Antolatu bidaia

Zinemaren Bidea

Camino de Santiago
Tematikoa
Ocho apellidos vascos Azken urteotan, Nafarroa aukeratu da nazioko edo nazioarteko mailan ospe handia izan duten pelikulak filmatzeko. Zazpigarren artearen aurpegi ezagunak ikusi ditugu gurean, hala nola Oscar saria eskuratua duten Javier Bardem, Penélope Cruz, Imanol Arias, Cameron Díaz edo Martin Sheen, edota Espainiako panoramako aktore ugari, besteak beste Carmen Maura, Hugo Silva, Mario Casas, Clara Lago, Carmen Machi, Karra Elejalde edo Dani Rovira; horiek mapan kokatu dituzte Nafarroako leku enblematikoenetako batzuk film luze horiek izandako oihartzunari esker.
Ocho apellidos vascos, Zugarramurdiko sorginak, Anacleto, agente secreto filma, Imanol Arias protagonista duena edo The Counselor filmetako ikusle asko eta asko Leitza, Zugarramurdi eta Errege Bardeara hurbildu dira besteak beste barregura, beldurra, harridura edo emozioa eragin zieten eszena haiek gogora ekartzeko. Baina hain ezagunak diren eszenatoki horiei garai batean Robin and Marian, Patton, Bihotzondoko sekretuak edo Kanpai-hotsak gauerdian bezalako film mitikoak egitean grabatu zirenak ere gehitu behar zaizkie; eta bidean diren filmen agertoki izanen direnak ere, laster grabatuko baitira , edo Zaindari ikusezina, Dolores Redondo idazleak Baztanen girotutako trilogiaren lehen nobelan oinarritutakoa.
Hona hemen gure proposamena: 23 filmen bidez Nafarroako 13 eszenatoki garrantzitsuenak ezagutzea:
 
* Ikusi film bakoitzaren trailerra maparen gainean jarriz (Internet Explorer arakatzailearen bertsio zaharretan ez da ikusten).
 

 
 
 
Zugarramurdiko leizeak: kanpotarrentzat ahoskatzen hain zaila den izeneko paraje natural ederra, halako kutsu magikoa gorde duena XVII. mendera arte sorginen akelarreak egiten zirelako bertan, baita bertako zenbait biztanleri Inkisizioak heriotza-zigor agindu zietelako ere.
 
      "Zugarramurdiko sorginak" (2012): Alex de la Iglesia zuzendariarena, sorginei buruzko komedia eszentrikoa da, eta, bertan, bi langabek, Mario Casas eta Hugo Silva aktoreek, atraku bat egin eta ihesi joaten dira, polizia atzean dutela. Horrela, Nafarroako baso sarrietan sartu eta giza haragiaz elikatzen diren emakume eroen talde batek harrapatzen ditu. Leizearen barnealdean akelarre bat egiten da. 8 Goya eskuratu zituen 2013an, eta bertako 200 estratik gora aritu ziren filmaren grabazioan. Ikusi hemen trailerra.
 
Leitza: Pirinioen inguruko herria, belardi berdez inguraturik; alde zahar txukun-txukuna du, eta baserri ederrak aurkitzen dira han-hemenka inguruko mendietan. Plazaolako bide berdeak zeharkatzen du herria.
 
     "Ocho apellidos vascos" (2013): euskal herritarraren eta andaluziarraren estereotipoen gaineko komedia. Rafa (Dani Rovira), Andaluziako jauntxo gazte bat,  finoa, gomina, Betis taldea eta emakumeak bizitzako konturik garrantzitsuentzat jotzen dituena, erabat aldatzen da euskal emakume batez maitemindu -Amaia (Clara Lago)- eta Euskadiko herri batera joaten denean; gainera, euskaldun peto-petoa izatearen itxurak egin behar izaten ditu bertan helburua lortzeko. Leitzakoak dira emakume protagonista etorkizuneko senarraren atzetik lasterka ibiltzen deneko eszenan grabatutako karrikak.  Diru gehien bildu duen filma izan da Espainiako zinemaren historian 2014. urteraino, eta 3 Goya irabazi zituen, hain zuzen ere, gizonezkoen interpretazioari, emakumezkoen interpretazioari eta errebelazio-aktoreari emandakoak. Ikusi hemen trailerra.
 
