Bideak

10. Errege Bardea, Tutera eta Fitero

Oraingo honetan hegoaldeko ordokietara joanen gara, Nafarroako Erriberara, ezaguna barazkien erresuma izateagatik. Izan ere, Ebro ibaiak asko du esateko, iragan ahala ibaiertz emankorra uzten baitu bidean, eta, han, zainzuriak, alkatxofak, borraja edo ospe handiko pikillo-piperrak sortzen dira. Baina, gastronomiaz gainera, Erriberak sorpresa atseginak emanen dizkizu, hala nola Tuterako alde zaharra, bertako katedrala, jauregi errenazentista eta barrokoak eta hango judutegietan sumatzen den iragan islamikoa; Fitero edo Tulebraseko monasterio zistertarrak; edo Sendaviva, aisia eta dibertsioko parke bat, bikaina familia-giroan egun bat pasatzeko. Eta akabera ederra emateko, Errege Bardeako parke natural ikusgarria.

Ba al zenekien...?

Errege Bardea, hango paisaia paregabea dela-eta, makina bat alditan aukeratu da iragarkiak, serieak eta filmak grabatzeko, besteak beste, "Juego de Tronos", "El mundo nunca es suficiente" -007 agentearena- edo "Airbag".

Tudela

Tudela

Monasterio de Tulebras

Monasterio de Tulebras

Torre de Monreal. Tudela

Torre de Monreal. Tudela

Tudela

Tudela

Monasterio de Fitero

Monasterio de Fitero

Verduras de la ribera

Verduras de la ribera

Bardenas Reales

Bardenas Reales

10. Errege Bardea, Tutera eta Fitero

GOIZEAN

Nafarroako Errege Bardeako parke naturala

Kasu honetan, parke naturala ez da berdearen sinonimoa. UNESCOk biosfera-erreserba deklaratutako leku horretara iritsita, ia desertukoa dirudien paisaia bat ikusiko dugu; hango zorua osatzen duten buztin, igeltsu eta hareharrien higadurak forma bitxiak eta ilargiaren itxura eman dio bertako paisaiari. Ibili “plano” esaten zaion eremua inguratzen duen pistatik barna, edo kontratatu 4x4, segway, buggy edo quad bidez egiteko bisita bat. (+info)

 

Tutera

Erriberako hiriburua ezaguna da hango gastronomia aberatsagatik eta barazki gozo-gozoengatik. 802. urtean fundatu zen, eta jatorri islamikoko hiri garrantzitsuenetako bat da Espainian eta Europan. Han, 400 urtetik gora eman zituzten musulmanek, juduek eta mozarabiarrek elkarrekin bizitzen, eta mestizaje kultural handia eman zioten bertako ondareari; haren berri izanen duzu hango karrika bihurri, pasabide, harresi eta talaien artean ibiltzean. Ikusi beharrekoak dituzu katedrala  –1180. urtearen aldera eraikia meskita zahar baten gainean–,  Magdalena eliza (XII. mendea), San Adrián markesaren (XVI) eta Huarteren  (XVIII) jauregiak eta Muñoz Sola arte modernoaren museoa. (+info).

 

Paseatzea atsegin baduzu, Santa Barbara gainera igotzea da gure gomendioa; handik, hiriaren gaineko panoramika eder bat ikusten da, baita Mejanako barazkien gainetik ere; hain zuzen ere, azken horretan landatzen dira ospe handiko barazkiak.   Haren aurrean dago Monreal dorrea; XIII. mendeko zaintza-dorre hexagonal bat da, Erdi Aroko uraska gorde duena; Tuteraren gaineko bestelako ikuspegi bat eskaintzen du bere kamera ilunaren bidez.

ARRATSALDEAN

Tulebrasko monasterioa

Zisterrak emakumeentzat fundatu zuen lehen monasterioa izan zen Espainian. Hango bereizgarria: elizan, klaustroan eta abade-jauregian sumatuko duzun garbitasuna eta soiltasuna. Gainera, arte sakratuaren bilduma interesgarria duen museoa bisitatzeko aukera izanen duzu. Ba al zenekien XII. mendean eraikin zenetik etenik gabe egon direla fraideak bizitzen monasterio horretan? Gainera, han bizi diren emakume erlijiosoek etxeko pastak, artisau-eztiak eta kosmetika naturaleko produktuak ere egiten dituzte. + (+info)

Fiteroko monasterioa

Fiteroko bainuetxe historikoa dagoen herrian aurkituko duzu; hau ere monasterio zistertar bat da, 1931n monumentu nazional deklaratu zena. XII. eta XIII. mendeen artean altxatu zuten, eta mendeetan zehar errege, aita-santu, apezpiku eta jauntxoen leku kuttuna izan zen.  Txundigarria da hango abade-elizaren handitasuna, eta arketa arabiar zein Erdi Aroko kofreen bilduma garrantzitsu bat du barnealdean, baita esmalte limosinoko erlikia-ontzi gotiko eder bat ere. (info)

Egun bat Sendavivan*

Arguedasen, eta Bardearen gaineko ikuspegia eskainita, penintsula osoko familia-aisiarako parke handienetako bat dago, Sendaviva. Zure bidaia-planean aukera izanez gero, egun oso bat ematea da gure gomendioa. Bertatik bertara ezagutuko dituzu han granja-animalia autoktonoak, baina, baita ere, espezie exotikoago batzuk, hala nola tximino kaputxinoak, ostrukak, zebrak, otsoak, hartzak...   Gainera, hogeita hamar bat atrakzio dibertigarri dituzu, handi zein txikientzat, hala nola etxe sorgindua, ur-labirintoa, jaitsiera flotagailu erraldoietan, Bobsleigha edo erorketa askea. Animazio-ikuskizunen artean, ez galdu hegazti harraparien hegaldi-erakusketa. Hantxe ere izanen duzu jateko eta lo egiteko aukera. (+info)

 

Gastronomia eta erosketak

Ezin zara joan Nafarroako Erriberatik mahaiaren erreginak in situ dastatu gabe: barazki samurrak eta delikatuak, adibidez kardua, orburuak edo zainzuriak, baita haien nahasketa magikoa ere: menestra gozo-gozoa. Era berean, oso gozoak dira tokian tokiko olio-errotetan egindako olioak, eta, zer esanik ez, bertako ardo beltzak, eskualdeko upategi tradizionalenetan ondutakoak.

JARDUERAK

Baliatu zaitez aukeraz esperientzia jator eta desberdin bat bizitzeko: Errege Bardeako parke naturala ezagutzea 4x4, quad, segway edo buggy batean.  Gainera, ez dira faltako Nafarroako ondare interesgarria ezagutzeko bisita gidatuak, ezta mendi-ibilaldiak egiteko eta BTTz ibiltzeko aukera ere; haietan barna joanda, hango baratzeak eta ordokiak ezagutuko dituzu, adibidez, Tarazonicako bide berdean ibiliz gero. (+info).