Acciones promocionales


13 aza. 17

Bere eskaintza turistikoa aurkeztu du Nafarroak estatuko eta nazioarteko 18 azoka eta fam trip bidaiatan urteko bigarren seihilekoan

Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusia, Lufthansak Frankfurtetik egiten dituen hegaldiak direla-eta, hainbat ekitaldi ari da antolatzen zenbait erakunderekin, sektore turistikoko enpresa batzuekin eta Alemaniako beste zenbait kazetarirekin herrialde horretako turistak erakartzeko. Txinako, Errusiako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Alemaniako sektore turistikoko 80 profesional inguruk ezagutzen dute jada Foru Komunitateko dibertsitate kultural, natural eta gastronomikoa familiarizazio-bidaien bidez.



Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak aurrera jarraitzen du Nafarroako eskaintza turistikoaren aurkezpenarekin 2017ko bigarren seihileko honetan, estatuko eta nazioarteko 18 azoka eta fam trip bidaiekin. Lufthansa konpainiak Frankfurtetik Nafarroara egiten dituen hegaldiak martxan jartzearen ondorioz burututako zenbait ekintza dira nabarmentzekoak azkenaldian, ekintza horiek zuzeneko konexioa ahalbidetzen baitute Foru Komunitatearen eta Europako aire-garraioko gune nagusietako baten artean.

Alemaniako eta Europako turistak Nafarroara erakartzeko helburuarekin aurkezpen bat egin zen Frankfurten urriaren 18an, operadore turistikoei zuzendutakoa, eta bertan Alemaniako hogeita hamarren bat operadorek, sektore turistikoko dozena bat enpresak, Nafarroako zenbait harrera-agentzia eta alojamendu-elkarteek, Foru Komunitateak Alemanian dituen agente turistikoek, Espainiako Frankfurteko Turismo Bulegoak eta Lufthansa konpainiaren ordezkari batek parte hartu zuten.

Lufthansaren inaugurazio-hegaldiarekin aldi berean, fam trip bidaia bat antolatu da Alemaniako komunikabideekin, azaroaren 6tik 9ra bitarte, eta bertan Alemaniako bederatzi kazetarik parte hartu dute, hainbat komunikabidetakoak, komunikabide horien artean Frankfurter Allgemeine Zeitung, Ruhr-Nachrichten Dortmund, Touristik Aktuell, Neue Osnabrücker Zeitung, Augsburger Allgemeine Zeitung, Der Sonntag edo ZGM - Westfälische Nachrichten eskualde-egunkarien taldea daudelarik, besteak beste. Gure artean egin duten egonaldian, Nafarroako hainbat leku bisitatu dituzte kazetari alemaniarrek, hala nola Iruñea, Otazu upategia, Trufaren Museoa, Urederra ibaiaren iturburua, Nafarroako Errege Bardeak, Eunate eta Gares.

Azaroaren 15etik 19ra bitarte ere beste fam trip bidaia bat egingo da Alemaniako blogariekin, eta hainbat leku ezagutuko dituzte, hala nola Belagua, Erronkari, Irunberriko Arroila, Nafarroako Errege Bardeak, Erriberri, Iruñea, edo Donejakue Bidearen zati bat.

Azoketako presentzia

Urteko bigarren seihilekoan Nafarroako Turismoa Erresuma Batuko eta Holandako zenbait azokatan egon da. Hala, abuztuaren 18tik 20ra bitarte, Ingalaterrako Rutland hirian egon zen, British Birdwatching Fair ornitologia-azokan, eta irailaren 19tik 23ra bitarte, 50Plus Ferian parte hartu zuen, Holandako Utrecht hirian, hain zuzen ere 50 urtetik gorakoentzat munduan urtero antolatzen den ekitaldirik garrantzizkoenean.

