Antolatu bidaia

Karlismoaren Bidea

Historikoa, Tematikoa
Mapa Ruta Carlismo
Ibilbideak Karlismoaren oroimen historikoa suspertu nahi du, presentzia handiko mugimendua izan baitzen XIX. mendeko Nafarroan; izan ere, aztarnak utzi zituen herri askotan, Lizarrako Karlismoaren museoan ikus daitekeen bezalaxe.

1830ean, Fernando VII.ak "Pragmática Sanción" izeneko legea atera zuen. Horren arabera, oinordetza legea indargabetu eta ebatzi zuen erregeak oinordeko gizonik ez bazuen, alabarik zaharrenarena izanen zela oinordetza. Hori dela eta, Carlos María Isidro jaun infantea oinordetzatik at gelditu zen. Hartara, Fernando VII.a hil baino lehen bi talde sortu ziren: infantearen aldeko taldea (karlistak edo tradizionalistak) eta erregearen lehen alaba Isabelengandik hurbil zegoena (isabeldarrak edo liberalak).

Alde batetik, isabeldarrek erreforma liberalak nahi zituzten, Frantziako Iraultzaren eta Industria Iraultzaren ondorioz sortu zirenak. Bestalde, karlistak ondokoen aldekoak ziren: Antzinako Erregimena, Eliza Katolikoaren pribilegioak eta eragina, eta foruak berrezartzea. Nafarroako herritar anitzek mugimendu horren alde jokatu zuten ondoko leloa ahoan zutela: Jaungoikoa, Aberria eta Erregea. Ideia horiek defendatzeko gertatu ziren zenbait gerra gogor.
  • Lehen karlistaldia (1833 - 1840): Fernando VII.a hil ondoren hasi ziren karlisten matxinadak, eta liberalen armadak zapaldu zituen pixkanaka. Gerrillen gerra izan zen hura, eta kokaleku estrategiko txikiak menderatzera mugatu zen. Lizarrako merindadean ekintza garrantzitsuak izan ziren, eta, han ere, Zumalakarregi nabarmendu zen estratega militar gisa. Zumalakarregi hil ondoren karlistak nekatu zirenez, Maroto jeneralak Esparterorekin negoziatu, eta 1839an Bergarako Hitzarmena sinatu zuen gerra hori bukatzeko.

  • Bigarren karlistaldia (1846 - 1849): Nafarroan Karlismoa bizirik zirauela garbi zegoenez, foruak defendatzera irmo atera ziren nafar anitz Karlos VI.ak horien alde borrokatzeko deia egin zuenean. Erregegaia hil ondoren karlismoa zatitu zen , Juan III.a, Karlos V.aren semea, liberala zelako. Beraz, karlista anitz moderatuen alderdian sartu, eta beste batzuek talde neokatoliko bat sortu zuten.

  • Hirugarren karlistaldia (1872 - 1876): Karlos VII.arekin karlismoak bultzada berritzailea hartu zuen. Gizon aktiboa eta ausarta zen hura, eta egoera berrian oso ongi moldatzen zen. Garaian ez zegoen Antzinako Erregimenaren aldeko inor, hala ere, erlijioaren defentsa eta foruen aldarrikapena ziren bere programaren oinarri sendoak. 1875. urtearen bukaeran Nafarroako karlisten egoera jasanezina zen. Ia baliabiderik ez zutenez, Iruñeko San Kristobal mendiko gotorlekua galdu zuten. 1876an, Martínez Camposek Lizarra, karlisten hiriburua, menderatu zuen. Hala ere, itxaropenik ez zegoen arren, karlistek aurka egin zuten azken unera arte. Azkenik, karlisten tropek atzera egin eta muga zeharkatu zuten.
    Karlismoaren Ibilbidearen helburua da bisitariari erakustea XIX. mendean liberalen eta karlisten artean izan ziren gatazken eta topaketen lekuak. Han konspirazioak, negoziazioak eta entrenamendu militarrak egin ziren.

