Acciones promocionales


02 mar. 17

Nafarroako Turismok turismo-jarduera klandestinoen aurkako neurriak aurkeztu ditu turismo-kalitatea handitzea lortzeko

Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritzak Foru Erkidegoko turismo-sektoreko jarduera klandestinoaren aurkako neurrien programa aurkeztuko du datorren martxoaren 3an. Ekitaldia Kondestablearen Juaregian eguerdiko 12:00etatik aurrera egingo da Garapen Ekonomikoa Departamentuak sustatzen duen ‘Garapen Ekonomikoaren ostiralak’ hitzaldi-zikloaren esparruan.



Zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik emango dio hasiera ekitaldiari eta, ondoren, Turismoaren Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Ataleko buru Manuel Bermejori emango dio hitza eta Bermejok ‘Turismoko Ikuskapen Plana’ aurkeztuko du. Dokumentu horrek turismo-araudia betetzen ote den ikuskatzeko tresna erabilgarria izan nahi du eta honako helburu hauek ditu, besteak beste: turismo-zerbitzu klandestinoak ematen ote diren detektatzea, turismoaren alorrean emandako diru-laguntzak ikuskatzea eta Turismo Ikuskaritzako langileen lanbide-prestakuntza sustatzea; hori guztia, turismo-kalitatea handitzeko eta bidegabeko lehiari aurre egiteko.

Ondoren, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendari Margari Cuelik ‘Sarean erregistratuta ez dauden turismo-ostatuen eskaintzari buruzko azterketa’ aurkeztuko du. Azterketa hori Meridiano Zero enpresak egin du ostatu-zerbitzuak eskaintzen dituzten bost web-plataformen eskaintza aztertuz. Dokumentu horrek, opor-eskaintza mota horri dagokionez Nafarroan dagoen errealitatera hurbiltzeaz gain, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren Ikuskaritza Zerbitzuarentzako lan-dokumentua izan nahi du.

Beste erakunde batzuekiko lankidetza

Era berean, programa horren barnean beste erakunde batzuekin, hala nola Nafarroako Zerga Ogasunarekin, Turismo Bulegoekin, Tokiko Erakundeekin eta sektoreko beste agente batzuekin lankidetzan jardunda turismo-jarduera klandestinoak detektatzeko egindako hainbat jardun biltzen dira. Programa horretan proposatzen da, halaber, plataforma digitalen ordezkariekin harremanetan egon behar dela.

Gainera, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak hedapena eta aholkularitza ahalbidetuko du turismo-jarduerak egikaritzeko izapideak betetzeari dagokionez ez ezik, turismoaren alorreko baldintzak betetzeko beharrezkoak diren arau-jardunei dagokienez ere. Dokumentazio hori honako web-esteka honetan aurki daiteke: http://www.turismo.navarra.es/esp/profesionales/.

Programa osatzeko, Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea aldatzeko proposamena egiten da, publizitate- edo merkaturatze-kanalen titularren erantzukizun solidarioa barne hartuz; era berean, indartu egiten du enpresek beren inskribatze-kodearen publizitatea egiteko betebeharra, kode horri esker eskaintza klandestinotik bereizi ahal izango baitira enpresa horiek.

Jardunaldiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, honako webgune honetara jo ahal izango duzue:
http://www.navarra.es/home_es/especial/Viernes+economicos/201703.htm?NRMODE=Published