Eventos culturales


20 eka. 17

Kultur jaialdian esperientzia paregabeak bizitzeko jarduera turistikoak biltzen dira

Mamia edo gaztanbera egiteko tailerrak, zaldi gaineko paseoak, multzo historikoak ikusteko bisitaldiak edo izarren argipean egindako afariak izango dira aukeran ekainaren 23tik irailaren 9ra bitarte, Kultur jaialdiaren programazioaren barruan.



Foru Erkidego guztiko 38 herri eta kokaleku interesgarritan izango dira ekitaldiak, ekainaren 23tik irailaren 9ra bitarte, Kultur jaialdi ludiko eta kulturalaren barruan; izan ere, musika, dantza eta artea biltzen dituen programazio zabala eta askotarikoa eskainiko da aurten.

Nafarroako Gobernuaren Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak sustatutako programa horretan, gainera, proposamen original bat ere badago: kultura-ikuskizunetara joaten direnek, egun berean, toki turistiko interesgarriak ezagutzeko aukera izatea, esperientzia paregabeetan parte hartuta. Hori horrela dela, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, Kultur jaialdiari esker 33 proposamen turistiko baino gehiago egingo dira kokaleku oso berezietan: basoan, monasterioetan, gazteluetan, tenpluetan eta herri ederretan.

Lehenengo proposamenei dagokienez, ekainaren 29an Olaztin Tipitako-ren kontzertua ikustera joaten direnek mamia edo gaztanbera egiteko tailer batean parte hartu eta tokiko gaztandegi bateko esnekiak dastatzeko aukera izango dute. Hurrengo egunean, ‘La Soledad de Bernarda’ dantza-ikuskizuna izango da Uxuen, baina horren aurretik, herriko gotorleku-eliza ezagutzeko bisitaldi gidatua egingo dute. Uztailaren 1ean, aldiz, bisitaldi gidatua Fiteroko Monasterioan izango da, eta horren ondoren, Alberto Arteta Group taldearen jazz-musikaz gozatzeko aukera izango dugu.

Uda osoan mota guztietako esperientzia turistikoak eskainiko dira, hala nola Zugarramurdiko Kobazuloa ezagutzeko bisitaldia (uztailaren 6an, eta gero Igelaren Banda taldearen kontzertua) edo Iratin ilargipean afaltzea izarrei begira (uztailaren 7an), The Disappointments taldearen kontzertua amaitutakoan. Larunbatean (uztailaren 8an), Orreagako Kolegiatan bisitaldi gidatua dago programatuta Erkudengo Ama abesbatzaren saioa baino lehen.

Halaber, Garesen eta Lizarran bisitaldi gidatuak egingo dira (uztailaren 13an eta 14an, hurrenez hurren), eta Otsagabiara hurbiltzen direnek (uztailaren 15ean) bi aukera izango dituzte Brokhem Brothers Bras Band taldearen kontzertuaz gozatu aurretik: herria ezagutu dezakete, edo bestela, Irati airetik ikusteko aukera izan dezakete Abodiko eski-estaziotik.

Uztailean badira jarduera turistiko gehiago: Artaxonako Zerkoa (uztailaren 20an, Gregario de Luxe taldearen kontzertuarekin batera); Uztarrozeko Gazta Museoa (uztailaren 21ean eta abuztuaren 11n); Gune troglodita eta Erratzen fabrika, Valtierran (uztailaren 22an); eta Mendukilo kobazuloa, Astitzen (uztailaren 28an).

Abuztuan, Vianako San Pedro elizaren aurrietan flamenkoa, jazza, musika klasikoa eta munduko musikak uztartuko dira Jerez Texas taldeari esker (abuztuaren 3an), eta herrian barrena bisitaldi gidatua ere egingo da. Dolores Redondo idazlearen Baztango trilogiaren jarraitzaileentzat bisitaldi gidatua antolatu da Elizondon barrena eta ‘Zaindari ikusezina’ eleberrian agertzen diren tokiak ezagutzeko (abuztuaren 4an). Hurrengo egunean (abuztuaren 5ean) zaldi gaineko ibilaldiak antolatu dituzte Errotainen. Eta egun berean, Irantzuko Monasterioa ezagutzeko parada ere izango da, Coral de voces graves Santa María La Real abesbatzaren kontzertuarekin batera.

Arte barrokoaren zaleek Corellako Arrese museoa eta multzo historikoa ezagutzeko aukera izango dute (abuztuaren 10ean, Frank-en kontzertua hasi aurretik). Hilaren 12an Xabierko Gazteluaren txanda izango da. Abuztuaren 17an, Lurpekariak taldeak Donamarian egingo duen kontzertuaren aurretik, Jaureguia dorretxean bisitaldia egingo da eta, hurrengo egunean (abuztuaren 18an) bi aukera izango dira Zangotzan: Bodega de Sada upategia ezagutu edo argi-soinu ikuskizunaz gozatu Zangotzako Andre Maria Erregina elizan. Orgiko hariztian barrena bisitaldi gidatua egingo da Piazzolla 180 grados taldearen kontzertua baino lehen (abuztuaren 19an); Argentinako musika modernoaren aitzindari Astor Piazzolla-ren omenezko kontzertua izango da.

Horretaz gain, Oberena Dantza Taldeak Agoitzen egingo duen ikuskizuna baliatuta (abuztuaren 24an), herriko San Migel Elizan bisitaldi gidatua egingo da. Dantzak eta zelta-musikak ere izango dute tartea: Celtic Rock & Reels izango da Lodosan (abuztuaren 25ean) eta, aurretik, Conservas Perón enpresako produktuak dastatzeko aukera izango dugu. Handik gertu, Azagra herrian Bodega Finca Manzanos upategian bisitaldi gidatua eta ardo-dastaketa izango dira (abuztuaren 26an). Egun berean, La Oliva Monasterioan tenpluaren historia, artea eta espiritualtasuna ezagutzeko bisitaldi gidatua antolatuko da.

Oliteko sekretuak azaleratzeko zain daude eta horretarako aukera izango da, abuztuaren 31n, Erdi Aroko herri horretara joaten direnentzat. Artisauen lanbideak gogoko dituztenek Lesakako Burdinaren Etxea ikus dezakete (irailaren 1ean). Larunbatean (irailaren 2an), Leireko Monasterioen bisitaldi gidatua eta monasterioko pintxoen dastaketa izango dira.
Kultur jaialdiaren barruan antolatutako jarduera turistikoak iraileko bigarren asteburuan amaituko dira, Erriberan, Tuteran barrena ibilaldia eginez (irailaren 8an).