Antolatu bidaia

Aragoiko adarreko etapak. 2. Etapa: Zangozatik Elora

Camino de Santiago
Senderismoa

Multimedia

Sangüesa
Sangüesa
Monreal
Monreal
Sangüesa
Zangozako zubitik Iruñeko errepidea hartu eta Rocafortera doan bidea hartzen da. Handik metro gutxira asfaltoa utzi eta paper-industriako barrutia inguratzen duen bidea hartuko dugu. Bide zaharrak gora egin eta Rocaforteko herrigunean sartzen da. Hau mendi bateko aurrealdean dago, ibarraren gainean zintzilik. "Zangoza zaharra" deitu izan zaion herri honek kontraste izugarria eskaintzen du: karrika eta etxe zaharren edertasuna eta ondo-ondoan dituen industrien paisaia.

Rocaforteko beheko aldetik bidea laua da eta amildegi bateraino iristen da. Hor gora egiten du, hondatua dagoen eraikin izugarria alde batean utzita: San Bartolome otoiztegia. Aurreraxeago, San Frantziskoren iturriaren ondoan pasatzen da. Leku atsegina da, eta bertan gelditzeko gogoa ematen du.  Igoera bukatuta, ibar zabala eta leuna daukagu, bi mendilerrok mugatuta. Horietako batek, Salajones izenekoak, parke eoliko bateko haize errotak ditu goiko aldean. Mahasti eta laboreak dituzten soroen artean ibiliko gara eta denborak eta ez erabiltzeak hondatutako ukuiluak daude han-hemenka.

Oibarko muga igarota, Murillo el Frutotik Zaraitzuraino doan errege abelbidearekin eginen dugu topo; hori modu perpendikularrean doa, gure ibilbideari dagokionez. Bidegurutze horretan, iturria duen aisiarako eremu bat dago; horretatik aurrera ibarra mehartu egiten da, eta bidea basago bilakatzen da.

Belar-bide batetik joanda, bideak ibarra neke handirik gabe gainditzen du, ibairik ez duen makaldi baten ondotik igaroz. Kasik gaineko aldean, errepidea lurpeko pasagune batetik zeharkatuko dugu eta azken malda bide harritsu batetik gaindituko dugu. Beste isurialdean, gure azpian, Irunberriko arroa zabaltzen da eta, hondoan, eguna argia bada, Pirinioetako silueta ikusten da.

Iparraldeko mendi-hegaletik bideak behera egiten du landatutako pinu gazteen artean, hasieran errepidetik hurbil. San Babil mendilepo xumera iritsi ondoren, bidea landatutako larizio pinu helduen artean doa, eta amildegi batera jaitsita, legarrezko pista bat aurkitzen du. Laster utziko du berriro, bidexka mehar
batetik jarraituta. Tarte handi batean bidea erdiko mendi hegalean barna dabil pinu gorriz, haritzez eta ezpelez osaturiko mendian. Bertan, oraindik ere, aspaldiko soroen mugak hautematen dira. Modu horretan Olazko ibar txikira iritsiko gara, eta lurrezko bide batetik igoko gara bertatik.


Bidean dagoen atakak jakinarazten digu Olatz herrian sartu garela. Erdi Aroko herri baten izena da hori, eta beste hainbeste bezalaxe, XV. mendean hutsik gelditu zen, ziur aski izurritearen ondorioz. Gaur egun ibar txikia da eta landutako lur-zerrenda dago bere beheko aldean, eta mendi-hegalak baso sarriz osatutakoak dira. Bideak ibarrean gora jarraitzen du lurrezko pista batetik, ateratzeko dagoen metalezko atakaraino. Han pista sendoa aurkituko dugu, eta handik metro gutxira, pista hori utziko dugu pinudi batean sartzen den bide estua hartuta. Berriz ere, bidea ibarrez aldatuko da; Ibargoitin sartuko gara. Landutako sorora aterata, nekazaritzako pista batek Izkoraino eramanen gaitu, modu atseginean.

Izkotik, nekazaritzako pista bat Abintzaora doa, bide zuzenena hartuta. Gure ezkerraldean, Izkoko mendiaren goialdean, parke eoliko bateko errota-hegalak bira eta bira ari dira.

Abintzaoko herrigune txikia igarota, bidea ganadu habearte batzuen ondoan ateratzen da, nekazaritzako pista on batetik. Hau muinoz beteriko bidean barna dabil, gora eta behera labore soro, harizti eta erreka ugariren artean. Azkeneko hauen inguruko makaldiek paisaia alaitzen dute. Gure bideko norantza zehaztuz, Elomendiko masa handia nabarmentzen da. Ibarraren beste aldean, ez hain lirain, Itzagako peña izeneko mendia dago, eta bere goialdeko gailurrean San Migeleko ermita ikusiko dugu. Elorz ibaiaren gaineko Zubi Handitik igarota, Getze Ibargoitira iritsiko gara.

Getzen, elizara iritsi baino lehentxeago, lurrezko bidea Elorz ibairaino jaisten da. Ibaia zubi baten laguntzarik gabe igaro beharko dugu, eta hori arazo iturri izan daiteke ur-emari handiko garaietan. Ibaiaren ezkerreko aldetik, bidea baso itzaltsu batean sartuko da. Hasieran pinuen artean, haritzen artean geroxeago. Elotik hurbil, bideak berriz ere Elorz ibaia zeharkatuko du, oraingoan oinezkoendako zubi batetik, eta herriko harrizko karriketatik sartuko da.
[+ ikusi fitxa osoa]

Hasiera: Sangüesa

Bukaera: Monreal

Bidexkaren katalogazioa: Beste batzuk

Bide mota: Hartxintxarra, Lurrezkoa

Forma: Lineala

Zerbitzuak

  • Iturria
  • Seinaleak
  • Taberna

Oharrak

Zer egin eta zer ikusi etapa bukatu ondoren?

- Ibilaldia Elon barna: Burgua kalea, atsegina eta lauzatua, etxebizitza txukunak ditu
- Jaiotzaren Andre Maria elizan bisita (udan 10:30etatik 13:00etara eta 17:30etatik 20:00era irekita. Neguan meza eman baino lehen, besterik ez)
- Udan bainua Eloko igerilekuan (ekainetik irailera). Ez dago erromesendako deskontu berezirik
- Bazkaria eta/edo afaria parrokia zentroan (herriko elkartea): 9,50€, erromesarendako menuaren batezbesteko prezioa

 

Interes xehetasun gehiago

- Informazioa lortzeko: erromesen aterpean eta parrokia zentroan
Kredentzialean zigilua jartzeko: erromesen aterpean eta parrokia zentroan

Nola iritsi eta mugitu

Desde Pamplona tomar la A-21, desviarse en la salida 39 y continuar por la carretera N 240 y NA 127 hasta Sangüesa.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da