Fiestas y tradiciones


12 abe. 16

Tradizioak eta abangoardia uztartuz bizi ohi dira Gabonak Nafarroan

Gabonen magiak errotuta dauden herri-ohiturak, musika-eskaintza berriak eta familiak helburu dituen kultura-eskaintza uztartzen ditu.



Kale-argiztapena dagoeneko ipinita dago eta Gabonak badatozela iragartzen du, egun horietan Nafarroan erabat errotuta dauden herri-tradizioak eta kultura-eskaintza berriak bilduz, eta ilusioz betetako egun horiek bizitzeko ezinbesteko hitzordu bihurtuz.

Gazteenak egun magiko horietako protagonista bihurtzen dira eta Nafarroako imajinario tradizionaleko pertsonaia maitatuenetako bat etor dadin irrikan daude, Olentzero, alegia. Ikazkina abenduaren 24an, opariak banatu aurretik, aurreikusita dituen jarduera guztiak egiteko prestatzen ari da dagoeneko. Gabon-gaueko afari tradizionala egin baino lehen, pertsonaia kutun hori Iruñeko kaleetan barrena ibili ohi da bere segizioarekin batera, eta hainbat udalerri ere bisitatzen ditu, BaztanMalerreka, Bertizana eta Bortziriak. Egun horretan, Olentzero lehiaketa batek omenaldia egiten dio Lesakako ikazkinari, bertakoa baita pertsonaia hori.

Lurralde osorako tradizioak

Beste eszena tradizional bat Nafarroako San Adrianen (abenduaren 26an), Peraltan (abenduaren 27an) eta Fustiñanan (urtarrilaren 5ean) antzezten diren ‘jaiotza bizidunak’ dira. Baina, inolako zalantzarik gabe, Foru Komunitateko ekitaldi ezagunenetako bat 1900. urteaz geroztik Zangozan urtarrilaren 6an antzezten den ‘Errege Magoen Auto Sakramentala’ da. Espainian oraindik egiten diren bost auto sakramentaletako bat da, eta Misterio de Reyes elkarteko 50 herritar inguruk hartzen dute parte.

Urteko azken egunean ere badira errotutako herri-tradizioak, adibidez ‘Glin-Glan’ eta ‘Dios te salve’ Beran. Glin-Glan abenduaren 31ko arratsaldean egiten den Nafarroako tradizio zaharra da, non haurrak eta gazteak kantatzera ateratzen diren elikagaiak biltzeko. Ilunabarrean helduen txanda da, udalerriko kaleetan barrena ‘Dios te salve’ kantatuz urte berri zoriontsua opatzeko.

Gabon zaharra, mozorroak eta kirola tarteko

Gabon zaharra beste modu batean bizi ohi da Nafarroako hiriburuan. Duela hainbat hamarkadaz geroztik iruindarrek mozorro bitxiez jantzita ospatzen dute urteko azken eguna, eta hiriko kaleak kolorez betetzen dituzte. Kale horietan barrena ordu batzuk lehenago ‘San Silvestre’ lasterketa ezaguna egin ohi da, baita beste hainbat udalerritan ere, adibidez Tuteran, Valtierran, Buñuelen, Castejónen, Villafrancan, Fiteron, Cadreitan eta Cortesen.

Urte berrian Errege Magoak iristen dira, Olentzeroren txanda hartuz eta urtarrilaren 5eko gauean opariak banatuz. Arratsalde horretan ‘Errege Magoen Desfileak’ magiaz betetzen ditu Iruñeko edo Berako kaleak, gazteenen ilusioz betetako begiradapean.

Kultura familia osoarentzat eta musika-aukera berriak

Kultura-eskaintza ere egun horietarako egokitu egiten da eta familiak helburu dituzten ekitaldi asko daude. Baluartek mota guztietako 15 emanaldi baino gehiago biltzen ditu, adibidez klasikoak, Harlem Gospel Choir abesbatzaren emanaldia, ‘Intxaur-hauskailua’ obraren edo Haendelen ‘Mesiah’ obraren antzezpena barne, edota haurrei zuzendutakoak, ‘Ene Kantak-Astonauta’, ‘Ali Baba eta 40 lapurrak’ edo ‘Gorgorito Bizarzuriren bila’ nabarmenduz.

Nafarroako hiriburuan bertan, Gayarre Antzokiak bere Gabonetako egitaraua gazteenentzat moldatzen du ‘Baleak. Erraldoien istorioak’ familia-dantzarekin, ‘Charlie eta txokolate-fabrika’ obraren antzezpenarekin edo ‘Peter Punken’ abenturekin.

2016ko Gabonek musika arloan ere nobedadeak ekarri dituzte. ‘Santas Pascuas’ festibala (abenduaren 2a, 25a, 26a eta 28a) Iruñeari neguko festibal bat eskaintzeko asmoz sortu da, eta hiriaren erdialdeko bi agertokitan egingo da: Zentral Café Teatro kontzertu alaienetarako, eta Baluarteko Ganbera Aretoa proposamen intimoagoetarako. Eskaintza berri horrek honako talde eta artista hauek biltzen ditu: Bigott, Anari, Cristina Rosenvinge eta Maika Makovski.