Acciones promocionales


25 urr. 18

Udako turismoa beste urtaro batzuetara hedatzea, Nafarroako sektorea bultzatzeko helburu

Okupazioari buruzko datuek behera egin dute udako denboraldian



Nafarroan udan izandako okupazioari buruzko datuek % 3,6ko jaitsiera ekarri dute 2017ko datuen aldean, eta joera hori Espainiako turismo-eskari orokorrean ere islatu da. Udako etorrerei buruzko datuek behera egin duten arren, irailean goranzko joera gertatu da, Nafarroako Estatistika Institutuak landutako Hoteletako Koiuntura Turiskoari buruzko azken txostenaren arabera. Informazioa osatzeko zain, aldagai guztiak kontuan hartu behar dura turismo-eskarian izandako aldakuntza hori aztertu ahal izateko.

Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak neurriak bultzatzen jarraitzen du urteko beste sasoi batzuetan turisten etorrera areagotzeko, Foru Komunitateko leku gehiagotara hedatzeaz gain. Nafarroak bisitariei eskaintzen dizkien jarduerak eta helmugak dibertsifikatzea da helburua, turisten etorrera askotarikoa eta egonkorra izan dadin urte osoan. Adibide gisa aipa daiteke urriaren hasieran aurkezturiko "Basoak eta mahastiak" dinamizazio-programa, Nafarroako udazkena sustatzea xede duena.

Turismo Plan Estrategikoaren diagnosiak Nafarroak hurbileko merkatuarekin duen soberako mendekotasunaz ohartarazten zuen, eta horrekin batera, nazioarteko bezeroak erakartzeko oinarriak finkatzera animatzen zuen, horixe baita sektoreak egonaldien iraupenean nahiz batez besteko gastuan hazteko baliatu beharreko esparru potentziala.

Okupazioak behera egin du

Estatistika Institutu Nazionalak (INE) ostatu turistikoen okupazioari buruz emandako datuen arabera, ekainetik abuztura bitartean, 505.840 pertsonak bisitatu zuten Nafarroa, iazko epealdi berean baino % 3,6 gutxiagok. Koputu horretatik, 357.984 turista Estatu espainiarrekoak ziren (% 71) eta 147.856 beste herrialde batzuetakoak (% 29), eta guztien artean 1.214.164 gaualdi egin zituzten.

Ostaturen bat okupatu zuten pertsonen artean, % 22 Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako turistak ziren, % 1 Europako gainerako herrialdeetakoak eta % 6 munduko gainerako herrialdeetakoak. Estatuko turisten artean, % 15 Euskadikoak ziren, % 12 Madrilgoak, % 11 Kataluniakoak, % 7 Nafarroakoak eta % 25 beste autonomia-erkidego batzuetakoak. Ostatu motaren arabera, hotelak hautatu zituen bisitarien % 67,7k, kanpinak % 16,4k, landa-etxeak % 7,5ek, apartamentuak % 6,1ek eta aterpeak % 2,2k. Kopuru hauek igoera bistaratzen dute hotelen kasuan, eta jaitsiera landa-ostatu turistikoen kasuan.

Nolanahi ere, okupazioari buruzko kopuruek bi datu positibo ekarri dituzte: turisten batez besteko egonaldia luzatu da, 2,35 egunera iritsi delarik. Atzerriko bisitarien kasuan, gaualdi kopurua % 2,8 gehitu da udan. Bi datu hauek bat datoz Turismo Plan Estrategian finkaturiko helburuekin.

Enplegu eta afiliazio gehiago

INEren datuen arabera, Nafarroako establezimendu turistikoetan 5.435 pertsonak lan egin dute, 2017ko epealdi berean baino % 7 gehiagok.

Gizarte Segurantzako afiliazioei dagokienez, abuztura arte, 17.952 pertsonak jardun zuten Nafarroako ostatu zerbitzuetan, janari eta edarien zerbitzuetan, bidaia-agentzietan eta operadore turistikoetan, 2017ko epealdi berean baino % 3,5 afiliazio gehiago bilduz. Sexuen arabera, afiliazioei % 62,5 emakumeei dagokie eta % 37,5 gizonei.

