Acciones promocionales


10 urr. 17

2016. urtearekin alderatuta, ostatu-gauek % 6,8ko igoera izan dute Nafarroan abuztura arte

Urteko lehen zortzi hilabeteetan, ia milioi bat turistak aukeratu dute Foru Komunitateko turismo-ostatuen sarea beren egonaldirako. Abuztuan, 19.000 pertsonak bisitatu dute Urederra ibaiaren iturburua, eta, beraz, aurreko urtean baino % 77,72 bisitari gehiago izan dira.



Nafarroan araututako turismo-ostatuetan, guztira 2.211.325 ostatu-gau erregistratu dira urteko lehen zortzi hilabeteetan (hau da, aurreko urtean baino % 6,8 gehiago), Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera.

Nafarroako ostatu-sareak 994.340 turista hartu ditu guztira abuztura arte, eta, beraz, % 4,1eko igoera izan da 2016ko aldi berarekin alderatuta. Turista horietatik, 724.280 Estatukoak ziren (% 72,84), eta 270.060 beste herrialde batzuetakoak (% 27,16). Jatorriari dagokionez, bidaiarien % 19,09 Europar Batasuneko herrialdeetatik iritsi dira, % 16,63 Euskaditik, % 13,20 Madriletik, % 11,10 Kataluniatik eta % 24,37 beste autonomia-erkidego batzuetatik.

Turista bakoitzeko batez besteko egonaldia 2,22 egunekoa izan da abuztura arte, hau da, 2016ko aldi berean baino % 2,6 gehiago.

Hotelen okupazio- eta errentagarritasun-mailaren gorakada

2016. urtearekin alderatuta, Nafarroan eskainitako ostatu-mota guztietan egin du gora okupazioak. Gorakadarik handiena landetxeek izan dute (% 19,5), eta, haren atzetik, aterpetxeek (% 10,4), hotel-establezimenduek (% 9,3), apartamentuek (% 4,5) eta kanpinek (% 2,2).

Era berean, Nafarroako hotel, ostatu eta pentsioen sektoreko fakturazioak gora egin du bisitari kopuru handiagoaren ondorioz. Zehazki, eguneko eta gelako batez besteko diru-sarrera 34,88 euro izan da, eta, beraz, errentagarritasunak % 15eko igoera izan du 2016. urtearekin alderatuta. Halaber, hotel-sektorean, okupatutako gela bakoitzeko eguneko batez besteko fakturazioa 65,44 eurora iritsi da, eta, beraz, % 4,6ko igoera izan da.

Bestalde, Nafarroako Hotelen Prezioen Indizea 85,75 puntura iritsi da (2016ko aldi berean baino % 3,1 gehiago). Landetxeei dagokienez, prezioen indizeak behera egin du zertxobait (% 1,3), baina oraindik 40 puntutan gainditzen du Estatuko batezbestekoa.

Turismo Bulegoen Sarea eta turismo-baliabideak

Urteko lehen zortzi hilabeteetan, turisten eta txangozaleen 332.547 kontsulta presentzial jaso ditu Nafarroako Turismo Bulegoen Sareak. Kopuru hori, nolanahi ere, 2016koaren oso antzekoa da (332.301 kontsulta urte horretan).

Jatorriari dagokionez, turismo-bulegoetara hurbildutako bisitarien % 77,45 Estatukoak ziren (257.555 pertsona guztira). Autonomia Erkidegoak kontuan hartuta, bisitariak Madriletik (% 16,14), Kataluniatik (% 16,13), Euskaditik (% 14,25) eta Nafarroatik (% 13,10) iritsi ziren. Urtarriletik abuztura bitarte, Estatuko turistek gehien bisitatu dituzten bulegoak Iruñekoa, Erriberrikoa, Otsagabiakoa eta Tuterakoa izan dira, ordena horretan.

Atzerriko bisitariak 74.992 izan dira (guztien % 22,55), eta, haietatik, % 40 Frantziatik iritsi ziren, % 8,4 Alemaniatik, % 7,7 Italiatik, % 7,54 Ameriketako Estatu Batuetatik, % 5,80 Britainia Handitik eta % 4,84 Holandatik. Atzerriko turistek Iruñea, Orreaga, Lizarra eta Xabierko bulegoak bisitatu dituzte nagusiki.

Nafarroara iritsitako turistek gehien bisitatu dituzten jomugei dagokienez, azpimarratu beharra dago turismo-baliabide berrietara egindako bisitaldi kopuruaren igoera handia. Adibidez, Urederra ibaiaren iturburuak 19.190 bisitari izan ditu 2017ko abuztuan, hots, joan den urteko abuztuan baino % 77,72 gehiago.

Urteko lehen zortzi hilabeteetan, Nafarroako gainerako turismo-baliabideek 532.458 bisitari hartu dituzte, hots, joan den urtean baino % 6,97 gehiago. Bisitari kopururik handienetik txikienera, lekurik bisitatuenak honako hauek izan dira: Erriberriko Errege Jauregia (163.436 bisitari), Zugarramurdiko Leizea (97.746 bisitari) eta Bertizko Parke Naturala (62.340 bisitari). Nolanahi ere, bisitari kopuruaren gorakada nabarmena izan da Zugarramurdiko Sorginen Museoan (% 32,47), Zugarramurdiko Leizean (% 14,43) eta Andelosko Arkeologia Museoan (% 13,42).

Gizarte Segurantzarako afiliazioek gora egin dute

Gizarte Segurantzak emandako datuen arabera, Nafarroako turismo-sektorean afiliatuta dauden pertsonen kopuruak, 2016. urtearekin alderatuta, % 2ko igoera izan du urteko lehen zortzi hilabeteetan, eta 17.350 pertsonara iritsi da. Egindako jarduera ekonomikoa kontuan hartuta, gorakadarik handiena ostatu-zerbitzuetan gertatu da (2.680 afiliatu daude, hots, aurreko urtean baino % 3,8 gehiago), eta, ondoren, janari- eta edari-zerbitzuetan (14.307 afiliatu, hots, 2016an baino % 1,8 gehiago). Bestalde, bidaia-agentziei eta bidaia-agentzia handizkariei lotutako jardueretan, afiliazioek behera egin dute 2016. urtearekin alderatuta (% 3,8), eta 363 afiliaziotan geratu dira.