Acciones promocionales


23 api. 18

Nafarroako Turismo Zuzendaritzak Nafarroako eskaintza turistikoa aurkeztuko du Italian, Errusian, Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Holandan 2018ko lehen erdian

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak Foru Komunitatearen kulturan, naturan eta gastronomian dagoen aniztasuna sustatuko du nazioko eta nazioarteko 15 feria eta 4 ‘fam trip’-etan. Nafarroa MICE turismorako eta osasun-turismorako helmugatzat sustatzea izan da turismoa sustatzeko jada burututako beste ekintzetako bat.



Feria Sevatur en Donosti-San Sebastián

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritzak, Foru Komunitateak turismorako eta biltzarrak egiteko helmugatzat duen potentziala ezagutarazteko asmoz, guztira, nazioko eta nazioarteko 15 feria eta 4 fam trip edo ezagutarazteko bidaiatan aurkeztuko du Nafarroako eskaintza turistikoa Italian, Irlandan, Alemanian, Holandan, Errusian eta Frantzian, 2018ko lehen seihilekoa amaitu bitarte.

Horrela, bada, nazioarteari dagokionez, martxoaren 21etik 25era bitarte, bi kazetari alemaniar Nafarroan izan ziren ezagutarazteko bidaiak edo fam trip bidaiak egiten; Alemaniako Fame Lab agentziak antolatu zituen bidaiak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin batera, Lufthansa konpainiaren zuzeneko hegaldiak Iruñera iristen hasi direnez. Nafarroako egonaldiaren ardatza Iruñea izan zen, city break helmugatzat hartuta, eta Nafarroako gastronomia ere ezagutu zuten. Kazetariek elkarrizketak egin zizkieten Foru Komunitate osoko tokiko ekoizleei, eta artikulu bat argitaratuko dute Stuttgart eskualdeko egunkarien partzuergoaren asteburutako gehigarrian, baita Food & Farm gastronomia-aldizkarian ere.

Apirilaren 9tik 12ra bitarte, Nafarroak Roadshow España 2018 ekitaldian parte hartu zuen; Turespañak antolatu zuen ekitaldia, Italiako lau hiritan: Erroma, Florentzia, Verona eta Turin. Ekintza horri esker, Foru Komunitatea Italiako harrera-agentzia multzo batekin harremanetan jarri da eta, hartara, eskaintzaren eta eskariaren arteko interakzioa sustatzen da. Sustapen-ekintza hori, batik bat, ‘turista kosmopolita’ target-ari zuzenduta dago, hau da, kultura eta gastronomia-eskaintza interesatzen zaizkiona, batez bestekoa baino erosteko ahalmen handiagoa duena, bidaiatzen ohituta dagoena, batez beste 50 urte inguru dituena, ingurumena errespetatzen duena eta esperientzia berriak bizi nahi dituena tokiko kulturan murgilduta.

Nazioan, aldiz, otsailaren 16tik 18ra bitarte, Bilera eta Ekitaldien Turismoan espezializatutako EAEko agentzietako 13 profesional Foru Komunitatean izan ziren sektore horretara berariaz bideratutako fam trip batean; MICE Mahaiak antolatu zuen, Turismoko Marketingaren Zerbitzuarekin batera.
Bilera-turismoaren azpisegmentuetara bideratutako harrera-zerbitzuak indartzea zen fam trip horren helburua. Egonaldian Iruñea, Olite (bi upategi ikusi zituzten), Zugarramurdiko kobazuloak eta Elizondo ezagutu zituzten.

Ez dugu ahaztu behar bilera eta ekitaldietako turismoa lehentasunezko segmentutzat hartzen dela 2018-2025 aldirako Turismo Plan Estrategikoan.

Apirilaren 9tik 11ra bitarte, beste prentsa-bidaia bat antolatu zen GEO aldizkariarentzat; bidaia horretan, Marco Ansaloni kazetariak Nafarroako hainbat toki ezagutu zituen eta, gero, Nafarroako kondaira eta legendei buruzko erreportaje bat idatziko du, autonomia-erkidego guztiak biltzen dituen proiektu zabalago baten barruan.

AtlanticOnBike proiektuaren workshop-a

Irlandako Letterkenny hirian, apirilaren 24tik 27ra bitarte, AtlanticOnBike proiektuari buruzko ekitaldietako bat izango da eta Nafarroak ere parte hartuko du, proiektuan biltzen diren zazpi herrialdetako 21 bazkideen ordezkariekin batera: Norvegia, Erresuma Batua, Irlanda, Belgika, Frantzia, Espainia eta Portugal.

AtlanticOnBike nazioz gaindiko lankidetza-proiektu bat da, eta helmuga turistiko europar jasangarri bat garatzea du xede, bizikletentzako nazioz gaindiko EuroVelo1 ibilbidean, Ibilbide Atlantikoan oinarrituta, Norvegiatik Portugalera.

