Fiestas y tradiciones


29 eka. 17

Herriko jaiek zuri-gorriz margotuko dute Nafarroako mapa

Sanferminekin hasita, musika entzuten da eta festa hasten da Iruñean ez ezik, uztailean, abuztuan eta irailean beren herriko jaiak ospatzen dituzten Nafarroako beste udalerri askotan ere. Giro onaz eta ondo pasatzeko gogoaz gozatzeko unea iritsi da.



Jaia inbasio bat balitz bezala iristen da Nafarroara. Lehenengo jaiak Iruñean izaten dira, San Fermin jaiak ospatzen baitituzte (uztailaren 6tik 14ra). Bederatzi egun irauten duen etengabeko ospakizuna, uztailaren 6ko eguerdiko hamabiak baino zertxobait lehenago hasten dena, Udaletxeko plazan milaka pertsona elkartzen direnean festa erraldoiari hasiera ematen dion ‘Txupinazoak’ eztanda noiz egingo duen zain.

Egun horietan Nafarroako hiriburuan alaitasuna eta musika nagusitzen dira txarangen erritmoan. Jendea da jai horietako protagonista nagusia, jai horiek jendeak parte hartzeko jai espontaneoak baitira. Sanferminak kalean bizitzeko eta giroaz, zalapartaz eta une guztiez gozatzeko dira.

Entzierroa eguneko une paregabea da. Bihotza bizkortu egiten da eta taupada bizkorrean hasten da zezenak eta neska-mutikoak korrika hasten direnean Santo Domingo aldapatik Zezen Plazaraino. Ezin dugu ahaztu San Ferminen kapera den San Lorentzo elizatik Katedraleraino San Ferminen omenez egiten den ohiko prozesioa (uztailaren 7a). Ibilbide horretan Buruhandi eta Erraldoien konpartsa eta La Pamplonesa Udal Musika Bandaren musika San Ferminekin batera joaten dira.

Arratsaldeetan peñekin batera Zezen Plazaraino joan gaitezke zezenketak ikustera, eta Zezen Plazatik ateratzen direnean ere haiekin batera joan gaitezke txarangen musikaren erritmoan. Era berean, ehunka pertsona Iruñeko zerura begira jartzen dira gauetan, zerua kolorez betetzen baitute Zitadelatik botatzen dituzten su artifizialek.

Uztailaren 14ko gaueko hamabietan bukatzen dira Sanferminak Iruñean, Udaletxeko plazan Pobre de mí (Gaixoa ni) abesten dutenean. Leku horretan bertan hasi ziren bederatzi egun lehenago jaiak.

Ia egun berberetan izaten dira Lesakako Sanferminak (uztailaren 6tik 10era). Nafarroako Pirinioetako udalerri horretako jaietan ez da izugarrizko jendetza-olderik izaten, eta bisitariak ohitura ikusgarrienetako bat ikusteko aukera izango du: ezpata-dantzariak. Dantzari talde bat bi ilaratan jartzen da makilen (ezpatak irudikatzen dituzten makilak) bitartez elkarri lotuta eta aurrean buruzagi bat dutela. Zuriz janzten dira, eskapularioak eta kolorezko xingolak eramaten dituzte, kaskabiloak zangosagarretan eta espartinak oinetan.

Egun batzuk geroago, Tuteran hasten dira jaiak (uztailaren 24tik 30era), Santa Ana zaindariaren jaiak ospatzen baitituzte etenik gabeko zazpi egunetan. Tuterarrei eta bisitariei gehien gustatzen zaizkien ekitaldien artean ‘La Revoltosa’ izeneko dantza dago. Dantza horretan “ausart” asko elkartzen dira beren iraupena neurtzeko Foru plazako kioskoaren inguruan. Gaueko hamabiak baino zertxobait lehenago Tuterako jota eta Larrain-dantza ere dantzatzen dira.

Abuztuan, Nafarroako Erdialdean izaten dira jaiak, lehenengoak Lizarrakoak izaten dira (abuztuaren 4tik 10era). Jai horiek ‘Erraldoien Ostiralarekin’ hasten dira Bajadica del Puy delakoa egiten denean. Bajadica del Puy gizonek Puy basilikatik hiriraino dantzatuz egiten duten ibilbidea da; dantza hori bera emakumeek egiten dute larunbatean. Nabarmendu behar den beste ekitaldi bat La Pañuelada da, igandean egiten den eta udaletxeko plaza kolorez betetzen duen ekitaldia, alegia.

Abuztuaren 13tik 20ra Faltzes herrian izaten dira jaiak. Herri hori oso ezaguna da Piloneko Entzierroa egiten delako bertan. Bigantxak, mutikoak eta mendia dira Nafarroako zezen-ekitaldi bitxiaren protagonistak. 800 metroko lasterketa da eta aldapan beherako ibilbide estu eta malkartsuan egiten da, mendiko hormaren eta sakanaren artean. Ekitaldi horren jatorria XX. mendearen hasieran dago, azienda mendian barrena eramaten zutenean ibaia zeharkatu beharrik ez izateko. Gaur egun ikuskizun aparta da, ikusteko modukoa.

Antzeko egunetan izaten dira San Sebastianen eta Jasokundeko Andre Mariaren omenez egiten diren Tafallako jaiak ere (abuztuaren 14tik 20ra). Abuztuaren 14an Salberako igoera bitxia egiten da Santa Maria elizan. Gainera, plazako zezenen entzierroak eta Erraldoien dantzak izaten dira goizez.

Nafarroako Erdialdean jarraituz, irailean, festaren erdigunea Zangozan dago (irailaren 11tik 17ra). Udalerri hori entzierroak zezenekin korrika egiten diren lau udalerrietako bat da (beste udalerriak Iruñea, Tafalla eta Tutera dira). Práu-ko jaitsiera ere nabarmendu behar da; ekitaldi hori egunero egiten da goizaldean.

Bestalde, Oliteko jaietan (irailaren 13tik 19ra) entzierroak eta erraldoien eta buruzagien konpartsaren ekitaldiak egiten dira. Jaietako lehenengo egunean egiten den Riau-Riau herrikoia nabarmendu behar dugu.

Erriberako Lodosa herrian ekitaldi bitxi bat izaten da irailaren 15ean: sokako zezena, XIX. mendeko ohitura eta Nafarroako Interes Turistikoko Festa deklaratuta dagoena. Goizean eta arratsaldean, zezen bat udalerriko kaleetan barrena ibiltzen da adarretan soka bat lotuta duela. Soka hori gazte batzuek maneiatzen dute animaliak bere aurrean jartzen direnak ez harrapatzeko.