Acciones promocionales


20 mar. 17

Nafarroako Gobernuak turismo- eta merkataritza-sektoreetarako laguntzak deitu ditu

Enpresa txiki eta ertainek eta turismo- eta merkataritza-enpresek jaso ditzakete diru-laguntzak, eta, besteak beste, establezimenduak hobetzeko, kalitatezko Qa lortzeko, eta ekintzailetza edo lehiakortasuna sustatzeko diru-laguntzak dira.



Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak zenbait laguntza-deialdi onartu ditu Foru Erkidegoko turismo- eta merkataritza-sektoreak bultzatzeko, guztira 1.763.440 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin. Besteak beste, establezimenduak hobetzeko, kalitatezko Qa lortzeko, eta ekintzailetza edo lehiakortasuna sustatzeko diru-laguntzak dira, eta enpresa txiki eta ertainek eta turismo- eta merkataritza-enpresek jaso ditzakete.

Turismo-sektorean hiru deialdi sinatu dira. Lehenik eta behin, enpresa txiki eta ertainentzako diru-laguntzak, 2017an turismo-establezimendu eta -enpresak hobetu eta berritzeko, 325.000 euroko zuzkidurarekin. Batetik, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako enpresa txiki eta ertain turistikoak dituzte jomugan, eta, bestetik, hobetzeko edo berritzeko proiektua egiteko asmoa duten turismo aktiboko eta/edo kulturaleko enpresak. Honako modalitate hauek onartzen dira: hotel-establezimenduak; landetxe eta turismo-apartamentuak; turismo-kanpamentuak; eta turismo-aterpetxeak.

Beste deialdi bat ETE turistikoentzako diru-laguntzei buruzkoa da, eta 2017an kalitatezko Qa lortu eta mantentzeko asmoarekin sortu da. Nafarroako Turismo Erregistroan turismo-kalitatearen Q ziurtagiria ezarri edo berritu duen establezimenduaren titular gisa erregistratutako enpresa txiki eta ertain turistikoentzako diru-laguntzak dira. Deialdi horrek 20.000 euroko zuzkidura dauka.

Turismo-sektorearentzat onartutako hirugarren deialdiak elkarte turistiko, toki-erakunde eta partzuergoak ditu jomugan, eta 2017an garapena eta turismo-marketina sustatzeko diru-laguntzak dira. Batetik, 2017ko urtarrilaren 1ean Nafarroan helbideratutako eta Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako elkarte eta partzuergo turistikoak ditu jomugan deialdi honek, eta, bestetik, 2017ko urtarrilaren 1etik 2017ko urriaren 31ra bitarte deialdi hau arautzen duten oinarrien barruko ekintzak gauzatu dituzten Nafarroako toki rrakundeak. Kasu honetan, aurrekontu-zuzkidura 290.000 euro da elkarte turistikoentzat eta 365.000 euro partzuergo eta toki-erakundeentzat.

Eskaerak aurkezteko hilabeteko epea emango da, deialdi bakoitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaz geroztik. Turismoko http://www.turismo.navarra.es/esp/profesionales/ webgunearen esparru profesionalaren bitartez lor daiteke informazio orokorra.

Merkataritzarako laguntzak

Gainera, Nafarroako Gobernuak beste bi deialdi onartu ditu merkataritzaren sektorearentzat. Txikizkako merkataritzaren eremuko ekintzaileentzako 2017ko diru-laguntza batetik, txikizkako merkataritzan diharduten 10 langiletik beherako mikroenpresentzat eta 50 langiletik beherako enpresa txikientzat, eta honako betekizun hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzat: 2017/01/01etik 2017/11/17ra bitarte, biak barne, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea eta deialdia argitaratu aurreko bi urteetan Nafarroan beren kontura txikizkako merkataritzan jardun ez izana. Deialdi horrek 90.000 euroko aurrekontua du guztira, eta honela banatzen da: 25.000 euro landa-eremuetan kokatutako ekintzailetza-proiektuetarako, eta 65.000 euro Nafarroako gainerako udaletan kokatutako proiektuetarako.

Bigarren deialdiaren barruan txikizkako merkataritza-enpresentzako diru-laguntzak hartu dira, 2017an haien lehiakortasuna hobetzeko, 673.440 euroko aurrekontu-zuzkidurarekin, Kasu honetan, txikizkako merkataritzan bi urte edo gehiago daramaten mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainentzako diru-laguntzak izango dira, eta merkataritza-establezimenduak modernizatu eta berritzeko proiektuetan inbertitzea izango dute xede. Proiektu espezifikoetarako inbertsioen kasurako, urtebeteko edo urtebetetik gorako antzinatasuna eskatuko da. Toki-erakundeek edo beste administrazio publiko batzuek CEIN Centro europeo de empresas e innovación de Navarra zentroarekin elkarlanean sustatutako programa-proiektuetarako ez da antzinatasunik beharko, ezta saltokiak eskualdatzeko ere.

Deialdi horiei buruzko informazio guztia honako webgune honetan dago eskuragarri: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Comercio+y+artesania/Comercio/Default.htm. Merkataritza-sektorearentzako laguntza-eskaerak aurkezteko epea ez da oraindik ireki, datozen egunetan irekiko da.

Emandako loturen bitartez hainbat fitxatan sar daiteke, eta fitxa bakoitzean harremanetarako pertsona ere azaltzen da, turismo- zein merkataritza-sektorearen deialdien inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko