Propuestas turísticas


06 urr. 17

Nafarroako naturak liluratuta utziko gaitu bere koloreekin Pilarreko zubian

Bertizko Jaurerriaren Natur Parkea bisitatzea, bertako ibilbideetan barrena ibiltzea landaredia mardulaz inguratuta edo Ezka ibaiaren alboan ibiltzea Erronkaribarren, harri-zoladura duten kaleak eta baserri ugari dituzten herriekin, kolorez betetako txokoak dira, Nafarroan udazkenean bisitariaren zain daudenak.



Udazkenak tonalitate ugari ekartzen ditu Nafarroara eta kolore-sorta paregabea eskaintzen die bisitariei bere baso, parke eta liluraz betetako txokoetan.

Horrela, Nafarroako Pirinioetako mendebaldean, Bidasoa ibaiaren ertzean, gune natural paregabea dago, gune berde oso ederra, 2.040 hektareako landaretza oparoarekin estalita: Bertizko Jaurerriaren Natur Parkea.

Oieregiko udal-mugartean dago Bertizko Jaurerria, eta bertan gune atlantikoan hain ohikoak diren haritz, haltz eta gaztainondoen basoak daude, eta batez ere pagadiak, Nafarroako eta Europako Ekialdeko pagadi ikusgarrienak baitira.

Parkearen sarreran lorategi botanikoa dago, 100 urtetik gorakoa. Bertako bide-sarean bisitariak 120 zuhaitz eta zuhaixka espezie baino gehiago eta Penintsula osoan dauden zazpi okil espezie dituen leku bakarra miresteko aukera izango du.

Gune hau XIV. mendean sortu zen, baina egungo bikaintasuna Pedro Ciga eta Dorotea Fernández senar-emazteekin lortu zuen, 1898. urtean erosi egin baitzuten. Pedro de Ciga jaunak jauregi zaharra birgaitu zuen eta lorategia bertako espezieekin eta Txinako, Suaren Lurreko eta Kaliforniako espezieekin zabaldu zuen. 1949. urtean hil zen, eta finka hori Nafarroako Gobernuari dohaintzan eman zion, eta Gobernuak Natur Parke izendatu zuen.

Baztan-Bidasoa eskualdeko landetxe batean ostatu hartzea abiapuntu bikaina da Bertizko Jaurerriko Natur Parkean hasten diren ibilbideetako edozeinetan barrena ibiltzeko. Urteko edozein garai parkea bisitatzeko ona izan arren, udazkena garai berezia da okre eta gorri kolorez beteta dagoen Bertizera joateko eta hainbat hegaztiren migrazio-mugimenduak ikusteko.

Erronkari, bizi egin behar den ibarra

Nafarroako Pirinioetako ekialdean, Frantzia eta Huescarekin duen mugan, Erronkaribar dago. Ezka ibaiak iparretik hegora gurutzatzen du Erronkaribar, eta natura bere egoerarik gorenean ordezkatzen du. Paisaia piriniar horretan Burgiko arroila bikaina eta Hiru Erregeen Mahaia bezalako mendi-tontorren edertasuna (Nafarroako garaiena) ikus daitezke, presarik gabe pasea zaitezke eta bertako baserrietako teilatu inklinatuei argazkiak atera diezazkiekezu, baserri horietako asko landa-ostatuak izanik, tximinien berotasuna eskainiz.

Erronkaribar zazpi udalerriz osatuta dago (Burgi, Bidankoze, Garde, Erronkari, Urzainki, Izaba eta Uztarroze), eta basogintza, abeltzaintza eta turismoa ustiatzen dituzte.

Erronkariko iragana zurari lotuta dago, eta horren adierazgarri almadia da, hainbat enborrez lotutako baltsa bat, alegia, zura ibaitik behera garraiatzeko modu bikaina. Joan zen mendeko erdialdean almadiak erabiltzeari utzi bazioten ere, almadiek gaur egun Burgi udalerriaren nortasunaren ikurra izaten jarraitzen dute. Izaba udalerria da ibarreko herrigunerik handiena, eta bertan zentro etnografikoa dago, pieza zaharrekin, lanbide tradizionalen tresnekin eta jantzi tipikoekin antzinako bizimodua nolakoa zen erakusten duena.

