Acciones promocionales


25 api. 13

Nafarroako Zirkuitua, Sendaviva, landa-turismoa eta gastronomia; horra hor Foru Komunitatearen apustu nagusiak Bilboko Expovacaciones azokan

Nafarroak bere turismo-eskaintza sustatuko du Expovacaciones Azokaren 34. edizioan. Azoka Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre erakustazokan eginen da maiatzaren 2tik 5era. Bilbokoa azokarik garrantzitsuenetako bat da Nafarroako turismo-sektorearentzat. Izan ere, Espainiatik bisitatzen gaituzten turista guztien artean, ugarienak Euskaditik datozenak dira.



 
Nafarroak 50 metro koadroko erakusketa-gune bat jarriko du Expovacaciones-en, eta pantaila handi bat izanen du, “Utzi besarkatzea” kanpainaren bideoklipak, turismo-sektoreko eskaintzak eta ekainean Nafarroako Zirkuituan eginen den Europako kamioi txapelketako lasterketari buruzko bideo bat erakusteko.

Nafarroak, halaber, Foru Komunitatearen informazio orokorrari buruzko materiala eramanen du, gaztelaniaz nahiz euskaraz, argibidea emateko Nafarroako lau eremuez, gastronomiaz eta produktuez (Birding-az, adibidez), bai eta Landa Turismoaznaturan egiten diren jarduerez edota Sanferminez ere. Era berean, bestelako ekintzei buruzko argibidea emanen du, Nafarroan atseden-egun batzuk igarotzea gauza erlaxatua eta originala dela azpimarratzeko.

Era berean, Nafarroako Zirkuituan aurreikusita dauden jardueren berri emanen da; bereziki, Europako FIA Kamioi Txapelketaren berri, nazioarteko egutegiko lehiaketarik arrakastatsuenetako bat baita. Europako hamar zirkuitutan egiten da eta, ekainaren 1ean eta 2an, Los Arcosera iritsiko da.  Lasterketa hori Nafarroako Zirkuituaren 2013ko denboraldiko proba gailena izanen da. Asteburua bi jardunalditan banatuko da; horrela, entrenamendu libreak, sailkapenezkoak eta lau lasterketa izanen dira (bi, larunbatean; eta bi, igandean). 

Hainbat entitatek beren erakusmahaia paratuko dute Nafarroako standean. Hauek dira, besteak beste: Nafarroako Ostalaritza Enpresaburuen Elkartea, Anapeh, Los Arcosko Nafarroako Zirkuitua, Hiruak Bat Landetxe Elkartea, Sendaviva eta Irantzuko Lurrak. Azken erakunde horrek hainbat jarduera aurreikusi ditu standa girotzeko: sagardo dastatzea maiatzaren 2an; ardo dastatzea hilaren 3an, eta patxarana eta etxeko opilak dastatzea maiatzaren 4an, larunbatean.

Euskadi, Nafarroako merkatu igorle nagusia

Euskadi turismo-merkatu igorle nagusia da Nafarroan. Izan ere, handik datoz Foru Komunitatera iristen diren bidaiarien % 17,1; eta ostatu-gauen % 19,3 egiten dute. Euskaditik datozen turisten eskaria etengabe hazi zen 2003tik 2011ra, iazkoan behera egin zuen arren. Horrela, 2003an, Euskadiko 143.160 turista etorri ziren gurera, eta 2011n, kopuruak goia jo zuen, 192.711 izan baitziren. 2012an, berriz, kopurua jaitsi zen, 168.836 izan baitziren, ia 2010ean adina.

2012an, ostatu-tipologiari dagokionez, Euskaditik bisitan etorritako turistetatik, 84.514k hotel-establezimenduak hautatu zituzten (% 50,1), 29.674k landa-establezimenduak (% 17,6), 49.744k kanpinak (% 29,5) eta 4.904k apartamentuak (% 2,9).

Expovacaciones-erajoatea Marketin Turistikoko Eragiketa Planaren ekintzen baitan dago. Plana Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuak abiarazitako ekimena da, turismo arloko nobedadeak sustatzeko eta bisitariak Foru Komunitatera erakartzeko.