Datozen hilabeteetarako, Departamentuak Estatuko lau ekitalditan parte hartzea aurreikusi du. Azaroaren 12tik 14ra bitarte, Fairway Donejakue Bidearen II. Forumean parte hartuko du, Galiziako hiriburuan. Hurrengo eguneko hitzordua Iruñean egongo da. Azaroaren 15ean eta 16an 948 Merkatua Nafarroako arteen merkatuaren lehen edizioa egingo da bertan, eta Nafarroako kulturaren eremu profesionaleko produktuak erakutsiko zaizkie erkidego eta probintzia mugakideetako (Aragoi, Euskadi, Errioxa eta Akitania) banatzaile eta bestelako agenteei eta beste lurralde eta eremuetako agente espezializatuei.

Azaroaren 23tik 26ra bitarte Valladoliden parte hartuko du INTUR Barne Turismoaren Nazioarteko Azokan, barne-turismoaren eremu guztietan diharduten beste hainbat enpresa, erakunde publiko eta profesionalekin batera. Eta, azkenik, azaroaren 28tik 30era bitarteBartzelonako IBTM World azokan parte hartuko du, bilera, pizgarri, hitzaldi, ekitaldi eta negozio-bidaien industriaren munduko ekitaldi nagusian.

Fam tripak Nafarroa bertatik bertara ezagutzeko

Joan den uztailaz geroztik Nafarroako Turismoak hainbat fam trip antolatu ditu Estatuan zein nazioartean (Lufhtansaren hegaldien etorrerarekin zerikusia dutenez gain), turismo-sektoreko 80 profesionali, gutxi gorabehera, Foru Erkidegoaren eskaintza bertatik bertara ezagutzeko aukera emateko.
 
Irailaren 12tik 16ra bitarte Guangdong (Txina) eremuko bost kazetarik Nafarroako kultura-, natura- eta gastronomia-aniztasuna ezagutzeko aukera izan zuten, Espainiak Guangdongen duen Turismo Bulegoak eskaturik Nafarroako Turismo Marketineko Zerbitzuak antolatutako bidaian. Txinako kazetariek Nafarroako festa eta tradizioak ezagutu nahi zituzten bereziki, eta horregatik  Zangozan, Erriberrin eta beste zenbait herritan egon ziren, bertako jaiak bertatik bertara ikusteko.

Horrez gain, urteko bigarren seihilekoan Frantziako bederatzi kazetari Foru Komunitatean barrena ibili dira bost fam tripen esparruan, eta horri esker Nafarroako hainbat bazterretan egon dira, besteak beste Iratiko basoan, Errege Bardeetan edo Iruñean.

Bestetik, Erresuma Batuko kazetari batek aukera izan zuen, abuztuaren 31tik irailaren 9ra bitarte, Nafarroako Pirinioak sakonetik ezagutzeko, Bidasoa, Baztan, Zaraitzu eta Erronkari ibarretan eta Done Jakue bidean egindako ibilbidean. Nafarroako osasun-erreferentzia sendoa da nazioartean, eta horrek ere nazioarteko operadoreak erakarri ditu. Hala, urriaren 7tik 13ra bitarte, Errusiako 11 bidaia-agentek hainbat osasun-zentro, bainuetxe eta hotel bisitatu zituzten, eta Foru Komunitatearen hainbat eremutan barrena ibili ziren.

Bestetik, irailaren 22tik 24ra bitarte, Nafarroako Turismoak ETB1en Gailurra XTREME mendi-lasterketa, abentura eta arrisku-kirolei buruzko saioari babesa eman zion, GR-11 Pirinioetako Ibilbidearen Nafarroako tarteari eskaini zioten atalean.

Helburua: Europako turistak erakartzea

Familiarizazio-bidaiak edo fam tripak sustapen-ekintzak dira, turismo-operadore, kazetari eta bidaia-agentziei eskaini ohi zaizkienak helmuga turistiko baten esperientzia bertatik bertara eduki dezaten, eta, jarraian, bizipen hori zabal dezaten, Europako merkatuko turistak erakartzen jarraitzeko helburuarekin.

Gogora ekartzekoa da 2017-2025 urteetarako Turismo Plan Estrategikoaren helburua atzerriko turista kopurua igotzea eta Espainiako bidaiarien bolumena sendotzea dela, opor-denboraldietatik kanpo bisitari-fluxuak erakartzeko eta bisitaldien urtarokotasuna apurtzeko.