Era berean, merezi du Erronkariko harri-zoladura duten kaleak bisitatzea, jatorri deitura duten bertako gaztak dastatzea eta Julián Gayarre tenorraren Museo Etxera hurbiltzea, baita hilerrian haren gorpuzkiak dauzkan eta Mariano Benlliurek egin zuen mausoleo bikaina bisitatzea ere.

Ostatuak ingurune bikainetan

Pilarreko zubiari begira, Nafarroako landetxeen eskaintza zabalak bisitariari aukera ematen dio arkitektura tradizionaleko etxetan ostatu hartzeko, etxeak osorik edota gela soilak alokatuz. Inolako zalantzarik gabe, inguruko lasaitasunaz gozatzeko eta bertako kultura ezagutzeko aukerarik onena da, naturarekin bat eginik.

Pirinioetan ohikoak diren baserriak eta harrizko etxeak paisaia berdeaz inguratuta daude, eta klima gogorrerako eta negu hotz eta gorrietarako prestatuta daude. Etxeen hormen lodiera ikusi besterik ez dago.

Etxebizitza zabalak dira, gaur egungo premietara erabat egokituta daude, eta beheko solairua eta beste bi solairu dituzte.
Garai batean beheko solairua ukuilu bezala erabiltzen zen, ganadua eta nekazaritzako lanabesak gordetzeko; lehen solairua solairu nagusia zen eta bertan etxebizitza zegoen; bigarren solairua ganbara eta aletegi gisa erabiltzen zen.

Erriberan, ordea, adreiluzko etxeak dira nagusi, herri handiagotan kokatuta daudenak.  Hainbat udalerritan kobazulo-etxeak ere badaude, lurraren orografia baliatuz harkaitzean eginak. Ostatu berezi horiek, naturalak izateaz gain bioklimatikoak ere badira, urte osoan 18 eta 22 gradu bitarteko tenperatura izan ohi baitute.

Landa-ostatuak gaur egun aukera bikaina dira eguneroko estresa alde batera utzi eta Nafarroa tradizionalaren funtsarekin bat egin nahi duten familia, bikote nahiz adiskide-taldeentzat.

Nafarroan bisitatzeko modukoak diren beste hainbat leku

Nafarroaren aniztasunak, kontraste handiko paisaiekin, barietate geografiko eta aberastasun historiko eta kultural handiarekin, foru-erkidegoa jomuga turistiko paregabe bihurtzen du. Horrela, Erriberri erdi aroko hirian nahitaez bisitatu beharrekoa da gaztelu-jauregia, hirian nagusi den bere figura lirain eta armoniatsua ikusgarria baita.

Nahitaez bisitatu beharreko beste hiri bat Lizarra hiri erromanikoa da, Done Jakue Bidearen itzalean jaiotako jauregi, jauretxe, eliza, komentu eta zubi bikainak dituena. Era berean, Done Jakue bidean merezi du mugan dagoen Zangoza hiria bisitatzea, Santa Maria eliza ezagutzeko, bertako Portada erromanikoko bitxi arkitektonikotzat jotzen baitute. Era berean, Tuterak kultura-mestizajea eskaintzen du, bere monumentu, kale txiki eta pasaguneetan ikus daitekeena, musulmanek, juduek eta mozarabiarrek 400 urtez hirian uztartu zuten mestizajea zela medio. 

Nafarroako turismo-agendak, gainera, datozen egunetarako hainbat festa, jarduera eta ekitaldi interesgarri eskaintzen ditu, adibidez Jardunaldi mikologikoak, azaroaren 30era bitarte egiten direnak; Nafarroako kazolatxoaren eta ardoaren astea (urriaren 15era bitarte); edota Altsasuko Azokak (urriaren 15ean).