Iruña: hiri moderno bat, erosoa, Donejakue bidean dagoena eta mundu osoan ospetsuak diren sanferminen egoitza; ikusgarriak dira bertako harresiak, galtzada-harrizko karrikak eta eremu berdeak, eta gozo-gozoak bere pintxoak.
 
      "Blue lips" (2013): Errutina mantra moduko zerbait da, eta azkenean zorabiatu egin ditu munduko zenbait hiritatik Iruñeko sanferminetara etorritako sei protagonistak. Harrigarria bada ere, festetako euforiaz eta emozioz inguraturik, gogoeta egiteko gune bat aurkituko dute denek bertan, berpizteko bidea zabalduko diena. Ezpainek ardoa edatean hatzen duten tonutik heldu da izenburua. Filmean, gure festako une batzuk islatzen dira, hala nola txupinazoa bera udaletxeko plazan. Ikusi hemen trailerra.
  
     "Behin baino ez gara bizi/Zindagi Da Milegi Dobara" (2010): Kabir Dhiman, Bombayko familia on bateko gazte bat, Espainiara etorri da 2 lagunekin ezkondu aurreko agurra ospatzera, horrela hitzartu baitzuten nerabezaroan. Zenbait gorabehera izan eta gero, azkenean abenturarik arriskutsuena iritsiko da: zezen-entzierro batean parte hartzea Iruñean . Filmak Indian izandako arrakasta handiaren ondorioz, bertako turista kopurua handitu egin zen Iruñeko kaleetan. Ikusi hemen trailerra.
 
      "Ez izan beldurrik" (2010): Montxo Armendárizek zuzendutako filma da, eta emakume gazte baten drama kontatzen du; horrek -Michelle Jenner- sexu-abusuak jasan zituen haurtzaroan, eta orduz geroztik dituen beldurrak gainditu eta bere bizitza berregin nahi du orain. Filmean Iruñeko San Jose plaza ikusten da, hain zuzen ere protagonista azoka batean paseoan ari dela ezongi sentitzen den une batean. Lluis Homar eta Belén Rueda aktoreek ere parte hartzen dute. Ikusi hemen trailerra.
 
     "The Way" (2009): Tom Avery-ri (Martín Sheen) jakinarazten diote bere seme Daniel -sekula ez da ongi moldatu harekin- hil egin dela Pirinioetan ekaitz baten erdian. Nahigabeturik, Frantziara joan eta semea Donejakue bidea egiten ari zela jakin du, eta haren omenez bidea bukatu behar duela erabaki du. Ibilbidearen une batean Erreniega mendiaren irudia ageri da, eta, bertan, protagonistetako bat txantxetan hasten da monumentuko erromesen tamainaren kontura. Ikusi hemen trailerra.
 
Erriberri: Erriberriko Errege Jauregia monumentu nazional izendatu zen 1925ean, eta Nafarroako Erdialdean kokatutako hiri historiko horretako gorteak Erdi Aroan izandako une gorenaren froga da.
 
     "Los Borgia" (2006): 1492an, Rodrigo Borgia Aita Santu izendatu zuten, Alejandro VI.a izenarekin. Handinahiak eta botere-goseak munduko gailurrera eramanen dute familia, nahiz eta garesti ordaindu beharko duten. Hainbat eszena grabatu ziren Erriberriko Errege Jauregian: erreginaren aretoan, erregearen galerian, lau haizeetako dorrean. Ikusi hemen trailerra.
 
 
Errege Bardeako natur parkea: Nafarroako hegoaldean dago erdi basamortua dirudien paraje hori; UNESCOk Biosferaren erreserba izendatu zuen. Bertako buztinen, igeltsuen eta hareharrien higadurak forma harrigarriak sorrarazi ditu, ilargiko eremu bat ekartzen dutenak gogora.

