Acciones promocionales


10 mar. 17

Nafarroak turismo irisgarriaren aldeko apustua egiten du

Nafarroako Turismo Marketineko Zerbitzuak jendea animatzen du Foru Erkidegoan dauden egokitutako turismo-baliabideen informazioaren bidalketan parte har dezan. Emaitzak sektorea sustatzeko izango dira baliagarriak eta espezializatutako hainbat plataforma digitaletan argitaratuko dira.



Nafarroako Gobernuko Turismo Marketineko Zerbitzuak ‘Nafarroa irisgarria’ ekimena jarri du abian, Foru Komunitateko turismo-baliabideen irisgarritasun-baldintzei buruzko informazioa ematen duen ‘on line’ gida, eta premia bereziak dituzten pertsonentzat egokitutako establezimendu eta zerbitzuak sustatzen lagunduko duena.

Nafarroan dauden ostatu, museo, jatetxe eta turismo-baliabideen informazio guztia biltzea eta eguneratzea da lehenengo pausoa. Horretarako, inprimaki batzuk bidaltzen hasi da Turismo Marketineko Zerbitzua; baliabide guztien irisgarritasun-maila balioesten da inprimaki horietan eta zazpi kategoriatan daude banatuta baliabide horiek: aterpetxeak; hotelak, hostalak eta ostatuak; museoak, interpretazio-zentroak eta upeltegiak; kanpinak; jatetxeak eta kafetegiak; landetxeak, turismo-etxebizitzak eta apartamentuak; eta baliabide naturalak.

Betetako galdeketa-orria, baita gehienez zortzi argazki biltzen dituen argazki-sorta bat ere, establezimenduaren edo turismo-baliabidearen irisgarritasun-baldintzak erakutsi ahalko dituzten argazkiekin hain zuzen ere, navarraaccesible@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira. Zalantzarik izanez gero Equalitas Vitae aholkularitza-enpresaren langile teknikoak turismo-zerbitzuaren arduradunekin jarriko dira harremanetan, enpresa hori arduratuko baita balorazioa egiteaz.

‘Nafarroa irisgarria’ ekimenarekin bat egitearen onurak

Oztopo nagusiak desagerraraztea eta oztopo horiek gainditzeko alternatibak biltzea aukera bihurtu da turismo-zerbitzuentzat, biztanleriaren % 40k produktu, zerbitzu eta ingurune irisgarriak behar baititu. Gainera, ekimen horri esker, helmuga erakargarriagoa eta adeitsuagoa izango da Nafarroa premia bereziak dituzten pertsona guztientzat.

Negozioen irisgarritasuna egiaztatutakoan, ezaugarrien berri ‘Nafarroa Irisgarria’ ekimenean emango da www.turismo.navarra.es webgunearen bidez, baita www.equalitasvitae.com turismo irisgarrian espezializatutako plataformetan eta ‘Turismo Accesible by Equalitas’ aplikazio mugikorrean ere.

Negozioak ‘on line’ agerikotasunaz baliatuko dira. www.equalitasvitae.com webgunea erreferentziazko ataria da turismo irisgarriaren sustapenari dagokionez Espainian: 400.000 orri baino gehiago ikusiak hilean, 800.000 sarrera baino gehiago hilean, 1.200 saio baino gehiago egunean, ia 11.000 jarraitzaile Facebooken, 2.500 jarraitzaile baino gehiago Twiterreen eta lehenengo postuak bilatzaileen zenbait gako-hitzekin, hala nola ‘hotel irisgarriak’, ‘hotel egokituak’, ‘gurpil-aulkiekin bidaiatzea’, eta abar.