Acciones promocionales


27 abe. 16

Errege Bardeei buruzko artikulu batek irabazi du 2016ko prentsa-erreportaje hoberenaren saria Holandan

Holandako Frank Husslage kazetariak Nafarroari buruzko erreportaje bat argitaratu zuen joan den maiatzean Foru Erkidegora egindako ‘famtrip’ baten ondoren. Espainiak Holandan duen Turismo Bulegoak ‘Errege Bardeak – Lucky Luke-ren lurra’ “leku liluragarria, apartekoa eta berezia” erreportajeari eman dio saria.



 
Frank Husslage kazetari holandarrari duela gutxi eman diote 2016ko prentsa-erreportaje hoberenaren saria –Espainiak Holandan duen Turismo Bulegoaren Prentsa Sailak ematen duena– abuztuaren amaieran Hoogtelijn aldizkarian argitaratutako Nafarroari buruzko artikulu batengatik.

Husslageri ‘Errege Bardeak – Lucky Luke-ren lurra’ erreportajearengatik eman diote saria. Erreportaje hori Nafarroako Gobernuaren Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak antolatutako ‘famtrip’ batean joan den maiatzean Foru Aldundiaren hegoaldeko parke naturala bisitatu ondoren idatzi zuen.

Kazetariz osatutako epaimahaiak idazkuntzaren originaltasunaz eta kalitateaz gain, hautatutako erreportajeen edukia balioetsi du; erreportajeak 2015eko irailaren 1etik 2016ko abuztuaren 31ra bitarte argitaratu ziren. Testu irabazlearen kasuan, epaimahaiak nabarmendu du artikuluak “leku liluragarri, aparteko eta berezi batean” jartzen zuela arreta, “ondo idatzita zegoela eta atsegin handia izan zela artikulua irakurtzea”.

Espainiak Holandan duen Turismo Bulegoaren zuzendari Ana Románek eman zion saria Frank Husslageri joan den abenduaren 7an Hagan egin zen ekitaldian; Bas van Oort-en ‘Kanaria Handia neguan’ erreportajeari ere eman zitzaion saria ekitaldi horretan bertan.

25 `famtrip´ baino gehiago 2016an

2016. urtean, Nafarroako Turismo Sailak Errusiatik, Australiatik, Finlandiatik Txinatik, Holandatik, Erresuma Batutik, Belgikatik, Japoniatik edo Singapurretik Foru Erkidegora etorritako 25 prentsa-bidaia eta operadoreen bidaia baino gehiago antolatu ditu. Era berean, 22 azokatan hartu du parte; azoka horietatik 12 nazioartekoak ziren (Holanda, Belgika, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua edo Errusia) eta 10 nazionalak; azken horietako batzuk turismoari buruzko azoka orokorrak ziren, eta beste batzuk, natura-turismoari, MICE turismoari edo birding/hegazti behaketari buruzko azoka espezifikoak.