    "Anacleto, agente secreto" (2015): akzioko komedia bat da, eta bertan Quim Gutiérrez semeak deskubritu egiten du hain mukerra eta isila duen aitak -Imanol Arias- nortasun bikoitza duela, agente sekretua izaki. Errege Bardeako Cortinillas aldean grabatu zen eszenetako bat: horretan, Anacletok autoa utzi behar du basamortuaren erdian, eta ipar-orratzari begira bidean jarraitu.  Ikusi hemen trailerra.
     "The Counselor" (2012): droga-trafikoari buruzko thriller bat, Penélope Cruz, Cameron Díaz, Javier Bardem, Brad Pitt eta Bruno Ganz protagonista dituena. Errege Bardean Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko muga simulatu zen. Cortinillas parajea atzealdean zela, Javier Bardemek koktel bat prestatzen du, Cameron Díazekin partekatuko duena ilunabarra hurbildu bitartean. Ikusi hemen trailerra.
 
      "El monje" (2011): Satanas (Sergi López) gazte nobizio bat usteltzen saiatzen da, Ambrosio anaia (Vincent Cassel); fraideek hartu eta hezitakoa da gaztea, norbaitek monasterio zistertar bateko atean utzi eta gero. Errege Bardearen erdian, fraidea oinutsik eta lur jota dabil, bere arima eskaintzan eman behar baitu maite duen emakumea salbatzeko. Ikusi hemen trailerra .
 
     "007: the world is not enough" (1999): Pierce Brosnan da protagonista 007 agenteak Kazakhstango base militar batean izandako abentura kitzikagarri honetan. Kasu honetan, Bardeako "Cortinas" sakaneko tximinietako bat ageri da filmean, fikziozko leherketa nuklear batean erabat suntsitzen den bunker bat izan baitzen zenbait egunez. Ikusi hemen trailerra.
 
     "Acción mutante" (1992): Alex de la Iglesia zuzendariarena da, eta Antonio Resines, Santiago Segura eta Fernando Guillén ditu protagonista; izaki desitxuratu batzuek osatutako banda terrorista baten istorioa da, eta aberatsen eta pertsona ederren kontura mendekua hartuz izua nola hedatzen duten kontatzen digu. 3 Goya eskuratu zituen, hain zuzen ere efektu berezi onenei, produkzio-zuzendaritza onenari eta makillaje zein ile-apaintze onenari emandakoak. Filmean Errege Bardearen eszenatokia agertzen da, Asturiax planeta bilakaturik; hara iristen da protagonista, bahitutako emakume bat arrastaka daramala bide bihurri eta meharretan barrena. Ikusi hemen trailerra.
 
Baztan: Pirinio atlantikoetan dago, eta magal suabeak ditu ibar berde honek, itsasotik gertu baitago. Hainbat bereizgarri topatuko ditugu lurraldean, hala nola indianoak, harri arrosakaraz egindako jauregi eta baserri sendoak, monasterioak, leize ospetsuak eta baso mitologikoak.
 
      "Baztan" (2011): Iñaki Elizalde zuzendariarena, besteak beste Unax Ugalde, Carmelo Gómez eta Joseba Apaolaza aktoreek interpretatuta. Agotek XVII. mendean Baztanen sufritutako diskriminazioaren gaineko film bat da; bazterkeria hondarreko hamar mendean gertatu da, egundaino. Film guztian zehar ibarraren paisaiak ageri dira, eta Lekaroz, Elizondo eta Arizkun ere ikusten dira; azken herri horretako Bozate auzoan bi agoten bila dabiltza, egurra ebastea leporatuta. Ikusi hemen trailerra.
 
Abodi mendia: larrez estalitako mendia, Europako pagadi-izeidi ikusgarrienetako bat den Iratiko oihana inguratzen duena. Antzinako garaietan jada egiten zen artzaintza bertan, hainbat trikuharrik erakusten duten bezala.
 
     "Biutiful" (2010): Uxbal-en (Javier Bardem) bizitzaren erretratua da; aita onbera eta seme babesgabea da, heriotza hurbil duela sumatuta bakea aurkitu, seme-alabak defendatu eta bere burua salbatu nahi duena. Fotograma de Plata bat jaso du, baita aktore onenarentzako Goya bat ere. Protagonista elurrez zuritutako Abodi mendian barna ibiltzen agertzen da hil aurretik duen amets-irudi batean. Ikusi hemen trailerra.
 
