Acciones promocionales


06 mar. 17

Nafarroak estatuko eta nazioarteko 15 azokatan parte hartuko du urteko lehen seihilekoan

Urtarrilean eta otsailean, Foru Erkidegoaren turismo-eskaintza FITUR azokan, Anberesen, Lyonen edo Munichen aurkeztu da. Hurrengo hitzorduak Berlinen, Moskun, Parisen, Bartzelonan eta Euskadin izango dira.



 Urteko lehen seihilekoan Nafarroako turismo-eskaintza zortzi herrialdetan aurkeztuko da, hamabost ekitaldi eta azokatan. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren urteko jarduerak FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izan du abiapuntua, Madrilen, urtarrilaren 18etik 22ra bitarte.

Aurten FITUR azokak 245.000 bisitari izan ditu guztira, iaz baino % 6 gehiago, eta horrenbestez nazioarteko azoka ospetsuenetako bat izaten jarraitzen du, Nafarroako turismo-sektorearen nobedadeak eta jarduerak aurkezteko ezinbesteko erakusleihoa. Besteak beste nabarmentzekoa da Nafarroako Gobernuko ordezkariek 70 bilera profesionaletik gora izan dituztela turismo-sektoreko eta erakunde publikoetako ordezkariekin. Gainera, Nafarroak presentzia handia izan zuen sare sozialetan; horren adierazgarri, Twiterren gehien aipatutako hirugarren autonomia-erkidegoa izan zen. Bestetik, Nafarroak FITUR azokan izan zuen standak hedabideetan 173 inpaktu lortu zituen, eta horrek 1.800.000 euroko itzulera ekonomikoa ekarri du, gutxi gorabehera, publicity alorrean (hedabideetan albisteak sortzeko ekimena).

Urte-hasiera Europako azoketan

Urtarrilean, Nafarroako Turismoa nazioarteko beste bi azokatan egon zen. 11tik 15era Utrechten (Holanda) egon zen Vakantebieurs azokan parte hartzeko, eta 26tik 30era, berriz, Anberesera (Belgika) joan zen, Vakantiesalon opor-azokan parte hartzera. Otsailean Europako beste zenbait azokatan parte hartu zuen, Mahana azokan esaterako, Lyonen eta Tolosan (Frantzia), otsailaren 10etik 12ra bitarte eta 24tik 26ra bitarte, hurrenez hurren; Fiets en Wandelbeurs natura-turismoari buruzko azokan, Utrechten (Holanda), otsailaren 11n eta 12an; edota Municheko (Alemania) F.RE.E azokan, otsailaren 24tik 26ra bitarte. Estatu barruan ere beste bi hitzordu izan ditu, otsaileko egutegia ixteko: NAVARTUR Nafarroako Erresumako Nazioarteko Turismo Azoka, otsailaren 24tik 26ra bitarte egin zena Iruñeko Baluarte Biltzar Jauregian, eta Extremadura Bird Watching Fair Ornitologia Turismoko Nazioarteko Azoka, Monfragüeko (Extremadura) Parke Nazionalean egun berberetan antolatu zena.

Nafarroa Parisera, Berlinera eta Moskura iritsiko da

Hurrengo egunetan Nafarroako turismo-eskaintzak Estatuko beste zenbait helmuga izango ditu, hala nola Donostia, Barakaldo eta Bartzelona, baina nazioartera ere egingo du, Berlinera, Parisera eta Moskura adibidez. Berlingo (Alemania) ITB ospetsua martxoaren 8tik 12ra arte antolatuko da, eta bertan Nafarroako Turismoak lan-mahai bat izango du Turespañaren standean. Martxoaren 14tik 16ra bitarte, berriz, Foru Erkidegoak Turismo Erakunde Nazionalera joko du beste behin, Moskuko (Errusia) MITT azokan bere turismo-jarduera erakusgai jartzeko. Parisko Destination Nature izango da hurrengo hitzordua, martxoaren 16tik 19ra bitarte.

Estatu barruan, Nafarroak Sevatur Oporren Azokan parte hartuko du, Donostian, martxoaren 17tik 19ra bitarte; Bartzelonako B-Travel Turismo Azokan, apirilaren 21etik 23ra bitarte, eta Barakaldoko (Bizkaia) Expovacaciones Azokan, maiatzaren 5etik 7ra bitarte, hurrenez hurren.