  • Karlismoaren leku nagusiak Nafarroan:
  • Lizarra karlismoaren hiriburua eta kokaleku militar garrantzitsua izan zen hainbat urtetan. Lehen karlistaldian gortea jarri zen han, eta hirugarrenean hiria hartzea izan zen bi alderdien lehentasunezko helburua. Kale horietan desfilatu zuten karlisten jarraitzaileek, baita erregegaiek berberek ere: Karlos V.ak eta Karlos VII.ak.
    - Los Llanos, karlistak entrenatzeko gunea: armada karlistak gelditzeko aukeratzen zuen ohiko lekua zen hura, entrenamenduak egiten zituelako han. Han ere Tomas de Zumalakarregi Nafarroako komandante orokor izendatu zuten 1833an.
    - Santa Klara komentua: karlistek handik bonbardatu zituzten liberalak 1873ko abuztuan San Frantzisko komentuan babestu zirenean.
    - San Frantzisko komentua: 1873ko abuztuaren 18a eta 24a bitartean egungo udaletxea erabili zuten hiria defendatzeko gotorleku gisa.
    - Puy: Marotok agindu zuen Bergarako Hitzarmenaren (1839) aurka zeuden jeneral karlistak Puyn fusilatzeko.
  • Iratxe monasterioa Ayegin: karlismoaren ospitale nagusiaren egoitza izan zen. Bi alderdiek han hitzartu zuten gatazketan tratu bihozberagoa eskaintzea elkarri.
  • Jurramendi: mendi malkartsu horretan Jurramendiko bataila ospetsua izan zen, Moriones jeneralaren tropa errepublikanoen eta Ollo brigadierra buru zuten karlisten artekoa. Euripeko borroka gogorretan hiru egun eman ondoren. Leku horretan erromeria bat egiten da maiatzean, karlistek Nafarroako amen omenez antolatua.
  • Elizondo: mugan dagoenez, ezinbesteko pasabidea izan zen tropak sartzeko eta ateratzeko. Gainera, karlistak han babestu ziren haien atzetik liberalak zebiltzanean. 1834ko uztailaren 10ean Elizondo izan zen tronu karlisten erregegai Karlos V.aren eta Tomas de Zumalakarregiren arteko topaketaren lekukoa. Jeneral horrek zuzendu zituen karlistak lehen gatazkaren zati handienean.
  • Lakar. Alfonso XII.a preso hartua izateko arriskuan egon zen han: 1875eko otsailaren 3an liberalen tropak aitzinatu ziren Lizarrarantz. Alfonso XII.a erregea atzealdean zebilen. Hala ere, infernu huts bihurtu zen azken konkista egin aurretik Lakarren egin zuten atsedenaldia, karlistek bat-bateko erasoaldia egin zutelako. Borroka hartan preso hartua izateko zorian egon zen erregea.
  • Altsasu bataila anitzen lekuko izan zen, Sakanako eta Burundako eskualdea, esparru estrategikoa ez ezik, Iruñerako eta Lizarrarako pasabide ere bazelako. 1834ko apirilaren 22an, Zumalakarregi buru zuten karlisten eta Quesadaren liberalen arteko lehenbiziko ekintzetariko bat izan zen Altsasun. Liberalak galtzaile atera ziren handik.
  • Gares: bertatik igaro ziren Iruñea konkistatzerakoan, eta, beraz, bataila asko egin ziren bertan. Liberalek mendean zuten herria, 1835ean karlistak setioa egiten hasi zirenean. Liberalak, inguratuta, setiotik atera eta herria kanoikatzen ari ziren karlistak hil zituzten ustekabean harrapatuta; horren ondorioz, karlistek atzera egin behar izan zuten.
  • Abartzuza: 1834an, liberalen eta karlisten arteko bataila bat egin zen bertan. Santa Barbara ermita liskar bateko lekukoa izan zen; armada liberala suertatu zen garaile orduan.
  • Bera: 1872ko maiatzaren 2an, errege izan nahi zuen Karlos VII.a hirugarren karlistaldiaren hasierako urratsen buru izan zen. Egun hartan Beran sartu zen, eta handik aldarrikapenak egin zizkien armadari eta nazioari. Bertan bildutako karlistek gogo beroz hartu zituzten aldarriak; gainera, elizan kanpainak jo eta Te Deum bat ere egin zen.
  • Zugarramurdi: 1873ko uztailaren 16an, bigarren aldiz sartu zen Espainian Karlos VII.a, herrian barna igarota. Karmen ama birjinaren eguna izanik, mezara joan eta zenbait ordu eman zituen herrian, eta Arxuria mendira ere igo zen.
  • Etxalar: 1876ko otsailaren 19an, hirugarren karlistaldiko azken batailetako bat gertatu zen Etxalarko usategietan. Borrokan zazpi orduz aritu eta gero, karlistek atzera egin eta liberalek hartu zuten Bera.
  • Orokieta/Erbiti: 1872ko maiatzaren 4an, liberalek eraso egin zieten tropa karlistei Orokietan. Karlos VII.a zegoen haiekin, eta apezaren etxean babestua bazegoen ere, azkenean ihes egin behar izan zuen harrapa ez zezaten. Hantxe esku hartu zuen Gurutze Gorriak lehenbiziko aldiz Espainian, bertan fundatzaileetako bat zegoela, Nicasio Landa iruinxemea.
  • Etxauri: 1873ko uztailaren 23an, hirugarren karlistaldia abian zen jada. Karlos VII.ak kontseilu militar bat egin zuen Etxaurin, bere jeneralekin. Han, Ibero herriari egin behar zioten erasoa antolatu zuten, eta, izan ere, hura izan zen kanpaina hartan hartutako lehenbiziko herria.
  • Mendigorria: 1835eko uztailean, karlistak, Gares hartzeko saialdian huts eginda, Mendigorria setiatzen ahalegindu ziren.  Bataila handi bat izan eta gero, liberalak karlistei gailendu zitzaizkien.
  • Arroitz: 1834ko martxoaren 6an, Arroizko borrokak gertatu ziren. Borrokaldi gogorrak izanik, hildako ugari izan ziren bi alderdietan.
  • [+ ikusi fitxa osoa]

    Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da