Jauzi nabigazioa eta joan edukira
Carrusel de imágenes presentando Navarra

Zergatik Nafarroa

Lau urtaroak

Urteko aro guztiak dira onak Nafarroa ezagutzeko. Nafarroako erresumak urtaro bakoitzean eskaintzen ditu bere aukera anitzak, bai "joan-etorri" bat egin nahi baduzu bai denbora luzeago eman nahi baduzu gurekin.

Udaberria: elur-urtze berdea

Urtaro ezin hobea da Errege Bardeako osotasuna aurkitzeko eta antzinako trenbideak oinez zein bizikletaz egiteko: Bidasoako, Plazaolako edo El Tarazonica izeneko bide berdeak. Udaberrian esnatzen dira Pirinioak, eta zuriak kolore askori ematen die bide. Ikusteko modurik onena Ori mendira igotzea edo Orgi, Urbasa-Andia Natur Parkea, Irati edo Kintoko basoetan galtzea da. Halaber, une egokia da Corellako aste santuko prozesioa, Orreagako erromeriak edo Uxue, Erriberri edo Elizondo bezalako herrien xarma ezagutzeko. Mahaian, menestra, zainzuri eta izokinaren aroa da.

Uda: festen aroa

Uztailean, festaz janzten da Iruña. Sanferminak heldu dira. Udan, festak dira nagusi Nafarroa osoan. Tutera, Tafalla, Estella-Lizarra edo Zangoza alaitasunaren eta abegitasunaren adibide dira. Aro egokia da tradizioak ezagutzeko: Otsagabiako dantzak, esate baterako. Udak aukera ematen du natura gozatzeko eta Nafarroako iparraldeko ibar berdeak aurkitzeko: Erronkari, Baztan eta Bidasoa. Kulturak leku enblematikoak blaitzen ditu. Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia, bertako gaztelu dotorearen itzalpean, eta Estella-Lizarrako Antzinako Musikaren Astea egiten dira, besteak beste. Mahaian, Nafarroako gastronomia apartak ohore egiten die Ebroko baratzearen plater askotarikoei.

Udazkena: Nafarroa okrez jantzita

Mila kolorek hartzen dute Nafarroa osoko geografia, eta Iratiko oihana da horren adibide argiena. Urbasa mendiak, Aezkoa edo Zaraitzuko ibarrek, Irunberri eta Arbaiungo arroilek edo Bertizko Natur Parkeak nekez ahaztuko dituzun irudiak eskainiko dizkizute. Erdialdea mahatsa biltzen hasi berria da eta bazter artistikoak (La Oliva, Leire edo Irantzuko monasterioak, kasu) zein herri historikoak (Gares, esate baterako, gurutzebidea dena Donejakue bidean) ezagutzeko gonbita luzatzen digu. Ehiza egunak dira, halaber. Zain dituzu Etxalarko usategiak zein perretxikoak, basurdea edo usua protagonista nagusi dituen gastronomia oparoa.

Negua: zapaldu gabe dagoen elurra zapaltzea

Nafarroan, neguaz gozatu egiten da. Erronkari eta Zaraitzuko ibarretan iraupen eskia egiteko garaia da, baita neguko egun eguzkitsuetako hotz osasungarria gozatzeko ere, naturatik ibili bitartean. Landa lojamenduek sutondotik hurbil, gozo-gozo, liburu bat irakurtzeko aukera emango dizute. Urtezahar-gaua eta urteberri-eguna heldu dira, baita ihauteriak, antzina-antzinakoak, ere: Lantz, Ituren eta Zubieta. Gustu finenek "potxa" deitutako babarrun gozoak, haragiak, gaztak, ardoak eta Nafarroako likoreak baloratzen jakinen dute.

Nafarroa aurkitzeko arrazoiak