Acciones promocionales


05 mai. 14

Nafarroak Bilboko Expovacaciones 2014 azokan parte hartuko du maiatzaren 9tik 11ra

“Nafarroako Erresuma” Turismo Saila Expovacaciones Azokara joanen da maiatzaren 9tik 11ra bere turismo-eskaintza sustatzeko. Azokaren 35. edizioa Barakaldoko BEC-Bilbao Exhibition Center erakustazokan eginen da eta garrantzitsuenetako bat da Nafarroako turismo-sektorearentzat, Euskaditik datozen turistak ugarienak baitira Nafarroa bisitatzen dutenen artean.



2013ko Expovaciones

Nafarroak 70 metro koadro inguruko stand bat jarriko du, Euskadin gehien eskatzen diren turismo-produktuei buruzko argibideak emateko, betiere landa eta natur turismoari, kulturalari, jai eta tradizioetako turismoari lotuta. Euskadiko merkatua Nafarroara iristen diren turista nazionalen % 17,5 da; izan ere, hurbileko merkatua denez, urtaro guztietan dago turistak Nafarroarantz erakartzeko aukera. Eta ostatu-gauetan ere garrantzitsuenetakoa da, Nafarroako ostatu-gau guztien % 18,7 EAEtik datozen turistenak baitira.

Expovacaciones Azoka Espainiako iparraldean egiten diren azoka garrantzitsuenetako bat da, eta urtero 200.000 bisitari inguru izaten ditu. Nafarroak, zehazki, Foru Komunitateari buruzko informazio orokorreko materiala eramanen du Expovacaciones-era, gaztelaniaz nahiz euskaraz, honako gai hauen inguruan: Nafarroako Pirinioak, Erdialdea, Iruñea eta Iruñerria, Nafarroako Erribera, Donejakue Bidea, Nafarroako gastronomia (goi-sukaldaritzako jatetxeak, pintxo-ibilbideak eta jatetxe tradizionalak), mendi-ibiliak eta txirrindularitza, eta bestelako ibilbideak, hala nola Sorginkeria,  Hemingway, Gazteluak eta Gotorlekuak, Pilota eta Karlismoa edota Nafarroako Paisaien Ibilbidea, hegazti-behaketa, landa-turismoa, ostatuak, e.a.

Hainbat entitate egonen dira Nafarroako standean txertaturik; besteak beste, Nafarroako Ostalaritza Enpresaburuen Elkartea, hainbat elkarteren ordezkari izanen dena, hots, Tuterako hotelen elkartea, Nafarroako kanpinen elkartea, Erresumako Hotel Nobleak, Erresumako Jatetxeak, Nafarroako Jatetxeak edo tabernen elkarteak, pintxo-ibilbideak barne. Halaber, Expovacaciones-en egonen dira Bertiz eta Plazaola Turismo Partzuergoak, Nafarroako Landa Turismo Federazioa, ANAPEH, San Virila Hotelak eta Foru Komunitateko hainbat kanpin.

Irantzuko Lurrak Elkarteak ekoesperientzia bat aurkeztuko du azokan: etxalde-eskola bat izanen da, bisitari guztiek etxaldeetan hazten diren hainbat animalia espezie ikusteko; era berean, animalien elikadura eta ingurunea erakusteaz gain, gauza benetan aipagarri bat ikusteko aukera ere izanen da, hots, nola jaiotzen diren espezie horietako batzuen kumeak. Bisitariek, halaber, eskualdeko artisautza-gastronomiarik goxoena ahogozatuko dute: Idiazabal gazta irasagarrarekin, ardi latxaren esnearekin egindako mami freskoa, nafar patxaranik onena, Andia Mendiko odolkiak, artisautza-erroskillak, intxaurrak, basoko eztiak, artisautza-hestebeteak, ardo eta sagardo dastatzeak, etab. Antzerki moldeko animazio batek hainbat gertakari adierazgarri birsortuko ditu, hala nola Lakarko Gudua, Nafarroako interes turistikoko jai deklaratua dagoena.

Euskadi, Nafarroarako merkatu nagusia

Euskadi turismo-merkatu igorle nagusia da Nafarroarentzat. Zehazki, hangoa da Foru Komunitatera etortzen diren bidaiari guztien % 17,5, eta iazko ostatu-gauen % 18,7 ere bai.

Estatistika-datuek diote Nafarroan ostatu hartzen duten Euskadiko turisten % 50ek hotel-establezimenduetan lo egiten dutela. Gero, kanpinetan, landa-ostatuetan eta apartamentuetan.

Nafarroako turismoari buruzko argibideak eskuratzeko, jo haren webgunera, www.turismo.navarra.es edo deitu turismo argibiderako telefonora: 848 420 420.