Antolatu bidaia

Lezaungo San Pedro eliza

Elizak eta baselizak

Meteorologia


Lizarrako iparraldean, herritik 17 kilometrora, Urbasa-Andia natur parkean bertan eta basoz zein larrez inguraturik, Lezaun herria dago, Nafarroako garaienetako bat. Herri txiki bat da, Deierriko antzinako kontzejua, 1952. urtetik bere udala duena.
Herriaren erdialdean, eskola publikoaren ondoan eta herriko etxeen gainetik, Lezaungo San Pedro eliza dago. Herriko etxeak karrika mehar eta aldapatsuetan metatzen dira, eta haietako askok armarriak eta zurezko teilatu-hegalak dituzte, esaterako, Azpilikueta familiaren etxeak; San Frantzisko Xabierkoaren familia zuzena da, eta diotenez, herrira etortzen zen batzuetan bisita egitera. Herriko parrokia xarmagarri hori XII. mendean eraiki zen, erromaniko berantiar estiloan. XVI. mendean, eraikin gotiko berria eraiki zuten, handiagoa, erromanikoa bere baitan hartu zuena. Dena dela, Erdi Aroko egitura ongi ikusten da oraindik kaperan eta gaur egungo elizako aretoetan.
Jatorrizko tenpluko dorre prismatikoa dago oraindik -harlanduxkoa-, XII. mendekoa; orduko pontea eta portada ere gordetzen dira, azken hori soila diseinuan baina balio handiko kapitel historiatuak dituena. Horietan haurtzaroaren zikloak irudikatzen dira, eta Ama Birjina protagonista da haietan guztietan. Honako hauek ageri dira, naturaltasun handiz: Deikundea eta San Josek aingeruarekin izandako ametsa -aingeruak berria ematen dio Ama Birjinari San Jose erdi lotan dagoela-; Ikustaldia eta Ama Birjina eta Santa Isabel besarkada batean; eta Jaiotza, Ama Birjina etzanda eta haurra ganbelan dagoela.
Behin tenpluaren barnean, bila itzazu bertako altxor bitxienak: San Pedro eta giltzak dituen giltzarri bat; beste bat "1571" data duena, orduan bukatu baitzen nabe gotikoa; musikari batzuk; Santa Barbararen taila, XVII. mendeko ermita batetik etorria, kristalezko begiak dituena; Kandelerioko Ama Birjinaren figura errenazentista, XVI. mendekoa, eskuan duen kandelari esker ezagutuko duzuna; San Pedro eta San Migel deabruaren aurkako borrokan Lehen Barrokoko erretaula nagusian -XVII. mendea-.
Eliza hori ezagutzeko modurik onena da bisita gidatu bat egitea; Lezaungo historia eta bertako armarridun etxeak ezagutuko dituzu horrela, eta, zapore onez bukatzeko, pintxo eta ardo goxo bana hartuko duzue.

Kokapena

PREZIOAK

Oharrak:gratuito.

Ordutegi, data eta prezio orientagarriak. Entitate arduradunarekin baieztatzea aholkatzen da

Informazio praktikoa