Ferietako presentzia

Urteko lehen seihilekoan, Nafarroako Turismo Zuzendaritzak nazioko eta nazioarteko ferietan parte hartu du. 2018aren hasieran, Vakantiebeurs feria generalista izan zen, urtarrilaren 9tik 14ra bitarte, Utrecht-en (Holanda). Gero, FITUR 2018 Turismoko Nazioarteko Ferian eta FITUR Salud ferian ere egon zen Nafarroa, urtarrilaren 17tik 21era bitarte, Madrilen.

Otsailera igarota, Europako hainbat hiritan izandako turismo-ferietan egon zen Nafarroa, batik bat, Frantziako eta Alemaniako merkatuetan. Otsailaren 7tik 11ra bitarte, lehen aldiz parte hartu zuen Nafarroak Alemaniako Hanburgo hirian egiten den Reisen Hamburg ferian, Turespañari esker. Lufthansa konpainia Frankfurtetik Iruñera eta alderantziz egiten hasi den hegaldiak izan dira parte-hartze horren eragile. Ia egun berdintsuetan (otsailaren 9tik 11ra bitarte), Nafarroa Frantziako Tolosako Mahana Erakusketan izan zen, eta BTTko ibilbideak, mendi-ibiliak eta bide berdeak aurkeztu zituen, Errege Bardeez gain.

Otsailaren erdialdera, Frankfurt hiriko Emea Sales Conference-n parte hartu zuen, eta Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak Nafarroa helmuga turistikotzat aurkeztu zien Lufthansa konpainiako mundu osoko zuzendari eta komertzialei. Alemanian jarraituta, Munich hirian F.RE.E feria izan zen otsailaren 21etik 25era eta, Turespañari esker, Nafarroak natura-turismoan duen eskaintza eta Done Jakue bidea aurkeztu zituen. Egun horietan ere, Iruñean Navartur feria izan zen.

Martxoan, Nafarroako Turismo Zuzendaritza lau feriatan egon zen. Lehena, Berlingo ITB (martxoaren 7tik 11ra bitarte); Turespañaren standean erakusmahai berezia izateaz gain, Alemaniako turismo-sektoreko profesionalekin hainbat elkarrizketa egin ziren.  Martxoaren 9tik 11ra bitarte Donostian izandako Sevatur ferian parte hartu zuen Nafarroako Turismo Zuzendaritzak, stand berezi eta guzti; feria horretan, Nafarroako elkarte gehiagok ere parte hartu zuten, hala nola AEHN elkarteak, Nekazal Turismoa Federazioak, Kanpinen elkarteak, Iruñaldea Iruñerriko Landatxeen elkarteak, Plazaola partzuergoak, Lizarraldea partzuergoak eta Iranzuko Lurrak elkarteak.

Martxoaren 13tik 15era bitarte, MITT Mosku (Errusia) ferian egon zen Nafarroa, mundu osoko bost turismo-feria garrantzitsuenetako batean. Nafarroako Turismo Zuzendaritzak Turespañaren stand-ean parte hartu zuen, Nafarroako Osasun Klusterrarekin batera. Azkenik, martxoaren 15etik 18ra bitarte Pariseko Destination Nature Erakusketan parte hartu zuen; natura-turismoari eta mendi-ibiliei buruzko eremuan egon zen Nafarroa, Errege Bardeei eta Done Jakue Bideari buruzko informazio-eskaerari erantzuten. Halaber, iragan asteburuan (apirilaren 20an eta 21ean) Nafarroako Turismo Zuzendaritzak B Travel ferian parte hartu zuen Bartzelonan.

Hurrengo asteburuan (apirilaren 27tik 29ra bitarte), berriz, Nafarroak Bordeleko Festival Basques à Bordeaux jaialdian parte hartuko du. Lehenengo aldia izango da feria horretan parte hartzen dutela bai Nafarroak, bai Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek, baita Euroeskualdeko lurraldeek ere (Nouvelle-Aquitaine, Pyrénées Atlantiques eta Béarn). Euskal kultura, hizkuntza, tradizioak, gastronomia eta abar Bordelen ezagutaraztea da asmoa. Nafarroari dagokionez, AEHN, IrrisarriLand, Urdazubiko Udala eta Naparbideak ere izango dira bertan, Reyno Gourmet produktuekin.

2018ko lehen seihilekoan Nafarroako Turismo Zuzendaritzak turismo-ferietan egingo dituen parte-hatzeekin bukatzeko, maiatzaren 4tik 6ra bitarte Expovacaciones ferian egongo da, Bilbon. Ekintza horiek guztiak 2018-2025 aldirako Turismo Plan Estrategiko berriaren barruan sartzen dira; planaren helburuetako bat da, besteak beste, Nafarroaren posizioa sendotzea hurbileko merkatuetan eta atzerriko turista gehiago iristea, oporraldietatik kanpo bisitarien fluxuak erakarri ahal izateko eta bisitaldien urtarokotasuna apurtzeko.