Eventos culturales


Klasikoekin berrelkartzea Erriberrin, antzerkira hurbiltzeko aukera bikaina

Erriberriko Errege-erreginen Jauregian, uztailaren 21etik abuztuaren 5era bitarte, Antzerki Klasikoaren Jaialdiaren XVIII. edizioa izango da. Antzezpen klasikoen egitaraua turismo-jarduerak, erdi aroko hiribildurako bisita eta antzerki-tailerrekin osatuko da.



Cervantes, Lope de Vega, Shakespeare edo Calderón de la Barca klasiko handien obra onenetako batzuk Erriberrira itzuliko dira uztailaren 21etik abuztuaren 5era bitarte, aurten hemezortzigarren edizioa duen Antzerki Klasikoaren Jaialdia dela medio. 1512. urtera bitarte Nafarroako errege-erreginen gortea eta Europako erdi aroko gaztelurik luxuzkoenetakoa izan zen Errege-erreginen Jauregiaren alboan eszenatoki bat ipiniko da, eta bertan dramaturgo eta eszena-zuzendari onenetako batzuen obrak antzeztuko dira.

Jaialdiaren egitarauak kalitatea eta autore klasikoen obren berrikuspen garaikidea izango ditu oinarri. Horrela, Cervantesek eta Alberto Conejero dramaturgoak bat egingo dute "Rinconete y Cortadillo" antzezlanean; Lope de Vega Laila Ripoll zuzendariaren eskutik iritsiko da "La judía de Toledo" antzezlanarekin eta Antonio Álamoren konpainiaren eskutik "Fuenteovejuna" antzezlanarekin; William Shakespeare oinarri izanik, Alfredo Sanzol autoreak "La ternura" antzeztuko du, Andrés Limak "Sueño", Denise Despeyrouxek "Ilir", Teatro do Chapito taldeak "Macbeth" antzeztuko du, eta azkenik, In Extremis Teatro taldeak "Medida por Medida" antzezlana eskainiko du.

Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiarekin batera turismo-jardueren programa osatua antolatuko da erdi aroko hiribilduan, ibilbide gidatuak, bodegetarako bisitaldiak eta haurrak dituzten familientzako plan bereziak barne. Eta gainera, antzerki-tailer eta laborategiak antolatuko dira, aktore profesional eta amateurrei zuzenduak.

Bisitaldi gidatuak denontzat

Uztailaren 21etik abuztuaren 5era bitarteko larunbat eta igandeetan "Erriberriko sekretuak" bisita gidatua egin ahal izango da 10:30ean. Hiribilduko bazter eta kale xarmagarrienetan barrena egingo den paseo gidatua, bertako historia eta pasadizo dibertigarriak eta herriko bitxikeriak ezagutzeko. Bisita Xapitelaren Dorrean amaituko da, eta bertan kopa bat ardo eta Nafarroako gazta-pintxo bat dastatuko dira.

Erriberriko Errege-erreginen Jauregirako bisitaldi gidatuak egunero agin ahal izango dira, orduro, 11:00etatik 13:00ak arte eta 16:30etik 18:30era. Ibilbide gidatu horretan bisitariek Nafarroako errege Carlos III.a Noblea eta haren emazte Leonor de Trastámararen bizimodua ezagutzeko aukera izango dute, XV. mendeko aldi gorenean. Erriberriko Errege-erreginen Jauregia garai hartako luxuzkoena eta apetatsuena izan zen, Nafarroan nahiz Europa osoan.

Haurrekin joaten direnentzat bisitaldi gidatu didaktikoak antolatu dira, familia osoarentzat, egunero 12:30ean eta 17:00etan. Haurrekin batera gorteko pertsonaietako bat joango da, eta harekin egingo dute ibilbidea, gozatuz eta ikasiz. Gure ondarea txikienengana hurbiltzeko modu dibertigarria izango da.

Jakingo al zenuke nola sartu paisaia botila batean? Ardoa maite dutenek, UNSI Bodegan hori nola egiten duten ikusi ahal izango dute. Duela gutxi sortutako bodega da, eta bertako barietate bat berreskuratzeko eta hari balioa emateko apustua egin du; mahats-barietate hori garnatxa da. Instalazioetako bisitaldi gidatua egunero egingo da, 13:00etan.

Bisitaldi guztietan plaza mugatuak dira, eta Guiartek egiten ditu. Informazioa: 948 74 12 73 edo info@guiartenavarra.com. Bisitaldi guztietarako sarrerak online eskura daitezke, honako helbide honetan: www.guiartenavarra.com.


Jarduera paraleloak

Erriberriko Antzerki Festibalarekin batera hainbat jarduera paralelo antolatuko dira. Besteak beste, antzerki-tailerra, aktore profesional eta amateurrei zuzendua, Antonio Simónen eskutik. Erriberriko Kultur Etxean egingo da, uztailaren 24tik 28ra bitarte, 10:00etatik 14:00etara.

Kultur Etxean, era berean, Nafarroako aktoreek antzerki-ikerketarako laborategian parte hartu ahal izango dute, uztailaren 31tik abuztuaren 4ra bitarte, 17:00etatik 21:00etara. Zuzendaria Denise Despeyroux izango da, eta Marivauxen "La Dispute" antzezlanean oinarrituko da.

Edizio honetan, berritasun gisa, lan-egonaldia eta ikerketa-laborategia jarri da martxan, Nafarroako konpainia profesional batek aurkeztuta proiektu artistiko baterako.

Tailerrean, laborategian nahiz egonaldian parte hartzeko izena eman nahi dutenek, eskatzen den dokumentazioa honako helbide honetara bidali beharko dute: festivaldeolite@navarra.es

Azkenik, Nafarroako lanbideari eszenatokiak zabaltzeko asmoz, testu poetikoen eta poesiako ziklo bat sustatu da. Antzezpenak 20 minutu ingurukoak izango dira eta asteburuetan egingo dira, udalerriko hainbat lekutan.

Sarreren salmenta

Ikuskizunetarako sarrerak eskura daude honako helbide hauetan: www.oliteteatrofestival.com eta www.baluarte.com.