Acciones promocionales


16 eka. 17

Sunbillan lehen Ederbidea Zikloturistan parte hartzeko azken plazak

Bidasoko Bide Berdean barrena joango den martxa zikloturista handian parte hartu nahi dutenek izena emateko epea irekita dago ekainaren 18ra arte (igandea). Mugikortasun eta turismo jasangarriak sustatzeko lasterketa ekainaren 24an egingo da, eta bi ibilbideren artean aukeratu ahal izango da. Ibilbide batek 24 kilometro ditu eta besteak 40.




Ekainaren 24an (larunbata) Ederbidea Zikloturistaren lehen edizioa egingo da Sunbillan; martxa zikloturista handia izango da, Bidasoko Berde Bidean barrena mugikortasun eta turismo jasangarriak sustatzeko. Kirol hau atsegin dutenek ekainaren 18ko (igandea) 00:30ak arteko epea izango dute doan izena emateko rockthesport.com webgunean.

Zortzi urtetik gorakoek parte har dezakete, eta zikloturistek bi ibilbideetako bat aukeratu ahal izango dute. Lehen ibilbideak 24 kilometroko luzera du, Doneztebe, Legasa eta Oieregin barrena doa Oronoz Mugaireraino, eta ondoren Sunbillara itzultzen da. Bigarren ibilbideak 40 kilometroko luzera du, Sunbillatik abiatu eta Beran barrena ibili ondoren Sunbillara itzultzen da.

Martxa ez da lehiakorra izango, mugaren alde bateko eta besteko zaletuak elkartzea du helburu, eta Bidasoko eskualdeaz gozatuko ahal izango dute pedalkaden erritmoan eta ingurune natural batean. Parte-hartzaileen artean hainbat opari zozkatuko dira: Baztan-Bidasoko landetxe batean bi asteburuko egonaldia bi lagunentzat, eta sei menu bi lagunentzat Baztan-Bidasoa Turismoa elkargoari atxikita dauden ostalaritza-establezimendutan. Horrez gain, zikloturista guztiek besoko islatzaile bat, pegatina bat eta poltsa bat jasoko dituzte lasterketa hasten denean.

Lasterketa Nafarroako Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak antolatuta eta Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzaren Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin, Ederbidea programaren lehen ekitaldi publikoa da. Nafarroako, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoko mugaz gaindiko lurraldeetan bizikletaren erabilera sustatzeko europar lankidetza-proiektua da Ederbidea.