Antolatu bidaia

Sorginkeriaren ibilbidea

Camino de Santiago
Etnografikoa, Tematikoa
Mapa Ruta Brujería
XVI. eta XVII. mendeetako Nafarroako gizarteak hainbat ezaugarri izan zituen: kulturari eta politikari dagokienez, desberdintasunak egon ziren; mitoetan eta kondairetan sinisten zuten; eta naturaren boterea erabiliz gaixotasunak sendatzeko antzinako emakumeek jakinduria zuten. Alderdi horiek ahalbidetu zuten herritarren artean ustezko sorginak salatzea. Salaketa gehienak funtsik gabeak izan ziren arren, Erdi Aroko historiak Nafarroari lotu dizkio sorginak, akelarreak, edabeak, konjuruak eta jazarpenak.

Inkisizioak esku hartu zuen Nafarroako 60 herritan baino gehiagotan. Herri gehienak mendialdekoak ziren, sorginenganako sineskerien erdigunekoak, hain zuzen. Eskualde hori bakartuta egoteak bultzatu zituen deabrua gurtzeari eta sendabide naturalei buruzko teoriak, garaiko dokumentuek jasotzen duten arabera. Hala ere, irudimen gaiztoak garaiko petrikilo xumeei egotzi zien hegan egiteko edo deabruarekin harremanetan sartzeko boterea. Fantasia hutsa zen hura, esparru bakartuek eta sarbide gaiztoko oihanek piztua, han sendalariek belarrak biltzen baitzituzten.

Nafarroako sorginkeriaren mapak lerro bat marrazten du Zangozatik eta Irunberritik Ameskoaraino (Lizarrako iparraldean). Halaber, Viana eta Bargota aldean gune bakarturen bat gelditzen da. Sorginkeriaren ibilbideak lau bide ditu, fenomeno horren agertoki nagusiak modu logikoan ezagutzeko antolatuak. Betidanik misterio-fama izan duten leku eder-eder horiek gonbidatzen dute bisitaria obskurantismoaren mundu misteriotsura joateko, eta, aldi berean, aukera eskaintzen dute gastronomia ohituren zaporea gozatzeko eta haien mamia iraunarazi duen ingurune baten jatortasuna bizitzeko.

Sorginkeriaren ibilbidea:
  • 1. ibilbidea. Ustezko sorginen lehen jazarpenak Nafarroan: Erronkari eta Zaraitzu ibarrak eta Orreagako aldea (Auritz, Orreaga, Otsagabia, Burgi eta Bidankoze)

  • 2. ibilbidea. Muga, sineskeria eta sorginkeria: Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Bertizarana, Bortziriak (Zugarramurdi, Urdazubi, Arraioz, Bera eta Doneztebe)

  • 3. ibilbidea. Mendiak eta leize-zuloak, mitologiaren eta sorginkeriaren artean: Anozibar, Larraun eta Araitz ibarrak, Leitzaran (Anozibar, Alli, Areso, Intza eta Olague)

  • 4. ibilbidea. Aztiak Estellerrian: Estellerria (Bargota eta Viana)



1. ibilbidea: Erronkari eta Zaraitzu ibarrak, eta Orreagako aldea. Sorgintzak han jaso zuen jazarpen antzinakoena. Dokumentuen arabera, 1329an sarekada handia izan zen. Eskualde horren barnako ibilbidea da.
    Auritz: XVI. mendean, Balanza lizentziadunak, "Nafarroako Torquemadak", eskualde horretan eman zion segida zenbait urte lehenago Erronkarin eta Zaraitzun hasi zuen ikerketari. Izandako epaiketaren ondorioz, 5 azti erre ziren herriko plazan. San Nikolas elizan bertan, "sambenitoak" zintzilikatu ziren, ospe txarraren ikurrak, alegia.
    Kanpoaldean, Orreagara heldu baino lehen, Sorginaritzaga basoa (sorginen hariztia) dago, XVI. mendean akelarre ospetsuak egiteko aukeratzen zuten lekua, hain zuzen. Hori dela eta, jazarpenak izan ziren, eta bederatzi persona erre zituzten sutan. Gainera, lekua garbitzeko, Gurutze Zuria eraiki zen, Elizak erabiltzen zuen ikur bat, Jaungoikoaren babesa irudikatzen zuena.

