Acciones promocionales


22 eka. 17

Nafarroa, egun batez aktore izateko agertoki ezin hobea

Uztailaren 1etik urriaren 28ra bitarte, larunbatero, besteak beste ‘Las brujas de Zugarramurdi’ filmeko edo Nafarroako Errege Bardeetako Natura Parkean filmatutako ‘Anacleto: Agente secreto’ filmeko protagonista bihurtu ahal izango dira bisitariak. 18 saio izango dira guztira, eta turistek esperientzia aparta bizi ahal izango dute lurraldeko agertokirik zinematografikoenetan. Parte-hartzaileei filmatutako eszenen grabazio bat emango zaie.



Imajinatu Alex de la Iglesiak Zugarramurdiko leizean bertan filmatu zuen ‘Las brujas de Zugarramurdi’ filmeko akelarrean parte hartzen duzula, Urbasako Mendilerroan zehar zaldi gainean zoazela, Sean Connery eta Audrey Hepburn ‘Robin y Marian’ filmean Sherwoodeko basoan bezalaxe, Emilio Estévezek Iruñean –besteak beste– filmatu zuen ‘The Way’ filmaren trailerraren filmaketan parte hartzen duzula, Bardeetako Natura Parkean tebeoetako agente sekreturik ospetsuena den eta zineman Imanol Ariasek hezurmamitu duen ‘Anacletoren’ misio bat bizi duzula, edota orko edo hobbit bat zarela Iratiko Oihanean, hau da, ‘El Señor de los Anillos’ filmeko alegiazko mundua adierazteko erabili zen Zeelanda Berrikoaren antzeko paisaia batean.

Hori guztia egin ahal izango duzu Turismo Reyno de Navarra erakundeak antolatutako ‘Bisitaldi gidatuak, aktore egun batez’ programari esker. Programa horren barruan, uztailaren 1etik urriaren 28ra bitarteko larunbat guztietan, 18 saio proposatuko dira turistek Nafarroan egin diren filmetako eszenarik ospetsuenetako batzuk filma ditzaten eta esperientzia paregabea bizi dezaten.

Hiru orduko filmaketa eta bideo bat oroigarri

Bisitaldiak turismo-jardueretan diharduten bost enpresak zuzenduko dituzte. Pertsona bakoitzeko prezioa 5 euro da, eta gutxienez hiru bisitari behar dira ‘Robin y Marian’ filmerako, lau bisitari ‘The Way’ filmerako, eta hamar ‘El Señor de los Anillos’, ‘Anacleto’ eta ‘Las brujas de Zugarramurdi’ filmeetarako.

Bisitaldi bakoitzaren hasieran, Nafarroako Zinemaren Bidea azalduko da labur-labur. Ekimen horretan, 13 agertokitan egindako 23 film daude sartuta, eta, haien artean, duela gutxi arrakasta izan duten batzuk (hala nola ‘Ocho apellidos vascos’ eta ‘El guardián invisible’) eta beste klasiko batzuk (hala nola ‘Patton’) ditugu.

Ahal den lekuetan, errealitate areagotuko plaka baten bitartez bistaratuko da taldeek antzeztu beharreko eszena. Ondoren, antzezteko eta taldearen kohesioa lortzeko beharrezkoak izango diren alderdi batzuk lantzen lagunduko duten dinamika dramatiko batzuk proposatuko dizkio enpresa bakoitzak taldeari. Grabatu beharreko eszenaren azalpena eman ondoren, filmaketa egingo da.

Parte hartzen duten talde guztiek beren filmaren bideo bat jasoko dute posta elektroniko bidez. Gainera, bisitaldietan parte hartzen duten eta inkesta betetzen duten pertsonen artean, ‘Reyno Gourmet’ produktuen lote bat zozkatuko da.