Acciones promocionales


10 ira. 18

Nafarroako Turismoak Alemaniako ‘Tour Natur’ eta ‘Museumsuferfest’ feria turistikoetan parte hartuko du

Era berean, Ingalaterran izandako ‘British Birdwatching Fair’ ekitaldian ere egon da



Nafarroako Gobernuko Marketin Zerbitzuak, lehen aldiz, Alemaniako bi ekitaldi turistikoetan parte hartu du: bat, Dusseldorf-eko ‘Tour Natur’; bestea, Frankfurt-en egindako ‘Museumsuferfest’. Biek, azkeneko publikoari zuzenduak, Nafarroa helmuga turistikotzat bultzatzea eta merkatu honetan lan lerro berriak irekitzea dute helburu. Izan ere, orain, Iruña inoiz baino irisgarriago dago hura eta Frankfurt lotzen dituen Lufthansa hegazkin-konpainiaren hegaldi zuzenari esker, astean 4 bidai egiten baititu.

Abuztuaren 24tik 26ra arte, ‘Museumsuferfest’-a (‘Urertzetako Museoen Festa’) izan da Frankfurten, hau da, artea, kultura, musika eta gastronomia konbinatu eta aire librean egiten den Europako festa kulturalik handienetakoa. Main ibaiak eta hiriko museoek menderatutako gune batean ospatzen da.

Nafarroako Turismoak bere stand propioarekin egon da Turespañari gordetako gunean, ‘Spanien am Main’ izenekoa, Erkidego Foraleko barietate gastronomikoa eta bertako produktuak erakusteko. Informazioa eta txostenak alemanez banatu dira eta, larunbata eta igandean zehar, Jatorrizko Deitura produktuen dastatzeak egin dira, hala nola, Oliba Olioarena, eta Adierazpen Geografiko Babestuetako produktuenak, alegia, zainzuriak eta orburuak. 

Espainiako 13 eskualdetako karpez eta erdiguneko antzezleku batez osatua, ‘Spanien am Main’ gunera hurbildutako bisitariek, pintxo demostrazioaz, zozketaz eta folk, flamenko eta dj-en emanaldiez beteriko agendaz gozatu ahal izan dute. Nafarroaren izenean, Ortzadar Fundazioa deritzon musika eta dantza folklore taldea aritu da.

‘Museumsuferfest’ ekitaldira 2,6 milioi bisitari hurbiltzen dira. Hauek, Main ibaian barrena ikusgai dauden karpak eta stand-ak, baita egun osoan zehar ospatzen diren espektakuluak ikuskatzeaz gain, hiriko museoetara prezio oso murriztuan sartzeko aukera dute hiru eguneko baliotasuna duen txartel baten bidez. 2017an, 23 museok hartu zuten parte ekintza desberdinak eskainiz, eta programazio kultural anitzeko 17 eszenatoki eta 500 stand jarri ziren, azkeneko hauetatik 150 gastronomikoak zirelarik.

Dusseldorf-eko ‘Tour Natur’ feria, abuztuaren 31tik irailaren 2ra arte ospatu zena, orokorrean europar jomuga naturalak eta turismo aktiboa bultzatzean dago espezializatua. Marketin Turistikoak bere stand propioaren bidez parte hartu du landa turismoko produktuak, natura-produktuak eta turismo aktibokoak sustatuz. Halaber, operadore alemaniarrekin kontaktua ezarri da Nafarroako eskaintza eta Iruña eta Frankfurt lotzen dituen Lufthansa konpainiako hegaldi zuzena ezagutzera emateko, bi herrialdeen arteko lotura asko errazten baitu. 

Ekitaldi eta azoka hauetara joatea, 2018-2025 Turismo Plan Estrategikoaren barruan dago bilduta. Honek, helburuko merkatutzat Europako erdialdea jartzen du eta, konkretuki, aireko konexioa gauzatu ahal izango den guneak. Era berean, enpresa nafarra internazionalizatzeko xedea duten laguntza generikoez gain, neurri honek, enpresa turistikoen internazionalizazioa lortzeko egintza espezifikoak bultzatu nahi ditu, bereziki ETEn eta landa eremuak dinamizatzen laguntzen duten enpresen internazionalizazioa. 

Turismo ornitologikoko azoka internazional handienean izandako presentzia

Bestalde, abuztuaren 17tik 19ra arte, Rutland-en (Ingalaterra) ospatutako ‘British Birdwatching Fair’ ekitaldian ere izan da. Maila internazionalean existitzen den turismo ornitologikoko azokarik handienetakotzat jotzen da eta naturan eta ornitologian espezializatutako turismoa erakartzen du, batez besteko 25.000 bisitari dituelarik edizio bakoitzean.

Nafarroak stand propioarekin parte hartu du hamabigarren urtez. Bertan, Nafarroan hegaztiak ikusteko dauden kokapenik ezagutuenak, hemen bizi diren espezierik berezienak, existitzen diren beste ekitaldi ornitologikoak eta, orokorrean, gure Erkidegoan dagoen hegazti-fauna aniztasuna eta aberastasuna azaldu dira. Feria honetan izandako presentziak, gure landa-turismoko produktuak, natura-produktuak eta turismo aktiboko produktuen sustapena indartzearen helburua jarraitu du.

‘British Birdwatching Fair’ ekitaldiak, optika, bibliografia, prentsa espezializatua, ekipamenduak, zerbitzuak, bidaiak, jomuga turistikoak, artea, argazkilaritza eta abarreko 396 erakusketari izan ditu, baita entomolgian, botanikan eta hegaztien ikusketarekin lotutako adituak ere. Gainera, azoka ospatzen den bitartean bestelako ekintza desberdin paraleloak egiten dira, hala nola, hegaztien inguruko hitzaldiak eta dibulgazio eta kontzientziazio proiekzioak; Rultand Water erreserba naturalera ateraldiak eta bisita gidatuak; edota natura aztertu eta ezagutzearen inguruko haurrentzako ekintzak.