    Orreaga: errituei eta aztien magiari loturiko beste baso bat dugu han: Basajaunberro. Izenak ohore egiten dio Basajauni, euskal mitologiako legendako pertsonaia ospetsuari. Ibilbide eder batek eramanen gaitu baso itxietan barna, nondik nora goazen Basajaun zelatan ari den bitartetan.
    Gainera, beste gertakizun bat izan zen Kolegiatan. Hango kalonjeek defendatu zituzten Aurizko herritarrak, 1575ean hainbat kontu leporatu zizkietelako. Kalonjeei esker libre utzi zituzten gehienak.

    Otsagabia: herriko alkateari berari leporatu zioten lagun aztiekin bildu izana. Muskilda aldea. Sorginen aurkako susmoak eta jazarpenak gertatu ziren, eta, azkenik, 1539an epaiketak izan ziren Otsagabian. Ibarreko alkatea ere auzipetu zuten horietan. Lekukoen arabera, Muskilda baseliza dagoen esparruan biltzen zen hura Otsagabiako, Jaurrietako eta beste herri batzuetako sorginekin. Akelarreak eta gaueko dantzak egiteaz gainera, araoak eta sorginkeriak prestatzen omen zituzten elkarrekin.

    Burgi: XVI. mendean sorginen aurkako auzi luze bat izan zen han. Sorginkeria eta aztikeria leporatu zizkioten gizon bati eta hiru emakumeri, bere adinari zegokion inozotasunez jokatzen ez zuten neska batzuen testigantzei jarraikiz. Ibai ondoko idoian izaten omen ziren deabruari deitzeko asmoz gauean egiten zituzten bilerak.

    Bidankoze: urtero, herriak magia ukitu batekin hasten ditu zaindariaren abuztuko festak. Ibarreko sorginen tradizioaren omenez, Sorginaren jaitsiera egiten dute. Jai giroan eginiko akelarre baten misterioa bizitzeko aukera ona da hori

2. ibilbidea: Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Bertizarana, Bortziriak. Sorginak, inkisidoreak, suak, edabeak eta magia. Historiak markaturiko ibilbidea da hori.>

    Zugarramurdi: nazioartean sorgintzari loturik agertzen da herria, "sorgin-ehizarik" handiena izan baitzen han. Herriko leize-zuloa, Sorginen Leizea izenez ezaguna, eta Berroskoberro larrea lekuko mutuak izan ziren deabruak egindako mezetan eta sakrilegio-ekintzetan. Hain zuzen, jarduera horiek bukatzen ziren deabrua bere fededunekin egiten zuen haragizko elkartzearekin. Leporatze etengabeen ondorioz, Valle-Alvarado inkisidoreak 40 herritar susmagarri eraman zituen Logroñora. Epaiketa 1610eko azaroaren 7an eta 8an egin zen. Ustezko zazpi azti kondenatu zituzten sutan hiltzera, eta hilik zeuden beste 5en irudiak erre zituzten. Herrian inauguratu den Sorginen museoak fantasiazko mundu horri ireki dio atea.

    Urdazubi: antzinako monasterioak eginkizun garrantzitsua izan zuen sorginen gertaeretan. Herritarrek eta kanpotarrek hango elizara jotzen zuten aholku eta laguntza espiritual bila. Gainera, monasterioan hasi ziren Valle-Alvarado eta Salazar inkisidoreen ikerketak, Logroñoko 1610eko autofede ankerrarekin bukatu zirenak. Hain zuzen ere, garai hartan Leon de Aranibar anaiak gobernatzen zuen monasterioa. Zirikatzaile gupidagabea izan zen hura, sorginkeriengatik egindako salaketetan bete-betean sinisten baitzuen.

