Acciones promocionales


13 mar. 14

“Nafarroako Erresuma” Turismo sailak bere turismo-eskaintza aurkeztuko du Donostiako Sevatur Azokan

“Nafarroako Erresuma” Turismo saila bere turismo-eskaintza sustatzen arituko da martxoaren 14tik 16ra bitarte Sevatur, Donostiako Aisiaren eta Turismoaren Nazioarteko Azokan, hiriko Kursaal Auditorio eta Biltzar Jauregian. Euskadi turismo-merkatu nagusia da Nafarroarako, bidaiarien % 15,5 hangoa baita, bai eta ostatu-gauen % 18,7 ere.



Plazaolaren Natur Bidea

Nafarroako standak informazioa eskainiko du turismo arloan 2014rako dauden berritasun eta proposamen nagusien gainean, hala nola “Nafarroa, mahai onaren Erresuma” Ibilbide berria, hau da, gure gastronomia Nafarroako gauza erakargarririk handienetakoa dela nabarmentzen duen ekimena.

Standean ederki ageriko da Foru Komunitateak duen aniztasuna; hartara, ur-jauzi bat baliatuko da atzealdean Urederra errekaren iturburua duela, eta horrekin batera, Eunateko Andre Maria, Errege Bardeak, eta Muskildako ermita ageri duen paisaia bat. Era berean, Nafarroako ikus-entzunezkoak emateko gune bat moldatzeaz gain, hainbat lekuri buruzko argibidea ere emanen da, hala nola Nafarroako Pirinioak, Erdialdea, Iruñea eta Iruñerria, Erribera, Donejakue Bidea, Nafarroako gastronomia, mendi-ibilaldiak eta txirrindularitza, Nafarroako Ibilbideak (Sorginkeria, Hemingway, Gazteluak eta Gotorlekuak, Pilota, eta Karlismoa), hegazti behaketa, hotelak, kanpinak, landetxeak, e.a.
 
Nafarroako standean entitate ugari egonen dira; esaterako, Nafarroako Ostalaritza Enpresaburuen Elkartea, Bertizko eta Plazaolako Turismo Partzuergoak, Abelore Nafarroako Nekazal Turismoko Elkartea, Nafarroako Landa Turismoaren Federazioa, ANAPEH, Bideak natura eta kultura arloko turismoan ari diren enpresen elkartea, eta Nafarroako hainbat kanpin. Bestalde, Irantzuko Lurrak Elkarteak etxalde-eskola bat eramanen du Nafarroak Donostian paratuko duen standera, etxaldeko abereak eta baratze ekologiko bat eta guzti, Nafarroa osoaren landa turismoa ordezkatzeko. Halaber, eremu hartako produktuak dastatzeko ekitaldi sorta askotarikoa prestatzeaz gain, antzerki erako animazio bat antolatuko dute karlistei buruz.

Azokan ere, Nafarroako standaren ondoan, Lizarraldeko Turismo Partzuergoa egonen da. Gainera, Nafarroako beste ekimen batzuek ere parte hartuko dute, hala nola Leurtza Aventura-k, Irisarriland-ek eta BKZ Abentura-k; azken horrek, zehazki, tirolina erakargarri bat jarriko du.

Euskadi merkatu igorle nagusia da Nafarroarentzat

Ekitaldi horretan parte hartzea Turismoaren 2012-2015 aldiko Plan Integralaren ekintzen artean dago, Euskadi oso merkatu garrantzitsua baita bisita turistikoak Nafarroarantz erakartzeko. Euskadi, izan ere, turismo-merkatu igorle nagusia da Nafarroarentzat. Zehazki, hangoa da Foru Komunitatera etortzen diren bidaiari guztien % 15,5, eta ostatu-gauen % 18,7 ere bai. Beraz, Estatu osoan, bidaiari gehien erakartzen dituen Erkidegoa da.

Euskaditik datozen bidaiarien % 15,5 horrek esan nahi du % 0,1 handitu zela, 2012. urtearen aldean. Ostatu-gauetan, Euskadi % 18,7 izan zen Nafarroarentzat, hau da, % 2,9 igo zen; beraz, Estatu osoko ehunekorik handiena ere bada. Euskaditik iritsitako bidaiarien % 55ek hoteletan lo egiten du; % 24,6k, kanpinetan; % 16k, landetxeetan, eta % 4k, turismo-apartamentuetan.