Bideak

Nafarroako Erribera gurpil-aulkiarekin

Bodegas Finca Manzanos Nafarroako Erribera komunitatearen hegoaldean dago, Ebro ibaiaren ibaiertzean. Erriberan, bertako gastronomia aberatsa eta bertako ardo bikainak dastatu ahal izango dituzu eta umeak bezala gozatu Sendaviva Abentura Parkean, Arguedasen. Errege Bardea ezagutuko duzu, UNESCOk Biosfera Erreserba izendatutako edertasun basatiko parkea. Errege Bardean mendi-ibiliak egin ahal izango dituzu bide berdean edo zentro termo-ludiko irisgarri batean erlaxatu. Dibertsioa bermatuta duen txiki eta helduentzako proposamena.

Ba al zenekien...?

Errege Bardea, hango paisaia paregabea dela-eta, makina bat alditan aukeratu da iragarkiak, serieak eta filmak grabatzeko, besteak beste, "Juego de Tronos", "El mundo nunca es suficiente" -007 agentearena- edo "Airbag".

Bodegas Finca Manzanos
Bodegas Finca Manzanos
Bodegas Finca Manzanos
Bodegas Finca Manzanos
Palacio del Marques de Huarte. Tudela
Palacio del Marques de Huarte. Tudela
Plaza de los Fueros. Tudela
Plaza de los Fueros. Tudela
Catedral de Tudela
Catedral de Tudela
Verduras de Tudela
Verduras de Tudela
Sendaviva
Sendaviva
Centro Termolúdico de Cascante.
Centro Termolúdico de Cascante.

Nafarroako Erribera gurpil-aulkiarekin

Ostiral goizean

Bodega Finca Manzanos

Hasi asteburua Azagrako Finca Manzanos bisitatuz. Château estiloko upategi zoragarria da, hasiera-hasieratik bisitak egiteko eta ekitaldiak antolatzeko espazio ireki gisa proiektatua, ardoaren kultura hedatzeko helburu nagusiarekin.  Upategi osoa irisgarria da gurpil-aulkientzat eta desgaitasuna duten pertsonentzako bisita gidatu irisgarriak egiten ditu. Hainbat komun egokitu ditu, bermatzeko barrekin, transferentziagunearekin eta altxagarri eramangarriekin hornituta. Upategiaren kanpoaldean hasten da bisita, ardoak egiteko erabiliko diren mahats-barietateak ezagutuz eta Ebroren ibai-ertzeko mahastien ikuspegi ikusgarriez gozatuz. Barruan, Errioxako ardoaren sekretu guztiak eta Fernández Manzanos familiaren historia ezagutuko dituzu. Amaitzeko, bertako 3 ardo dastatuko dituzu aperitibo batekin edo bertako janari tipikoarekin, zeure aukeran.

Ostiral arratsaldean

Tudela

Tutera islamiar jatorriko hiria eta Erriberako hiriburua da, eta aberastasun handia du historia- eta kultura-arloan.  Alde zaharreko harrizko kale gehienek lauzaz estalitako lurzorua dute aldamenetan, eta horrek erraztu egiten du gurpil-aulkiarekin ibiltzea. Bisitari hasiera emateko zoaz Foruen Plazan dagoen turismo-bulegora, judutegia bisitatzeko elkargune eta abiapuntura. Hango kaleetan paseatzen ari zarela hainbat harribitxi ikusiko dituzu, esaterako, Muñoz Sola museoa XIX. mendeko pintura frantsesen askotariko bildumaz gozatzeko aukera emango dizuna. Hainbat solairuko eraikina irisgarria da gurpil-aulkientzako eta komun egokitua du. Derrigorrezkoa da Dekano Jauregiko museoa eta Andre Mariaren katedrala ere bisitatzea. Katedralak sarbidea du kaleko zero kotan dagoen alboko ate baten bidez eta arrapala du barruan. Behin barrura sartuta, ez duzu arazorik izango gurpil-aulkiarekin ibiltzeko.  Dekano Jauregiak igogailua du eta baita komun egokitua ere. Paseoarekin jarraituz, Almirantearen etxea aurkituko duzu, Espainiako arkitektura zibil errenazentistako jauregi interesgarrienetako bat. Igogailua eta hainbat komun egokitu ditu. Ibilbideko beste mugarrietako bat Huarteko Markesaren jauregia da, gaur egun liburutegi eta museo dena. Eraikin barroko bikaina da eta barruko eskailera inperiala eta patioa estaltzen duen linterna dotorea nabarmentzen dira bertan. Sarrera irisgarria arrapalarekin hornitutako Mercadal kalekoa da. Ez ahaztu Hornidura Azoka bisitatzea, Erriberako baratzeko produktu freskoenak aurkituko baitituzu bertan. Sarbidea arrapala bidezkoa da eta komun egokitua du.

Tuteran zeure buruari omenaldi gastronomikoa eskain diezaiokezu Nafarroako gastronomiako erreferente den edozein jatetxetan, edo hirigune historikoko taberna irisgarri ugarietan pintxo-ibilbidea egin.

