Acciones promocionales


26 urr. 17

Nafarroako RuralSuite hotelak Ostalaritzako Sari Nazionala lortu du desgaitasuna duten pertsonekin erakutsitako konpromisoarengatik

Lau izarreko establezimendua da, Cascanten dago (Nafarroako Erribera) eta Ostalaritzako Espainiako Federazioak eman dio saria.



Cascanteko (Nafarroako Erribera) RuralSuite hotel nafarrak Ostalaritzako Sari Nazionala irabazi du, Ostalaritzako Espainiako Federazioak ematen duen saria, desgaitasuna duten pertsonekin konprometitutako ostalaritza-enpresa delako, eta Salamancan jasoko du azaroaren 28an errekonozimendu hori, Ostalaritzako XI. Sari Nazionalen emate-galaren ekitaldian.

RuralSuite duela zazpi urte sortu zuten, guztientzat irisgarria den turismo-eskaintza bat lortzeko ideiari jarraikiz, jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin konprometitutakoa, eta eskaintza gastronomiko bikain batekin. RuralSuite, guztiontzako hotel bat.

Ostalaritzako Espainiako Federazioaren Sariek hainbat alderditan –hala nola berrikuntzan, erantzukizun sozialean, kulturaren babesean, jasangarritasunean edo pertsonekiko konpromisoan– nabarmendutako establezimendu, enpresa eta erakundeen lana aitortzen dute. Sektorearentzako adibidetzat hartzen dira sari horiek ostalaritza handiagotzeko egiten duten ekarpenarengatik eta jarraitzeko eredu egokiak direlako.

Hotel irisgarria

Saritutako hotelaren jatetxea eta kafetegia, baita gune erkideak eta apartamentuak ere, guztiz irisgarriak dira gurpildun aulkietan doazen pertsonentzat, eta beharrezkoa zaien leku guztia dute transferentzia egiteko eta 360ºko bira eroso emateko. Jatetxeak intolerantzia duten pertsonentzako egokitutako menuak ere baditu.

Zoladurak UNE araua betetzen du, seinaleak Braillen daude eta argi-seinaledun txirrinak ditu entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzat. Apartamentuetako sukaldeak guztiz egokituta daude, armairuen altuerari zein bira emateko lekuari eta beheko altzarien egokitzapenari dagokienez, gurpildun aulkiak aurre-aurretik hurbiltzea errazteko.

Gainera, erreserbak errazago egin daitezke hotelaren beraren webguneari eta Native Hotels webguneko erreserba-motorrari esker, arrazoi fisikoak edo sentsorialak direla-eta beste webgune konbentzional batzuetara sartzeko aukera ez duten milioika pertsonek erabil baitezakete azken webgune hori.

Era berean, RuralSuite hoteleko egonaldia pertsona guztientzako irisgarriak diren jardueren eskaintzarekin osatzen da, Activa Experience enpresaren bidez, pertsona horien gaitasun fisiko eta sentsorialak edozein izanda ere.

Erribera eta bertako eskaintza turistikoa

RuralSuite Nafarroako Erriberan dago, Tutera hiritik –Erriberako hiriburutik– oso hurbil; arabiarrek fundatu zuten IX. mendean hiria eta bertan bizi izan zen komunitate judua poeten, filosofoen eta bidaiarien sehaska izan zen. Monumentu aipagarriena katedrala da, meskita zaharraren gainean eraikitakoa, eta Azken Judizioaren portada erromaniko bikaina, klaustro erromanikoa eta hiriko zaindari Santa Anaren kapera barrokoa dira eraikinaren elementu nabarmenenak.

Erribera ordeken lurraldea da, burzuntzez, sahatsez eta makalez hornitutako zuhaiztiekin, eta Errege Bardeako Parke Natural ikusgarriarekin. Erriberan nahitaez egin beharreko bisitaldiak ditugu La Olivako monasterio zistertarraFiterokoa edo TulebraskoaCorellako herria, bertako jauregi barroko eta errenazentistekin, edo Tarazonicaren Bide Berdea ere aukera interesagarriak dira. Eta familiaren aisialdirako, Sendaviva parkea, atrakzioak, animaliak eta ikuskizunak uztartzen dituena.

Lurraldeak, gainera, baratze-tradizio oso handia du, barazkien erresuma da, nazioarteko ospea duten produktuekin, hala nola pikillo-piperrak, Tuterako kukuluak, zainzuriak edo alkatxofak, osagai horietako zenbait izar-plateraren, hau da, barazki-menestraren, protagonista direlarik.