Jardueraka, afiliazio kopururik handiena janari eta edarien zerbitzuetan eman da, % 82. 2017ko abuztuaren aldean, ostatu zerbitzuen azpisektorean izandako afiliazioen hazkunde handiagoa (% 6,1) nabarmendu behar da, emakumeetan zein gizonetan. Azpisektore honexetan gertatu da, halaber, emakumeen afiliazioaren hazkunderik handiena (% 7,7). Bidaia-agentzien eta operadore turistikoen azpisektorean ere, afiliazioek gora egin dute (% 4,1) 2017ko epealdi beraren aldean.

Muga aldeko mugimendu turistikoei buruzko estatistikan (FRONTUR), ekainetik abuztura bitartean, Nafarroa helmuga zuten 128.220 atzerritar zenbatu ziren.

Frantziako eta Holandako turista gehiago

Udan, 180.962 turista artatu ziren Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak kudeaturiko informazio turistikoko hamaika bulegoetan: 138.079 espainiarrak ziren (% 76) eta 42.883 nazioartekoak (% 24). Bulegoak toki hauetan kokatuta daude: Iruñea, Tutera, Lizarra, Erriberri, Bertiz, Lekunberri, Zangoza, Xabier, Erronkari, Otsagabia eta Orreaga.

Jatorrien arabera, hauexek dira epealdi honetan Nafarroa gehien bisitatu duten Estatuko autonomia-erkidegoak: Valentzia, Madril, Katalunia eta Euskadi. Valentzia Komunitatetik etorritako pertsonen hazkundea (% 9,7) nabarmendu da, jatorrien zerrendako buru bihurtu delarik. Herrialdeka, aurreko urteetako joera mantendu da, eta ondorioz, Frantzia, Italia eta Alemania izan dira Nafarroara turista gehien bidali dituzten herrialdeak. Frantziako eta Holandako turisten hazkundea (% 1,5 eta % 2,5) nabarmendu da.

Bestalde, Nafarroako baliabide turistikoen eskaria eta bilakera ezagutzeko asmoz, horien aukeraketa bat hautatu da: Bertizko Parke Naturala, Erriberriko Errege Jauregia, Zugarramurdiko Leizeak, Erriberriko Mahastiaren eta Ardoaren Museoa, Iruñeko Katedrala, Orreagako Kolegiata, Zugarramurdiko Sorginen Museoa, Xabierko Gaztelua, Leireko Monastegia eta Arellano, Rada eta Andelosko aztarnategi arkeologikoak. Ekainean, uztailean eta abuztuan, 318.995 pertonak bisitatu zituzten baliabide turistiko horiek. Erriberriko Errege Jauregian izandako bisitarien % 8ko igoera nabarmendu behar da.

Donejakue Bidea egiten dutenen kopuruari dagokionez, ekainetik abuztura bitartean, 24.572 pertsonak zigilatu zuten txartela Orreagan. Pertsona horien % 34k Estatuko jatorria zuen eta % 66k nazioarteko jatorria. Estatuko gehienak Katalunia, Valentzia, Madril eta Euskadikoak ziren, eta nazioartekoen artean, Italia, Frantzia, Estatu Batuak eta Alemaniako bisitariak ziren nagusi.

Nafarroako Turismoaren webguneak (www.turismo.navarra.es) 647.037 saio izan zituen azterturiko hilabeteetan, aurreko urteko epealdi berean baino % 5,35 gehiago. Bisita hauek 437.193 internautak egin zituzten Nafarroatik (% 18), Madrildik (%17), Kataluniatik (% 16), Euskaditik (% 10) eta Valentziatik (% 7). Bisiten % 3 Akitania Berritik egin ziren eta % 2,5 Ille-de-France eskualdetik. Webguneko atalik bisitatuenak, orrialde nagusia, ostatuak, agenda turistikoa, Iratiko Oihana eta ibilbideak izan ziren.