Anozibar, Larraun eta Araitz ibarrak eta Leitzaran bisita daitezke; ‘Mendiak eta leize-zuloak, mitologiaren eta sorginkeriaren artean’ du izena ibilbideak. Azkenik, laugarren ibilbideak, ‘Aztiak Estellerrian’ deritzonak, Bargota eta Vianara garamatza.