Larunbata egun osoan

Sendaviva

Umeekin bidaiatzen baduzu, ezin duzu bisitatu gabe utzi Sendaviva. Egun osoa familian pasatzeko, heldu eta umeek erakargarri ugariez gozatzeko eta animalien mundua ezagutzeko aukera ematen duen parke tematikoa da.
Ia parke osoa da irisgarria gurpil-aulkidun erabiltzaileentzat, orografiak laguntza ezinbestekoa egiten duen arren zenbait zatitan. Aulki elektrikoarekin, motoarekin edo handbike elektrikoarekin joaten bazarete, arazorik gabe moldatuko zarete.  Eskaintzen diren ikuskizun guztietarako sarbidea izango duzue, denetan daudelako gurpil-aulkientzako bereziki erreserbatutako lekuak. Parke osoan zehar aurkituko dituzue komun egokituak. Piknikgunean, bestalde, gurpil-aulkientzako prestatutako mahai ugari daude, eserlekua kendu eta erosotasunez hurbiltzeko aukera ematen dutenak. Erabiltzaileak umeak badira, erakarpen gehienak irisgarriak dira gurpil-aulkientzat, baina ez erabiltzaileak helduak badira.   Parkean barrena ibiltzen den tren turistikoa ez da irisgarria, baina badute hainbat gurpil-aulkirentzako edukiera duen furgoneta bat, pasabide baten bidez zero kotatik sarbidea duena. Furgoneta erabili nahi baduzu, erreserba egiteko unean edo instalaziora iritsitakoan jakinaraztea komeni da. Mugikortasun urriko pertsonek ate nagusiaren ondoan plaza erreserbatuetan utz dezakete automobila. Horietara iristeko aldez aurretik jakinarazi behar duzu. Horrela, gainerako bisitarientzat itxita dauden hesiak irekiko dizkizute.

Larunbat goizean

Bardenas Reales

Abentura gustatzen bazaizu Errege Bardea deskubritzeko aukera izango duzu 4-5 orduko ibilbide gidatuan Activa Experienceren eskutik quad-ean, buggie-an, lur orotako ibilgailuan edo zeure automobilean, beste ibilgailu batera lekualdatu ezin bazara.  Kontuan izan ibilbidean ez dagoela komun egokiturik eta ibilbideari ekin aurretik Bardeako Informazio Zentrora joatea komeni zaizula, han badirelako komun egokituak.

Eta goiz mugitu baten ondoren, ez dago inguruko jatetxe, erretegi edo sagardotegi batean bazkari bikain bat egitea baino gauza hoberik.

Larunbat arratsaldean

Cascanteko zentro termo-ludikoa

Jardueraz beteriko goiz baten ondoren, erlaxatzeko eta gozatzeko modurik onena Cascanteko zentro termo-ludikoa bisitatzea. Desgaitasuna duten pertsonentzako instalazio irisgarriak ditu: komun eta aldagela egokituak, igerilekua garabiarekin, goiko solairura igotzeko igogailua, pisuak altxatzeko edo masaje bidez erlaxatzeko…

Eta egunari amaiera bikaina emateko modurik onena Tuterako hirigune historikoan pintxo-ibilbide bat egitea, hango taberna irisgarri ugarietan zure ahosabaiari gozaraziz.

Igande goizean

Tarazonica Bide Berdean

Asteburuari amaiera emateko, ariketa pixka bat egin dezakezu Tarazonica Bide Berdean. Gurpil-aulkiarekin, bizikletarekin edo haur-kotxearekin egiteko moduko bidezidor erosoa da, zoladura uniformea duelako eta ibilbidean zehar ia aldaparik ez dagoelako.  Bide berdeak 22 km-ko luzera du eta Zaragoza probintziako Tarazona herriraino iristen da. Ibilbidean Nafarroako baratzeaz goza daiteke bidezidor leun eta ia aldaparik gabeetan barrena.

Igande arratsaldean

Fiteroko monasterioa

Arratsalderako, zistertarrek Espainiar Penintsulan eraiki zuten lehen monasterioa ezagutzea proposatzen dizugu, Fiteroko monasterioa. Gal zaitez 1185 eta 1247 artean altxatutako hormen artean eta gozatu errege, aita santu, apezpiku eta jauntxoek hainbat mendez gutiziatutako lekuaz.  Cortijo kaletik sartzea gomendatzen da. Mugimendu urriko pertsonentzat erreserbatutako aparkaleku bat dago han. Handik monasteriora iristea nahiko erraza da, lauzaz estalitako bidezidorrak gurpil-aulkiarekin eroso ibiltzeko aukera ematen duelako. Gainerako kaleek harri-zola dute eta horietan barrena ibiltzea zaila izan daiteke, batez ere eskuko gurpil-aulkiekin. Monasterioaren barruan klaustroaren eta kapitulu-gelaren ikuspen bikainak daude, baina eskuko gurpil-aulkiarekin bazoaz kontuz ibili behar duzu klaustrora irteteko arrapalarik gabeko 7 eta 10 cm arteko eskailera-maila bat baitago.  Hortik aurrera autonomia osoz mugi zaitezke monasterio barruan.