Erronkari ibarra: Pirinioetako ibar berde eta malkartsua, Frantziarekiko mugan bertan; harria eta bi isurialdeko teilatuak nagusi diren 7 herri eder daude bertan. Hainbat bereizgarri aurkituko ditugu bertan, hala nola Erronkari jatorri deiturako gazta, Almadiaren eguna, iraupen-eskia bezalako kirolak edo paisaia menderakaitzak, besteak beste Larra-Belaguakoa.
 
     "Obaba" (2005): Montxo Armendáriz da filmaren zuzendaria, eta besteak beste Juan Diego Botto, Pilar López de Ayala eta Lluis Homar dira protagonistak Obabako lurraldeetara bidaia hasten den emakume gazte baten istorio honetan. Bideokamera txiki bat eramaten du munduko errealitatea eta bertako biztanleak atzemateko. Goya bat eman zioten soinu onenarengatik. Obaba Pirinioetan dagoen irudimenezko herri bat da, Uztarroze, Otsagabia edo Erronkari bezalakoxea, eta bertako biztanleen bizimodua garatzen da herrian garai bateko tradizioei keinu eginez. Ikusi hemen trailerra.
 
Saragueta (Artzibar): Pirinioetan dagoen herrixka bat da; baserri gutxi batzuk baizik ez daude plaza baten inguruan, bai eta bi txorrotako iturri bat ere, ura inguruko iturburuetatik ekartzen duena. Orreagatik  eta Iratiko oihanetik hurbil dago, eta Artzibarren parte da.
 
     "Isiltasun hautsia" (2001): Montxo Armendáriz zuzendariarena da, eta makien gaineko maitasunezko istorio bat kontatzen digu Espainiako gerraondoko garaietan. Filmak Lucía Jiménez, Juan Diego Botto, Mercedes Sampietro eta Álvaro de Luna ditu protagonistak. Filmatzeko orduan, 200 pertsona bertaratu ziren Saragueta txikira 2 hilabetez grabazioak egiteko. Film guztian zehar Orbaitzetan eta Artzibarren grabatutako eszenak ageri dira. Saraguetako plaza, artean zoladurarik gabe, zegoen bezala islatzen da protagonista herrira heldu eta haurtzaroko lagunak topatzen dituenean. Ikusi hemen trailerra.
 
Otsagabia: Zaraitzu ibarraren iparraldean dago, Iratiko oihana ikusgarriaren ondoan; Nafarroako Pirinioetako herri ederrenetako bat da. Bertan Erdi Aroko zubi bat dago, karrika harriztatuak, eta oso ongi zaindutako etxeak Anduña ibaiaren bi aldeetan.
 
     "Bihotzondoko sekretuak"(1997): Montxo Armendáriz da film honen zuzendaria, eta Carmelo Gómez, Andoni Erburu, Charo López eta Silvia Munt aktoreak aritzen dira 9 urteko haur baten begietatik ikusita beldurraren eta ezezagunak sortutako liluraren berri ematen digu film honetan. Hainbat sari eskuratu ditu, hala nola Aingeru Urdin bat, 4 Goya eta Ondas sari bat. Otsagabian grabatutako irudiak ezagutzen dira, protagonista diren bi anaiak iritsi eta haiek gogoz ikusteko zain dagoen ama aurkitzen dutenean; Iruñean eta Uztarrozen grabatutako irudiak ere badira. Ikusi hemen trailerra.
 
Urbasa-Andia natur parkea: belardiak eta pagadi sarriak dira babestutako eremu horretako protagonistak; hegoaldeko ertza Ameskoako ibarraren gainean amiltzen da Urederra ibaiaren iturburuko behatoki natural izugarria sortuz.
 
     "Tasio" (1984): Montxo Armendáriz nafarra da zuzendaria, eta landako bizimoduaren bilakaeraren berri ematen digu Urbasa mendiko herrixka batean haurtzarotik ikatz-lanetan aritzen den mutil baten bitartez. Filmeko eszena nagusiko txondorra Ameskoako Limitaciones mendian grabatu zen. Lana ibarrean grabatu ziren filmean ageri diren beste txondor batzuk. Ikusi hemen trailerra.
 