    Arraioz: herria ez zen sorginkeria salaketetatik onik atera. Izan ere, 1612an goreneko unera heldu ziren horiek, herriko familien arteko liskarrek eta etsaitasunek bultzaturik. Salaturiko emakumeak herriko Erdi Aroko Jauregizar eta Jauregizubiri (Zubiria dorretxea) dorretxe zaharretan sartu eta agintari zibilek torturatu zituzten. Handik mende batera, Logroñoko inkisizioak ediktu bat aldarrikatu zuen, herri horietan oraindik ere egiten omen ziren erritu horiek eskumiku zigorrarekin kondenatzeko.

    Bera: XVII. mendearen hasierako sermoiek sorginkeria zurrumurruak bultzatzen zituztenez, fenomenoa barreiatu zen Bortziriak, Baztan eta Bertizaranako herri guztietan. Berako parrokoa izan zen sermolari oldarkorrenetariko bat. Hango emakumeek eta haurrek egindako aitorpen anitzek balio izan zuten, herrietako akelarreetan ustez parte hartzen zuten Bidasoa aldeko herritar ugari auzipetzeko.

    Doneztebe: sorgintzari buruzko lehen lekukoak Malerreka ibarrean izan ziren, 1328an. Hala ere, sorgintzaren aurkako epaiketak XVI. mendetik aurrera egin ziren herri horietan. Iturengo Maria izan zen Mendaur mendian —eskualdeko altuena— egin ziren gaueko topaketen burua. Bata bestearen atzetik, akelarreak egin ez ezik, belarrez eta apoz egindako ukenduak prestatu ere egiten omen zen han. Kaperak edo gurutzeak eraiki ziren erritu magikoak egiteko erabiltzen ziren leku madarikatuak arazteko xedez. Oraino ere, Mendaur mendiaren kaskoan dagoen Trinitate baseliza dugu gaur egun. Bestalde, aipatzekoa da Doneztebeko San Migel, santuaren izenpetze jaian bedeinkatua eta inauguratua, 1611n, herrian Salazar inkisidoreak egin zuen bisitan.
 
3. ibilbidea: Anozibar, Larraun eta Araitz ibarrak, Leitzaran. Nafarroako ipar-mendebaldean barnako ibilbidea da. Han, beldurrak eta sorginen aurkako jazarpenak piztu zituzten mendeetako mitologia sinismenek eta mendi bazterretan egindako antzinako erlijio jarduerek.
 
    Anozibar:  1575ean, Odieta ibarreko herri txiki horretan egin zen Nafarroan izandako sorginen aurkako epaiketarik lazgarrienetariko bat. Dirudienez, Anozibarko Mari Juana ("Sandua" goitizena), auziperatu nagusia, epileptikoa zen. Egun kontu jakina da deabrutze-kasuekin lotzen zutela aspalditik gaixotasun hori. Beraz, umetan, gurasoek hainbat elizatara eraman zuten Mari Juana exorzismoak egitera. Hala ere, nahiz eta balizko harreman horiei uko egin eta anitzetan fedea adierazi zuen, ezin izan zen akusatzaileen grinatik salbatu. Akusatzaile horien artean bere iloba eta elizako abadea bera zeuden. Azkenik, sutan erre zuten.

    Anue: Mari Juanaren balizko gaiztakeriak Ultzama eta Anuera, ibar mugakideetara, zabaldu omen ziren. Akusatu ugarien artean, izen berezia dute Lizasoko bastagileak eta Olagueko ostalariak. 5 urteko haur bat izan zen salaketen lekuko nagusia. Iruñerantz ahuntzen gainean hegalean ikusi zituela ziurtatu zuen haurrak. Han Beeltzebub gurtzeko egiten omen zuten bidaia.

