Fiestas y tradiciones


10 mai. 17

Arguedasek bere tradizioak berreskuratzen ditu Abelbideen eta Transhumantziaren Festan

Nafarroako erriberako udalerriak maiatzaren 13an Yugotik hirigunera arteko behien jaitsiera zaharra gogoratzen du. Horrez gain, hainbat udalerrik, adibidez Allo, Kaseda eta Funesek San Isidro ospatzen dute.



Egun hauetan urtero bezala Arguedas iraganera itzultzen da bere tradizio errotuenetako baten eskutik: transhumantzia. Datorren maiatzaren 13an, Nafarroako erriberako udalerriak Abelbideen eta Transhumantziaren Festa ospatzen du, Yugotik egiten zen behien jaitsiera zaharra gogoratuz.

Ekitaldi nagusiak 18:00etatik aurrera dozenaka zaldun biltzen ditu eta zaldi gainean hamar bat behi otzan gidatzen dituzte Yugoko mendilerroan dagoen Jugatilloko eskortatik artzainen bide zaharretan eta Arguedasko abelbideetan barrena General Clemente Plazara iritsi arte, hirigunean bertan.

Unerik erakargarriena zaldiak eta behiak Arguedasko hirigunean sartzen direnean gertatzen da, bertan jende ugari elkartzen baita udalerria aspaldiko garaietara itzultzen duen une berezi hori ikusteko. Jaieguna hainbat ekitaldirekin osatzen da, hala nola: gastronomia-lehiaketak, herri-bazkaria, kontzertuak eta zaldizko trebeen kontzentrazioa Kooperatibako Zelaian.

Arguedas, Errege Bardeetan sartzeko atea

Nafarroako erriberan bertan, Errege Bardeetako Natura Parkean sartzeko atea da Arguedas, 42.500 hektareako paisaia erdibasamortutarra, UNESCOk Biosferaren Erreserba deklaratutakoa. Udalerriak, era berean, bere udal-mugartean penintsula osoan dagoen familia-aisiarako parkerik handiena du, Sendaviva Abentura eta Dibertimendu Parkea. Horrez gain, bisitatzeko modukoak dira Arguedasko Haitzuloak, XIX. eta XX. mendeetan ohiko etxebizitza bat edukitzeko dirurik ez zuten auzotarrek etxebizitza gisa okupatzen zituztenak.

Hirigune historikoan nabarmentzen dira San Esteban eliza, XVI. eta XVII. mendeetakoa, San Miguel Ermita, XVI. mendekoa, eta Yugoko Andre Mariaren Basilika gotiko-errenazentista, XVII. mendekoa. Eta bere ondare arkitektonikoari dagokionez, azpimarratzekoa da Udaletxea, XVI. eta XVII. mendeetakoa, eta Muruzábal Etxea, XVIII. mendekoa.

San Isidro nafar erara

Egun hauetan, era berean, Nafarroako hainbat udalerrik San Isidroko jaiak modu berezian ospatzen dituzte. Alloko udalerriak maiatzaren 14an (igandea) Eskulangintza Azoka antolatzen du, artisauen, elikagaien eta bertako produktuen postuak jarriz. Bestalde, Kasedak igande horretan bertan San Zoiloko ermitarako erromeria antolatzen du; XVI. mendeko eraikin gotikoa da, udalerritik bi kilometroko distantziara dagoena. Mezaren ondoren, Udaletxeak, 200 urtetik gorako tradizioari jarraikiz, ogia, ardoa eta txokolatea banatuko ditu jendearen artean.

Funesek ere nekazarien zaindariaren jaia ospatzen du hainbat ekitaldirekin maiatzaren 12tik (ostirala) 15era (astelehena), eta ekitaldi horien artean herriko kaleetan barrena egiten diren entzierro tradizionalak nabarmentzen dira. San Isidroko jaiak ospatzen dituzten beste udalerri batzuk Leatxe, Ledea, Irunberri edo San Isidro del Pinar dira.