Acciones promocionales


29 ira. 17

MOVE2017 nazioarteko konferentziak landa-inguruneetako eta hiri-inguruneetako turismo jasangarri eta burutsua aztertuko du Iruñean

Azaroaren 22, 23 eta 24an egingo da, eta Nafarroako Gobernuaren eta Turismoaren Mundu Erakundearen babesa jasoko du. Kudeaketa jasangarri bat lortzeko sektoreari buruzko datuak nola neurtu eta estatistikak nola interpreta daitezkeen aztertuko dute turismoan adituak diren mundu osoko hainbat pertsonak.



MOVE2017 nazioarteko konferentziaren bosgarren edizioa Iruñean egingo da. Bertan, turismoaren sektorearen egoera aztertuko da, eta hiri- eta landa-jomuga turistikoak era jasangarrian kudeatzeko datuak lortzea ahalbidetuko duten faktore neurgarriak hartuko dira bereziki kontuan.

Konferentzia azaroaren 22tik 24ra bitarte egingo da, eta Nafarroako Gobernuaren, Turismoaren Mundu Erakundearen (hots, turismo arduratsu, jasangarri eta denentzat eskuragarri bat sustatzeko ardura duen Nazio Batuen erakundearen), In2destination izeneko turismo-ikerketako enpresaren eta INRouTe nazioarteko sarearen babesa jasoko du.

MOVE konferentzia bi urtean behin egiten da 2009. urteaz geroztik, eta Iruñean turismoaren sektoreko 200 profesional baino gehiago biltzea espero da. Aurretik topaketaren egoitzak izan ziren hirien artean, San Juan de Puerto Rico (2015), Medellín (2013), Bilbo (2011) eta Donostia (2009) azpimarra daitezke.
 
Eskualde Ekonomia, Mugikortasun eta Turismoko Nazioarteko Sarearen (INRouTe) esparruan, turismoak jomugetan duen inpaktua neurtzearen garrantziaren inguruko kontzientzia sortzen eta jomuga horiek era jasangarrian kudeatzen laguntzea da biltzarraren helburu nagusia. Neurketa hori bereziki konplexua da maila azpinazionalean. Horretarako, biltzarrak In2destination enpresaren babesa dauka. Enpresa horrek jomuga, baliabide eta enpresa turistikoen garapena, sendotzea eta eraldaketa bultzatzeko aholkularitza teknikoa eta estrategikoa eskaintzen du, betiere kudeaketa burutsu, jasangarri eta inklusibo bati begira. In2destination enpresako sortzaile Nagore Espinosa doktorea MOVE konferentziaren zientzia-batzordeko presidentea da, eta konferentziaren programaren garapena zuzentzen du.

Nafarroa konprometituta dago turismo jasangarriarekin eta neurketa zorrotzean oinarritutako plangintza batekin. Konferentziak talentua eta esperientziak (bide honetatik jarraitzeko inspirazio-iturri izango direnak) ekarriko ditu.

Hitzaldiak eta lan-mahaiak hiru jardunalditan

Konferentzia ingelesez eta gaztelaniaz egingo da. Aztertuko den gaia –hiri-turismo eta landa-turismo jasangarria– bereziki interesgarria da Nafarroarentzat. Hitzaldien programa zabalaren barruan, turismoan adituak diren mundu osoko pertsonek hartuko dute parte, eta turismoari, lurraldeari eta jasangarritasunari buruzko mintzaldi batek emango dio hasiera programari.

Hiru egunetan, turismoaren inguruko datuak neurtzeko eta estatistikak interpretatzeko modua aztertuko da hainbat saiotan, kasu errealetan oinarrituta. Halaber, ospe  handiko jomugek (hala nola Veneziak eta Orlandok) aurrean dituzten jasangarritasun-erronkak eta orekak lortzeko diseinatzen eta inplementatzen ari diren estrategiak aztertuko dira. Gainera, hainbat herrialdek (hala nola Japoniak, Kolonbiak, Espainiak, Italiak edo Alemaniak) maila azpinazionalean turismoaren inguruko neurketak egiteko jarraitu dituzten estrategiei buruz eztabaidatuko da.

Estatistika ofizialen datuez gain, Big Data soluzioen erabileraren inguruko esperientziak eta beren baliabideekin eta datu errealetan oinarrituta kudeatzeko helburuarekin neurketak egin dituzten tokiko jomugetako arrakasta-kasuak (hala nola Gernika eta Austria, Kroazia eta Alemaniako azpieskualdeak) aztertuko dira.

Era berean, Nazio Batuek 2030. urterako zehaztutako garapen jasangarriko helburuak lortzeko bideak landuko dira, eta gizarte- eta lurralde-kohesioari eta turismoaren kudeaketa jasangarriak dakarren erronkari buruz hitz egingo da.

Nazioarteko ospea duten hizlariak

MOVE2017 konferentzian, turismoaren sektoreko ospe handiko adituak izango ditugu, hala nola Tadayuki Hara (Central Floridako Unibertsitateko –Orlando– Dick Popo Turismo Azterketen Institutuko ikertzaile nagusia), Mara Manente doktorea (Veneziako Ca’Foscari Unibertsitateko Turismoaren Ekonomiako Azterketen Nazioarteko Zentroko zuzendaria 1996. urteaz geroztik), Terry Stevens irakaslea (jomugen garapenean espezializatuta dagoen eta 50 herrialde baino gehiagotan diharduen Stevens&Associates turismoko aholkularitza-enpresaren sortzailea) eta Oscar Perelli del Amo (Exceltur Turismo Bikaintasunerako Aliantzako ikerketa-gerentea eta Horizonte 2020 Espainiako Turismo Plan Estrategikoaren barruko Jakintza Turistikoko eta Estatistiketako Adituen Batzordeko kidea).

Halaber, Álvaro Carrillo (Hotelen Institutu Teknologikoko –ITH– zuzendaria), Calvin Jones irakaslea (turismoaren ekonomian eta kirol-ekitaldi handietan aditua) eta Antonio Massieu (INRouTe sareko presidentea eta Turismoaren Mundu Erakundeko Turismo Estatistikako Unitateko zuzendari ohia) izango ditugu MOVE2017 konferentzian. Horiez guztiez gain, nazioartean ospe handia duten beste hizlari batzuk etorriko dira.

MOVE 2017 konferentziara joan nahi duten pertsonek online formularioa bete beharko dute izena emateko, honako webgune honetan: http://move2017.inroutenetwork.org/register/register/