    Alli: Aralar mendia eta ingurunea antzinako sinismenei eta behinolako errituei loturik daude. Bazter batzuetan ohitura horiek bizirik iraun zutenez, sorginen aurkako jazarpenak gertatu ziren, ezezagunak izateagatik deabruarekin egindako kultu erlijiogabeak zirelakoan. Alliko leize-zuloa, Beeltzebubena deitua, izan omen zen Larraun eta Araitz ibarretako herritarren biltokia. Hilobitik ateratako izakien hezurren argitan, sorginkeriak eta deabruarekiko saioak egin omen zituzten. Hori guztia garbitzeko, Andueza jaunak Gurutze Santua izen hartu zuen baseliza eraikizarazi zuen, leize-zuloaren sarreratik hurbil.

    Intza: herritik hurbil Urritzola larrea dago, eta hara, hain zuzen, heltzen ziren ukendu magikoekin gorputza igurtzirik araoa jasoa zuten deabrutuak. Dantzak eta akelarreak ziren, Goyak margotua bezalakoak, eta horien burua zen bi adar zituen gizon bat, gau betean eta aire zabalean agerten zena. Deskribatutako eszenak bereziki likitsak ziren, hala ere, ankertasun handienak zeuden mendiaren eta larrearen seme-alabak ziren XVI. mendeko herritar horien burutazioetan...

    Areso: lekukoek esan zuten aztiak Aresoko Uli mendiko leize-zuloan biltzen zirela. Lizartzatik Ezkurrara zihoan errege bidetik hurbil dagoen leize horren ondoan Gurutze Santua baseliza dago, garai horretan eraikia. Beste leku anitzetan bezala, han berretsi zen Elizak zuen aspaldiko irrika, lehenago fedegabeko errituak edo deabrukeriak egiteko erabili omen ziren lekuak Jaungoikoari sagaratzekoa.
 
4. ibilbidea: Estellerria. Logroñon Ofizio Santuaren Auzitegiak zuen egoitzatik hurbil, Gaztelarekin mugakide den esparru horrek bildu ditu Nafarroako leku iparraldekoenetan gertatu ziren sorgintza kasuak.
 
    Viana: sorgintzaren jatorria eta judaismoa nahasirik daude han. Herrian gorantz zihoan juduen komunitatea biziki gorrotatu zuten bertako herritarrek, juduek ohitura bereziak eta negozio arrakastatsuak zituztelako. Juduei ere leporatzen zizkieten kristauek pairatzen zituzten zoritxar guztiak. Hango herritarren irudiko, horiek guztiak ziren juduen eta aztien gaiztakerien eta egiten zituzten pozoien ondorioak. Izan ere, pozoi horiek egiteko ume kristauen odola eta bihotza behar omen zituzten... Hain zuzen ere, Salobreko larrean (Las Cañas aintzira) eskualde osoko aztiek egiten omen zituzten akelarreak. Jakina, horietara joaten ziren Bargotako aztia eta hango akelarreko erregina, Vianako neska itsu bat, "Endregotoko itsua" esaten ziotena.

    Bargota: Nafarroako sorgintzari pertsonaia ospetsuenetariko bat eman dio herriak: Johanes aztia (XV.-XVII. m.). Salamancan eliza-ikasketak egin eta sorgintzan hasi omen zen. Bargotara itzulirik, apaiz aritu zen Santa Maria elizan, eta han ere azti-jarduerak egin omen zituen. Hala ere, bere jakinduria ez zuen kalte egiteko sekula erabili. Herritarren irudimenaren arabera, nahi zuenean burua kendu edo hodeietan barna ibiltzen ahal omen zen... 1599an, Ofizio Santuaren aurrean salatu zuten, magia eta aztikeriak egiteagatik. Hala ere, sambenito arin bat eramatera eta penitentziako otoitz batzuk egitera kondenatu zuten, besterik ez. Zigorra bete ondoren, apaiz jarraitu zuen hil arte. Dirudienez, Johanes aztiak oso babesle berezia zuen, anonimatutik babesten zuena. Dirudienez, gorteko goi mailako pertsonaia zen hura, aztiaren laguntza inoiz jaso zuena. Urtero, uztailean, sorgintzaren hiriburu bihurtzen da Bargota, eta astebetez gariari loturiko jarduera ugari egiten dira han.

[+ ikusi fitxa osoa]

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da