Acciones promocionales


28 aza. 16

Nafarroak ‘Barne Turismoaren Nazioarteko Azokan’ parte hartu zuen, Valladoliden

Nafarroako Gobernuaren Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak Barne Turismoaren Nazioarteko Azokan (INTUR) parte hartu zuen joan den asteburuan, Valladoliden, eta Foru Komunitateak turismo-jomuga eta landa-turismoko erreferentzia gisa dituen bikaintasunak erakutsi zituen bertan.



2016. urtean, Nafarroak 22 azokatan parte hartu du; 12 nazioartekoak ziren, eta gainerako 10ak Estatukoak.
 
Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak ‘Barne Turismoaren Nazioarteko Azokan’ (INTUR) parte hartu zuen joan den asteburuan, Valladoliden. Hainbat enpresak eta erakunde publiko eta profesionalek kultura, natura, arte eta gastronomiaren inguruko proposamenak aurkeztu zituzten ekitaldiaren 20. edizioan. Ekitaldia Valladolideko Azokak antolatu zuen, eta sektoreko enpresak garatzen eta sustatzen laguntzea zuen helburu, besteak beste.

Foru Erkidegoak barne-turismorako leku apropos gisa dituen bikaintasunak erakusteko baliatu zuen bere standa Nafarroak. Izan ere, kulturaren, naturaren eta gastronomiaren arloetan duen askotariko eskaintza dela-eta, landa-turismoko erreferentzia bihurtu da Nafarroa.

2016. urtean, gainera, Nafarroako Turismoak 25 bidaia baino gehiago antolatu ditu Errusia, Australia, Finlandia, Txina, Holanda, Erresuma Batua, Belgika, Japonia edo Singapurreko operadoreentzat eta prentsarentzat. Halaber, 22 azokatan parte hartu du; 12 nazioartekoak ziren (Holanda, Belgika, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua eta Errusiakoak), eta gainerako 10ak Estatukoak. Haien guztien artean, batzuk turismo-azoka jeneralistak ziren, eta beste batzuk, berriz, natura-turismo, MICE turismo edo birding-turismoari buruzko azoka espezifikoak.

Horrez gain, joan den azaroaren 17an Madrilgo Workshopa antolatu zuen. Ekitaldiak jende asko bildu zuen; Nafarroako 22 enpresak hartu zuten parte, eta Madrilgo 200 bidaia-agente baino gehiago bertaratu ziren.

Gainera, aurreikusitakoaren arabera, azaroaren 29tik abenduaren 1era bitarte Bartzelonako IBTM World izenekoan parte hartuko du, hau da, bilera, pizgarri, konferentzia, ekitaldi eta negozio-bidaien industriako munduko ekitaldi nagusian.