Antolatu bidaia

Errenazimentuaren bidea Nafarroako Erdialdean

Artistikoa, Historikoa, Tematikoa
Lerín Errenazimentua gure historiaren garai istilutsuenean izan zen, hau da, Nafarroako Erresuma 1512an erreinu independente gisa desagertu zenekoan. Baina aldi berean Nafarroako artearen urrezko garaia ere izan zen, egundaino iraun duten arkitektura-, eskultura- eta pintura-lanetan islatzen den bezala.

XVI. mendean altxatu ziren estilo hori hobekien islatu zuten monumentuak, eta orduan egin ziren, baita ere, arte errenazentistaren adierazpen onenak. Nafarroako Erdialdeko zenbait herritako -esaterako, Tafalla, Larraga, Lerín, Mendigorria eta Miranda-Arga- alde zaharretan, elizak, armarriak dituzten etxeak eta jauregiak daude, estilo horren ezaugarriak diren edertasuna, oreka eta simetria islatzen dituztenak. 
 
Errenazimentuaren lan nagusiak eskualdean:

Tafalla Nafarroako Erdialdearen erdigune geografikoan dago, eta karrika luze eta bihurriak ditu, bertako historiaren berri ematen dutenak. Andre Maria elizako erretaula aurkituko dugu horietan, Erromanismoaren sartzaile izan zen Juan de Anchietaren lan bat. Erretaula horretan egilearen pieza onenak ikusteko aukera dugu banku bikoitzaren eszenetan; eta horren osagarri dugu Epistolako Kristo Santu Misererea.Garrantziari dagokionez, San Pedro eliza, Erdi Arokoa, dugu bigarrena. Burualdean erretaula nagusia dago, eta horren erdiko taula Roland de Mois pintore flandestarraren lana da -Manierismoaren sartzailea izan zen artista hori-.
Arkitektura zibilari dagokionez, nabarmentzeko modukoak dira Mencos jauregia eta Mariskalena. Lehenbizikoa XVI. eta XVII. mendeen artean eraiki zen, eta beste elementu batzuen artean, Pietatearen multzo bikain bat du, XVI. mendekoa. Bestalde, Nafarroako Mariskalen Jauregiak harlanduzko fatxada du, erdi-puntuko arku handi bat duena. Dorreek begiratoki zabalak dituzte aurrealdean, zapatekin eta mainelarekin.

Mendigorria. Bertatik hurbil Andelos hiri erromatarra dago, Nafarroako multzo zainduenetako bat, bai eta Hispania erromatarrekoa ere.Eliza bikaina dago herrian, San Pedro parrokia. Barnean, burualdean, erretaula nagusi bat aurkitzen dugu, Juan de Anchietarenak bezalako modeloak eta formak dituena; Lizarran sortutako Bernabé Imberto eskultorearen lana da.

Larraga muino baten gainean dago, eta bertatik Nafarroako Erdialde ia osoa ikusten da. Juan de Villarreal arkitektoak, 1571n, bere proiektu onenetako bat egin zuen San Migel Goiaingerua elizan: burualdea eta gurutzadura. Obra horretan tradizio gotikotik aldendu zen, guztiz errenazentistak diren eskema eta apaingarriak egiteko.

Lerín. Erriberako balkoia dela esaten da, haitz baten gainean baitago. Juan de Orbarak egin zuen egungo Jasokundearen eliza, estilo errenazentistakoa. Kapera nagusia erretaula nagusi barroko bikain batek estalita badago ere, bere arkitektura XVI. mendekoa da, eta maskor dotore batek osatuta dago.

Miranda-Arga. Jasokundearen elizako koruko aulkiteria errenazentistagatik nabarmentzen da.
Garai artistiko horren zale sutsua bazara, zoaz beste monumentu errenazentista hauek ikustera, benetan merezi batute:
Arkitektura erlijiosoari dagokionez, honako hauek nabarmentzen dira: San Joan Bataiatzailea eliza, Cintruénigon; Jasokundearen eliza, Cascanten; Andre Maria eliza Vianan; Santiago eliza, Garesen; Santo Domingo eliza, Iruñean; Andre Maria eliza, Los Arcosen; eta Oibar eta Zigako elizak. Arkitektura zibilari dagokionez, Deanaren etxeko fatxada eta Almirantearen etxea nabarmentzen dira, Tuteran; San Cristóbal  Cruzaten jauregia, Lizarran; eta gaur egungo Nafarroako Museoa.
Nafarroak, gainera, eskultura errenazentistako erretaula asko ditu, esaterako Izaba, Untzu, Cintruénigo eta Burlatakoak, nahiz eta erretaula erromanista gehiago dauden, besteak beste Agoitz, Kaseda, Otsagabia edo Irunberrin.
Taulan egindako pintura zenbait erretaulatan islatzen da, adibidez, Artaxoako San Saturnino elizan,  Iruñeko Katedraleko erretauletako batean, Erriberriko Andre Maria elizan edo Cintruénigoko parrokian. Salbuespen gisa, Orizko horma-pinturak aipatzen ahal dira (egun Nafarroako museoan).
[+ ikusi fitxa osoa]

Ibilbidea: Tafalla, Larraga, Lerín, Mendigorría y Miranda de Arga.

Oharrak: Durante el mes de septiembre se ha organizado un ciclo de Conferencias denominado "El Patrimonio Cultural del Renacimiento en las localidades de la Zona Media de Navarra". Descárgate el cartel con la programación.

Ibilbidea: Tafalla, Larraga, Lerín, Mendigorría y Miranda de Arga.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da