Acciones promocionales


05 ira. 17

Nafarroako Turismoak bisitarien kopurua eta profila aztertzen ari da Urederra ibaiaren iturburuan, Allozko urtegian eta Xorroxin ur-jauzian

Nafarroako Gobernuak bisitaria hobeto ezagutu nahi du, eta hark lurraldean duen inpaktua eta baliabide natural horien kudeaketan esku hartzeko egiten dituen gomendioak jakin nahi ditu.




Nafarroako Gobernuko Turismo Marketineko Zerbitzuak zehatzago jakin nahi du Urederra ibaiaren iturburukoAllozko urtegiko eta Xorroxin ur-jauziko bisitariak nondik datozen, haien bidaiaren arrazoia, bisitariaren profila, bidaiari mota, baita turismo-gasturako dituen ohiturak eta erabiltzen dituen alojamendu modalitateak ere, behin betiko onartzeko dagoen Turismoko Plan Estrategiko berriari jarraikiz.

Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak bere helburuen artean ezartzen du orokorrean eredu jasangarrietara orientatzea ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-dimentsioetan, eta lurraldearen, kulturaren eta paisaiaren parte-hartzea Nafarroako Foru Komunitatea bereizteko garaian, betiere Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia Europarra (RIS3) kontuan izanik.
 
Azterlan horiekin bidaiaren egitura ere aztertu nahi da, Urederra ibaiaren iturburua, Allozko urtegia eta Xorroxin ur-jauziaz gain zein gune bisitatzen dituen eta inguruko zein baliabide eta udalerri ezagutzeko asmoa duen jakiteko.

Era berean naturagune horiei buruz dituzten iritzi positibo edo negatiboak eta egiten dituzten komentario eta iradokizunak aztertuko dira, Nafarroako baliabide naturalen garapena, arreta eta sustapena hobetzeko helburuarekin.

Bestalde, ostalaritzan eta turismo-zerbitzuetan egindako gastua eta kontsumoari buruz galdetu zaie. Datu horien bitartez baliabidean bertan duten zuzeneko eta zeharkako inpaktua ezagutu ahal izango da, baita gune horretan duen eragina ere.

Azterlan horien bitartez zehatzago ezagutuko dira bisitari mota eta turistek eta txangolariek gune horretan eta Nafarroa osoan duten inpaktua, informazio hori erabilgarria izan dadin hainbat gairi buruzko erabakiak hartzeko garaian, adibidez turismo-baliabide horien diseinu eta garapenari, lurraldean fluxuak berrorientatzeari edo jarduera berriak garatzeari dagokienez.

Uda honetan egin den lana honako hau izan da: pertsonak eta ibilgailuak zenbatzea, hainbat hizkuntzatan inkestak egitea, eta ondoren enpresa espezializatu batek datuak aztertu eta taula bihurtzea.

Interneteko eta sare sozialetako azterketa

Lan horien osagarri gisa, gune horiek interneten eta sare sozialetan duten presentzia aztertuko da. Horretarako, internauten komentarioak aztertuko dira Big Data analisi-tresnen eta infografiaren bidez. Datu kuantitatiboak (followerrak, komentario kopurua, erabiltzaile kopurua, albiste kopurua, hileko maiztasuna, nabarmentasuna eta abar) eta kualitatiboak (iritzien eta komentarioen azterketa) bilduko dira.

Zehazki, Urederra ibaiaren iturburuan bisitariaren profilari eta interneten eta sare sozialetan baliabideari buruz egiten diren komentarioei buruzko azterketa egingo da, eta eskura dauden erreserba- eta bertaratze-datuekin osatuko da.

Allozko urtegian ere alderdi horiek aztertuko dira, eta turista kopurua aztertuko da eta hainbat neurri proposatuko dira baliabidearen kudeaketa hobetzeko bisitatzen duten pertsonei arreta eskaintzeari dagokionez. Toki-erakundeak egiten ari diren inkestekin eta Nasuvinsa-Lursarea enpresak zuzenduko duen urtegiaren antolamendu-azterlanarekin osatuko da lan hori. Nafarroako Gobernua toki-erakundeekin eta inguruko turismo-agenteekin batera Allozko urtegiari buruzko lan-mahai batean parte hartzen ari da dagoeneko.

Xorroxin ur-jauziaren kasuan, turista nahiz ibilgailu kopurua, bisitariaren profila eta internet eta sare sozialetako presentzia aztertuko dira. Azterlan hori Baztango Udala eta Erratzuko udalerria Gobernuarekin lankidetzan egiten ari diren azterlanarekin osatuko da, zeinean karga-ahalmena eta bertako biztanleen iritzia aztertzen ari diren, eta era berean Erratzun baliabidearen eta turismoaren kudeaketari buruzko azterketa ekonomikoa egiten ari dira.