      "Patton" (1970): George S. Patton jeneral iparamerikarraren biografia; horrek, Afrika iparraldean Rommel mariskal alemana garaitu eta gero, Europan barna mugitu zituen bere tropak. 7 Oscar irabazi zituen, baita urrezko Globo bat eta BAFTA bat ere. Urbasa-Andian grabatu ziren filmeko hainbat bataila. Ikusi hemen trailerra.
 
     "Cromwell" (1970): Ingalaterra, XVII. mendea. Oliver Cromwell ustelkeriaren eta katolizismoaren aurka borrokatzen ari da. Jantzi onenei emandako Oscar saria eskuratu zuen. Txinturte ordokian eta Limitaciones mendian grabatutako eszenak ikusten dira. Ikusi hemen trailerra.
 
Artaxoa: Nafarroako Erdialdeko herria, herria inguratzen duen gotorleku izugarriagatik nabarmentzen dena; hesia XI. mendekoa da, eta "Zerko" esaten zaio. Erdi Aroko multzo honetan zenbait dorre almenadun ikusiko ditugu, errondako bide batek lotutakoak, bai eta San Saturnino eliza-gotorlekua ere; azken hori XIII. mendeko eraikin sendo eta ikusgarria da, monumentu historiko-artistiko izendatutakoa.
 
     "Robin and Marian" (1976): gurutzatu gisa Lurralde Santuan borrokan galdutako urteengatik desengainaturik, Robin Hood (Sean Connery) eta bere lagun Little John Ingalaterrara itzuli dira. Bitartean, Marian (Audrey Hepburn) komentu batean sartu da. Ezin bestela izan, azkenean elkar aurkitu dute berriz ere, baina jada gauzak ez dira lehen bezala. Urbasa zenbait sekuentziaren atzealdea bada ere, Artaxoako zerkoan ezpataz egindako borroka bat grabatu zen; horretan, Sean Connery trebe aritzen da ezpatarekin eta Audrey Hepburnek orgako zaldiak akuilatzen ditu ihes egiten duten bitartean, Artaxoako dorre zaharrak inguruan dituztela. Ikusi hemen trailerra.
 
Aralar mendia: belardi gozoak, trikuharriak eta kolore infinitutako pagadiak, Aralarko San Migel santutegi erromanikoa buru dutenak. Gruyère gazta balitz bezala, lurpeko zuloetan hainbat altxor natural gordetzen ditu, hala nola Mendukilo leizea  edo Iribasko iturburua.
 
     "Kanpai-hotsak gauerdian" (1965): Ingalaterra. Ehun Urteetako Gerra (XIV. eta XV. mendeak). Gidoiak William Shakespeareren zenbait obra hartzen ditu inspirazio-iturri, eta Henrike IV.aren, haren semearen eta Falstaff zaldunaren arteko adiskidetasuna, traizioa eta botere-gosea jorratzen ditu; filmeko zuzendari Orson Welles bera aritu zen aktore Falstaff zaldunaren paperean. Irudiak Lesakan, Lekunberriko baserri zahar batean eta Aralar mendiko baso elurtu batean -hortik barna paseatzen agertzen da protagonista- grabatu ziren. Ikusi hemen trailerra.
[+ ikusi fitxa osoa]

Ba al zenekien...?

. Nafarroa, zinemaren lurraldea : Nafarroako Foru Komunitatea sustatzen du bertako leku deigarrienetan egindako film laburren bitartez.

. Punto de Vista Nazioarteko Jaialdia: zinema dokumentalaren jaialdi horretan mundu osoko produkzioak lehiatzen dira, bakoitzak errealitatea kaptatzeko duen modu bereziarekin, eta betiere ikuspuntu independente batetik.

. Ópera Prima Tuterako zinema jaialdia:  film luzeen lehiaketa bat, Espainiako zineman urtean zehar egindako lehen lanak ezagutarazi eta saritzen dituena.

.- Iruñako zinema jaialdia: Hezkuntzara, aisiara eta irisgarritasunera bideratutako film laburren, film luzeen eta dokumentalen nazioarteko lehiaketa; halaber, Nafarroako errealizadore gazteak ere bultzatzen dira horretan

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa